Narrazioak

Irudiak: Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Luma berrien eleak 10.zenb.
Luma berrien eleak 10Zenb.
Irudiak:Kristina Fernandez
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
ZAZPIKA GARAren aldizkaria

Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 
luma7_14  
ARGAZKIA: Ekaitz Goienetxea."Gazte Bidaiak 06" lehiaketan saritua.  
Badator autobusa

Hiru eskailera gora

Ordaintzeko dirua ateratzen hasi naizenerako akordatu naiz txartel-bono berria dudala eta, “i, itxaron” esanda karteratik ateratzen hasi naiz, baina, hara! ez dut ba pelukeriako tarjetatxoa atera! eta harekin aktibatu nahi izan dut “piiit” a. Txoferrak, urduri “con eso no creo que puedas...” ihardetsi dit. Barkatuka bigarren txartel bat... hura ere ez, txoferrak...”ya tendremos que esperar, ya...” Azkenean asmatu dut txartel egokia ateratzen eta aktibatu da ditxosozko txipa, “piiit”.

Autobus barru guztia niri begira neukala iruditu zait; zer autobus barrua! Mundu guztiko autobus barru guztiak niri begira zeuden eta nik, irribarrez ezkutatu nahi nuen lotsa nabarmenki agerian utziz, pasilloan aurrera egin dut, leiho kontra bat libre ikusi eta bertan zokoratu naizen arte.

Berrogei minutu inguruko bidaia daukat aurretik eta berokia erantzi dut, izter gainetan egokitu eta tira! sosegatu naiz. Ez gidatu behar izanaren abantailez pentsatu dut, minutu batzuk aurreragoko atolondramendua arindu guran.

Isilik autobusa.

Bide zaharretik hartu dugu, bide estu kurbatsua da, aspaldikoa. Autobus gutxik hartzen du bide hau, egunean pare batek besterik ez. Errepide berriak baztertuta utzitako herri txikietako biztanleentzat apropos jarritakoak.

  luma7_15

Amildegiei gainak hartuaz goaz gorantz eta trenbide ordukoa, gaur bide-gorri bilakatua, pare parean daramagu, laguntzen bezala.

Trenean ibiltzen ginenekoak gogoratu ditut, kotxe gutxi zireneko garaiak, gehienok trenean ibiltzen gineneko denborak. Udako egunak gogoratu ditut, aita-amak eta anai-arrebok, otarrea eta motxilak hartu eta egun pasa paraje hauetara etortzen ginenekoak.

Estazio txiki-txiki batean uzten gintuen trenak; pasatu berri dugun lautada estuan zegoen, gaur haren arrastorik ez bada ere. Handik, gure herritik pasatzen den errekaren iturburuko bidea hartzen genuen oinez, mendi bidetan, urak putzu eder bat egiten zuen tokira iritsi arte....

Telefono bat da. Nire atzean. Autobuseko isiltasuna bi aldiz hautsi da; lehendabizi telefonotxoaren salsa doinua izan denean eta gero emakume baten ahots-goran hitz egin beharrarekin. Jakin-mina piztu zait, horregatik begiratu dut atzera, denontzat hitz egiten zuena nor zen jakitearren. Jarleku artetik ikusi dut ilea horiz oso gaizki tindatua zuen emakumea zela, autobusaren zain geundela atentzioa eman didan hura bera.

Jendea mugitu egin da jarlekuetan, erosotasuna topatu nahian eta, esango nuke, bidaiari guztiok, nahi ez eta ere, elkarrizketan sartu gaituela ilehoriak.

Minutu luze batzuetan aritu da etxeko kontuak aireratzen; horrela jakin dugu Marirekin haserre dagoela eta Antonio kabroi bat dela.

Halako batean eta behingoz, moztu du. Telefonicarekin tratu bereziren bat izango duela otu zait, bestela garesti aterako zaizkiola eta haserreak.

Egokitu gara berriz bidaiariok jarlekuetan ahal zenik eta erosoen. Kanpoan hotza igartzen da, behe laino itxi itxia, honaino sartzen ez dena, hotzak ezin baitu kristaletik barrura egin, eguzkiaren beroak bezala.

Isilik autobusa.

...Erreka bazter hartan egokitzen ginen, gaztainondo sendoaren magalean. Oinetakoak erantzi eta, enbor zulo jakin batean hurrengorako gordetzen genituen uretan ibiltzeko zapatila zaharrak janzten genituen. Zapatila zaharrak edo gomazko sandalia marroiak; izerdiarekin batera hanketan markatzen zitzaizkigun sandaliak.

Han ikasi genuen anai-arrebok igerian; lau anaiarrebok eta amak.

Bizirik bizi zen gure aitak erakutsi zigun denoi igerian, umetan errekan ibiltzen zeneko kontuak kontatzen zizkigun bitartean. Besoak gure gorputz azpian jartzen zituen eta guk beso eta bernei eragiten genien ganoraz. Gero, distantzia motzean, besoak zabalik itxaroten gintuen, hondoratzen ginela sumatuz gero, beso haietan hartzeko gertu. Besoak zabalik gogoratzen dut aita eta begietan “egin dezakezu” betikoa. Distantzia geroz eta handiagoa zen aitaren besoak eta gureen artean, bakarrik moldatzen ikasi genuen arte.

Distantzia.

Eta errekan eta erreka ertzean, gaztaina eta lizar artean pasatzen genituen udako hainbeste egun, batera, etxekook.

Sua pizten genuen arroza egiteko edo amak aurrez prestatutako patata tortilla, arrain albardatu, piper berde eta esne-gainaz egindako bizkotxoa jan, harri gainetan biribilean jarrita...

Isilik autobusa.

Eguzkia gailendu da lainoen artetik eta kristalaren beste aldetik hurbildu zait larrua berotzera, eta urrun haietatik memoria, barruak gozatu guran.

Irribarrea eragin didate biek ala biek.

Motorraren “durundurun”a, lo-kanta, bideko zulo batek eragin duen “klak” ak eta saltoak berriz leiho alde honetara ekarri nauen arte.

Eta hemendik zentro komertzialak eta etxe handiak dira nagusi bazterretan.

Berokia jantzi dut.Txartel-bonoa atera dut poltsikotik. Ilehoriaren atzetik egin dut pasilloa. “Piiit”.

Hiru eskailera behera.

Badoa autobusa.
Eta ni.

 

BABESLEAK

Laguntzaileak:

  orkli