Narrazioak

Irudiak: Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Luma berrien eleak 10.zenb.
Luma berrien eleak 10Zenb.
Irudiak:Kristina Fernandez
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
luma7_16  
Lanpostu berria 

Giza-Baliabideetarako arduradunak eraikineko bosgarren solairuko korridore zabal, luze eta dotoreetatik lagundu dio. Bat-batean, ate baten aurrean gelditu, zabaldu eta honela esan dio:

- Hauxe izango da zure bulegoa.

Hori esanda, atea itxi eta hor barruan utzi du Mirari, aho zabalik eta ikusten duena sinistu ezinik. Ia bere etxe osoa baino handiagoa da bulegoa. Dekorazioa minimalista da baina oso funtzionala: mahai zabala, besaulki ergonomiko bat, beste besaulki bat mahaiaren beste aldean. Mahaiaren gainean ordenagailu portatil moderno bat. Ezkerrean, beste mahi borobil bat, aulkiz inguratuta, bileretarako agian…. Eskuinean, armairuak, fitxeroak… Ate hau? Komuna! Ezin du sinistu. Mahaiaren atzean dagoen leiho handira hurbildu da eta handik Bilboko Gran Via kale zaratatsua ikus dezake bere zabaltasunean. Mahaian eseri da alde horretan, alegia, nagusiaren aldean zer sentitzen den jakiteko. Bera, orain arte, beti esertzen zen –eta beldurrez, gainera– mahaiaren aurreko eserlekuan, nagusiek deitzen ziotenean espediente baten berri emateko. Orain berak izango ditu idazkaria eta espedienteak prestatzeko laguntzaileak. Nork esango ziokeen urte batzuk lehenago!

Hamar urte pasatu dira entzute handiko abokatu-bulego horretan sartu zenetik. Ilusio handiz sartu zen, bertan lanpostu bat lortzeagatik zorte handia izan zuela pentsatuz. Hala ere, berehala itzali zitzaion ilusioa. Bere lana epaitegietan aurkeztu beharreko kasuen espedienteak goitik behera aztertzean eta prestatzean zetzan, gero, abokatu famatuek auzietan defenditzeko. Beraz, sagu-lana egin behar izaten zuen, nahiz eta bere promozioko notarik onenak atera eta bi master egin atzerrian. Oso urte gogorrak pasatu ditu entzute handiko abokatu- bulego horretan. Lanak ez du beldurtzen baina abokatu handiuste horien jarrerak bai. Despota hutsak dira, langileak esklabo balira bezala tratatzen dituzte. 

Duela pare bat urte alde egitea erabaki zuen. Senarrak ere horretara animatzen zuen, emaztearentzat egoera jasanezina zela ikusten zuelako. Dena den, ezin izan zuen. Baja boluntarioa eskatzeko zegoen egunaren bezperan, inoiz ahaztuko ez duen telefono-dei bat jaso zuen. Telefonoaren bestaldeko ahotsak jakinarazi zion senarrak auto-istripu bat izan zuela lanetik etxerako bidean eta oso larri eraman behar izan zutela ospitalera. Hara heldu zenerako hilda zegoen. Ez zuen astirik izan, ezta azken agurra emateko ere. 

Bi urte hauek oso gogorrak egin zaizkio: alde batetik, bi seme-alabak aurrera atera behar izan ditu berak bakarrik eta, bestetik, lan nazkagarri hori uzteko erabakia erabat baztertu eta, arazoak gorabehera, ditxosozko abokatu-bulego horretan jarraitu behar izan du. Gainera, ordu gehiago sartu behar izan ditu gastu guztiei aurre egin ahal izateko. Guzti horren ondorioa izan da lanean lehen baino okerrago pasatzea, seme-alabekin disfrutatzeko ia astirik ez izatea eta oso bakarrik sentitzea. Zein zaila egiten zaion ohetik egunero jaikitzea Jon inoiz ez duela berriro ikusiko jakinda! Bere irribarrea, alaitasuna, aldarte ona… Bere presentzia, bere laztanak, bere musuak… Bi urte pasa arren, ez da ohitu bera gabe bizitzen. Ez du norekin konpartitu eguneroko kezkak, pozak, seme-alaben txikikeriak,.


Dena den, badirudi tunelaren artean amaieran beti argia dagoela eta orain une hau disfrutatzea tokatzen zaiola. Hainbeste ahalegin egin ondoren, hainbeste sufrimendu jasan ondoren, erosotasunez eta lasaitasunez aurrera jarraitzeko unea heldu zaiola ematen du. Izan ere, duela hiru hilabete, abokatu-bulegoaren ardura nagusiaren semeak hartu zuenetik, gauzak erabat aldatu dira: giroa atseginagoa da, jendea ez dago hain erreta, nagusi berria ez da besteak bezain tiranoa. Horretaz gain, hainbeste urte lanean bertan eramateagatik eta duen curriculumagatik, berari bulegoko bazkide izatea proposatu dio nagusi berriak oso baldintza onetan.

Pozez zoratzen dago Mirari…. Sinistu ezinik 

- Nagusiak bere bulegoan ikusi nahi zaitu.

Idazkariak atera du Mirari pentsamendu horietatik. Irribarrez altxatu da aulki ergonomiko modernotik, traje berriko gona lisatu eta nagusiaren bulegorantz abiatu da bosgarren solairuko korridore dotoreetatik barrena, bere takoidun oinetako berrien zarata entzuten. Bulego barruan sartu denean, hodei batean sentitzen da, seme-alabei hainbestetan irakurri dizkien ipuin horietako printzesa… Horregatik ez da konturatu nagusi jator berriak giltzaz itxi duela atea eta praketako poltsikoan sartu duela.

- Beno, Mirari, eseri lasai. Hitz egin behar dugu, lan berriaren truke, ordaindu behar duzun prezioaz…

BABESLEAK

Laguntzaileak:

  orkli