Ilustrazioa: Cristina Fernandez Blanco    
pdf    
Hemen datza 

KANPOSANTUA. Bide estuak zeharkatuz aurki ditzakegu hildakoak beren hilobietan. Ez da ezer entzuten egun eguzkitsu honetan, ez eta txoririk ere. Kanposantuan zuhaitzak daude, altzifre ederrak, eta, hala ere, txoriek ez dute zeresanik, jakingo balute bezala hemen ez dagoela kanturako lekurik. Legarrez estalitako bideetan isiltasuna hausten duten bakarrak lurperatzailearen oinkadak dira.

Santuen izenez bataiatutako kaleetan zehar, harriz eraikitako etxe eternaletan bizi dira hildakoak. Bizi dira ala hil dira; bizitzaren antonimoa heriotza dela sinesten badugu, bizitzeari uztean hiltzeari ekiten baitiogu.

Edo beharbada, bizitzearen antonimoa bizitza bera da gehienentzat. Gaizki egindakoak eta egin gabe geratu direnak hilik bizitzera behartzen gaituzte, edo bizirik hiltzera. Ezintasunean hartutako erabakiek kondenatu egiten gaituzte oinaze etengabera, arnasbiderik gabe, uretatik kanpo itotzen ari den arrainaren antzera. Besteengandik jasandakoek itxaropena galtzera bultzatzen gaituzte, gorputza gaitzondoz, pozoiez, betetzera, pairatutako kaltea inguruan hedatuz, izurritea bailitzan, kasu batzuetan. Bizitzaren gertakariei aurre egin eta onartzeko gaitasun ezak izaki desesperatu eta ilun bilakatzen gaitu.

Hona kanposantuko biztanleetako batzuk:

SANTA MARIA 23

Manuel Etxeberria Bellver 1945-1996.

Hilerriaren atetik ezkerretara joz, Santa Maria kaleko 23 zenbakian datza Manuel, herriko alkatea 10 urtez. Manuelek dirutza egin zuen herrian etxegintzak gora egin zuenean. Asko. Eta gero jokoan eta edanean galdu zuen. Dena. Etxea eta lanpostua galdu zituen. Eta galdu zuen emaztea, hobeto maitatzen jakin izan zuen harakinarengatik utzi zuenean, eta galdu zituen seme-alabak, aitatzat ukatu zutenean, herriko mozkortia beren aita zela onartu ezinik, eta galdu zuen hiritarren errespetua, eta bere buruarekiko errespetua. Eta azkenik, duintasuna. Ez, duintasuna izan zen lehendabizi galdu zuena, diruak lapurtu zion. Ondoren, beste guztia. Kale nagusiko atalondo batean aurkitu zuten hilik, jipoi batek eragin zizkion zaurien ondorioz. Orain hemen datza.

SAN MARTIN 33

Katalina (Kati) Ormazabal Jauregi 1925-1980

Aurrekoarekiko zut datza Katalina. Katuak zituen gustuko Katalinak. Katuak eta dirua. Eder jaio zen. Eder eta azkarra. Katuak bezala. Bere edertasunaz baliatu zen bizitzan nahi zuen guztia lortzeko. Ez baitzion bizitzarigehiegi eskatzen, goi-mailako ikuspegi batetik begiratuta ez, behintzat. Baina ez zen beti horrela izan; gaztetan, ametsak zituen. Dantzaria izan nahi zuen, baina gerra zela eta, ametsari uko egin behar izan zion, neskame lanetan hasteko lur-jabe aberats batzuen etxean. Bertan maitemindu zen, lehen eta azken aldiz bere bizitzan, 15 urte zituela, etxeko jabeen semearekin. Hil egin nahi izan zuen bere maitea beste aberats batekin ezkontzen ikusi zuenean. Baita lortu ere. Ordutik aurrera, ezer gehiago ez sentitzea erabaki zuen, gorrotoa eta aiherkundea salbu. Erraz lortu zuen beste familia dirudun baten oinordekoa seduzitu eta berarekin ezkontzea. Geroztik oparotasunean bizi izan zen. Oparotasun materialean, bihotz izoztuaz. Bere bi katuekin batera datza hemen, Rockefeller eta Ali Khan.

SANTA RITA 49

Leandro Oliden Wilkinson 1895-1963 Klara Lopez de Haro Ituarte 1898-1940

Urrunxeago, kanposantuaren ertz ilun batean datza Leandro, emazte Klara ondoan duela. Klara zintzoa, Klara bihotz onekoa, Klara alaia. Leandrok ezagutu zuenean zen horrelakoa Klara. Leandrok Klarari, ezkondu zirenez geroztik, gaztaroa lapurtu zion apurka, edertasuna eta gardentasuna kendu zizkion, Klara izaki triste, zaharkitu, itsustu eta goibela bilakatu zen arte. Klararen narriadurarekin batera etorri ziren Leandroren loria eta distira. Leandro, herriko dendaria, ordura arte kikilduta bizi zen gizona, beti beldurrez, herriko handiputzei aurre egiteko gauza ez zen gizaseme kaskarra, boteretsu sentitu zen azkenean. Leandroren itzalak itzali zuen Klararen argia pixkanaka, Klara pneumonia batek eraman zuen arte. Eta geroztik, Klara hil zenetik, atseden hartu zuenetik, Leandro atsekabetuta bizi izan zen. Klarari egindako kaltearen erruak sufriarazi zuen hiltzea egokitu zitzaion artean, zurrupatutako bizitasunaren ordain gisa. Izan ere, Klara gabe, Leandro, berezkoa zuen kaskarkeriara itzuli zen. Horrela bizi izan ziren munduan orain kanposantuan dautzanetako batzuk, gorputzez hil ziren arte. Horrela bizi izan zen, semearen heriotzak penaz akabatu zuen arte, ama sakrifikatua.

Horrela, maitasuna aurkitu ostean alferrik galdu zuen justiziako funtzionario mozkorra. Horrela, bere burua itxurakeria hutsean bizitzera behartu zuen aristokrata, ausardiaz estalitako koldarkeriaz jokatzen zuen soldadu leiala, samintasunez betetako gozogile alarguna. Ahal izan zuten bezala bizi izan ziren, estutasunean, betiereko gatazkan. Orain denak hemen bizi dira.

Ala hil dira.

Tessa Andonegi Santamaria

Aktorea, gorpuztu nahiko lituzkeen pertsonaiak sortzen saiatzen da

Kristina Fernandez Irudiak

ENTZUKETAK

BABESLEAK

Laguntzaileak:

  orkli