Dosi txikitan ez da txarra
luma17

Pantorrilak laztantzen dizkizun katu batekin hasten da dena. Konturatu gabe bakardadeak bizkar hezurretik gora igo eta belarri atzean egiten dizu habia. 

Bat batean konturatzen zara, gauzak ez direla zuk nahi zenukeen bezalakoak. Zeure burua bakarrik gosaltzen sumatzen duzu etxeko sukaldean, kafe bat, tostada bat, zuku bat, bat, bat...

Zenbaki honek ez zaitu bakean uzten sekula, hortz eskuila bat, etxeko zapatila pare bat...

Korrika zoaz kalera, etxeak su hartu balu bezala, ihesean. Ez zara ohartzen bakardadea atzetik jarraika doakizula, ez zaituela bakarrik utziko, txistosoa den arren, bakardadea zurekin egonen dela beti.

Kalean gauzak ez dira xamurragoak. Ibilian zoazela eskolara doazen ama-umeak gurutzatzen dituzu, etxe bila dabiltzan bikoteak eta institututik piper egin duten nerabe koadrilak. Zuk zure bidea jarraitzen duzu, inguruari gehiegi erreparatu gabe. Barruan sentitzen duzun bihotz errea, inori komentatu ezinik.

Nostalgia, inbidia, amorrua, zeloak edo gorrotoa. Zure sentimenduak deskribatzeko hitz bat aukeratu beharko bazenu, ezingo zenuke. Edo agian bai, gorroto sutsua eta zeurekoia da bereganatzen zaituena.

Oinez jarraitzen duzu,zure pentsamenduak pausuen erritmoan galtzen dira.

Eta konturatu gabe, hotzak habia egiten du zure bihotzean.

Lantokira iristean, arnas hartzen duzu, arindurik.

Ondorengo orduetan lan mekaniko eta monotonoak bereganatzen zaitu, bakardadea lokartu egiten da eta zure arazoak azaleko bihurtzen dira. Ordenagailuak zurrupatzen du dena, bai ona eta bai txarra eta arazoek ez dizute minik egiten. Momentuz.

Lanetik etxerakoan ez dago gorrotatu dezakezun eskola umerik. Egunak ilundu du, eta inguratzen zaituena lausotu egiten da kotxe zarata artean. Lasaiago zaude.

Erosketak egiteko, geldialdia egiten duzu betiko supermerkatuan. Harakinak ezagutzen zaitu eta galdetu gabe prestatzen dizu xerra bakarra.

Eta berriro sumatzen duzu bakardadearen pisua.

Odei Arregi

Kristina Fernandez Irudiak

ENTZUKETAK

BABESLEAK

Laguntzaileak:

  orkli