<<Lagun>> ona
Amonaren baserriko sukaldean jolasean aritu da. Lantokitik iritsi berri den osabak, beti bezala, mingaina katuak jan ote dion galdetu dio eta bera gorritu egin da. Izebak, umea bakean uzteko esan dio senarrari, txikia dela eta izango duela astia hitz egiteko. Osabak berriz, gogor egin behar zaiola, ama bezain oilo bustia aterako dela bestela. Masailtxo leun eta gorrituen gaineko begi urtsuek kristalezkoak dirudite.
Kanpoan giro ederra dagoela eta, loresorta polit bat osatzeko eskatu dio amonak txikiari. Salbazioa ikusita, salto batean zutitu da neska-koskorra eta sukaldeko atea zeharkatzearekin batera utzi die malkoei bidea egiten. Mandiotik entzuten ditu izeba eta osabaren elkarrenganako kexuak. Atarian, azkenik, isiltasuna: txoriak eta zuhaitzak dantzan, besterik ez.
Soinekoaren besoarekin lehortu ditu malko eta mukiak. Zikindu egin du. Ez du arropa zikindu behar: osaba haserretu egingo da. Lagunen ur-ontzian sartu du mahuka, baita igurtzi ere. Berehala azaldu da arratoi-zakurra mandioko itzalen artetik; nagiak atera eta aharrausi luzea egin ondoren bere ontzitik edan du, patxadaz.
Neskatila lore bila abiatu da Lagun atzetik jarraika duela. Badaki lore mordoa dagoela beheko baratzearen ondoko zelaian. Amona oso pozik jarriko da: sekulako sorta osatuko du. Eta izebak uretan jarriko du! Lehendabizi horiak... ondoren moreak... gero zuriak... Dagoeneko badu nahiko lan bildutako guztiei eskutxoen artean eusteko. Hala ere, politenak etxe-atariko arrosak dira. Bat hartuko du. Baina ai! Arantza sartu zaio behatzean! Odol tanta batzuk ageri dira eta malkoak berriz ere begietatik zintzilik. Behatza zupatu eta lore sorta lurrean utzi du. Ez da amonarengana joango sendatzera; osaba haserretu egingo da.
Lurrean utzitako lore sortaren ondoan eseri da behatza ahoan duela. Lagunek belarriak tente begiratzen dio. Neskatila burua laztantzen hasi zaio “Pintto Pintto” murmurikatzen duen bitartean. Behatzarekin ezezkoa egin dio muturraren aurrean. Jarraian begi bat estali dio eta aurreko hanketatik heldu dio elkarrekin jolasteko. «Oso ondooo!» Txalo-txalo egin dute biek amaieran. Umeak badaki zakur bizkorrek botatako makila bueltan ekartzen dutela. Zutitu eta aranondoaren adaxka bat jaurti du indar guztiz. Animaliak, ordea, zirkinik ere ez. Lagun ez da, nonbait, oso zakur bizkorra.
Dagoeneko lore politenak eragindako mina ahaztuta, neskatila aspertzen hasia da. Zakurraren ondoan eseri da berriro, eta lurra, bat-batean, oso biguna da. Lore sortaren gainean eseri da!
–Tonto, tonto, tonto!!! Zure kulpagatik! –oihukatu dio Laguni.
Honek ere negar antzeko bat egin du ostikada hartzearekin batera. Isatsa hankartean ezkutatuta eta belarriak jaitsita begiratzen dio orain lehentxeago jolas-lagun zuenari. Burua are gehiago makurtzeko erreflexua izan du umeak besoak gurutzatu eta hasperen egin duenean. Neskatoa Laguni bizkarra eman eta lore sorta konpondu nahian hasi da etsipenez. Baina berehala ikusi du ez dagoela hain gaizki ere; lore batzuk kenduta ez da nabarituko. Eskerrak!
Eskutxoak gerrian jarrita jiratu da berriz ere zakurrarengana. Jadanik bekozkoa argitu zaio ordea, eta segituan eseri zaio aldamenean. Lagunek atzera pauso pare bat eman ditu isatsa astinduz, begiak erne eta belarriak tente. Neskatxoa burua laztantzen hasi zaionean isatsaren mugimendua azkartu du. Bera ere eseri eta eskuak miazkatu dizkio umeari, honen barreak eraginez.
Algara artean, neska-koskorrak lerdez betetako eskutxoak soinekoan lehortu ditu eta animalia laztantzeari ekin dio berriro. Halako batean, esku artean hartu du zakurraren lepoa. Estutzen hasi da, eta larri ikusi ditu animaliaren begiak. Honek ez du, ordea, defendatzeko edo iheserako keinurik egin. Neskatoak zintzurretik datorren klaska entzundakoan askatu du, zaratak bat-batean bere baitatik atera izan balu bezala. Animaliak zailtasunez tragatu du listua, eta hantxe geratu da, geldi-geldi, begi bustiekin neskari so.
Umea salto batean altxatu da lurretik eta korrika abiatu da baserrirantz, pasaeran lore sorta berriro zapaldu duela ohartu ere egin gabe. Animaliak atzeranzko jauzia egin du neskatoaren batbateko mugimenduaren aurrean. Baina neskatoa badoala ikusita, segituan jarri da bera ere martxan: Lagunek ez du bakarrik geratu nahi, eta atzetik jarraitzen dio, korrika eta isatsa astinduz. Atarira iritsi direnean, eguzkitan eserita dagoen amonak algaraz hartu ditu biak: