Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 

1. ATALA – AZTARNATEGIETAN

Hominidoen fosilak aurkitzea da sari preziatuena; eta besteak baino zaharragoak badira, askoz hobe!
atapuerca5    

Argazkia Wikipediatik hartuta ,

Homo habilis baten burezurra da.

   

Garezurra, barailak, femurrak oso beharrezkoak dira aurkitutako izaki hori sailkatzeko, zeren animalia hori bi hanken gainean zutik ibiltzen zen  ala ez baita bilatzen dena. Hain dira ugariak animalien gain egindako azterketak, ezen, horri esker, aztarnategietan izaki baten hondakinak aurkitu bezain pronto, gai izaten baitira esateko zelako izakia izan zen. Beste primateengandik bereizten gaituena eta aztarnategietan aurkitzen ahal duguna zera da: alde batetik, zutik ibiltzeko jarrera eta, hori jakiteko asmoarekin, aztertuko dituzte, beste horrenbeste, pelbisak eta gorputzeko hezur luzeenak, hala nola, femurrak, tibiak, humeroak; eta bestetik, gizakia orojalea izanik, bere hortz-haginak, askotan, izango dira sailkatzeko izango dituzten elementu bakarrak. Gizakiaren hortzeria, koadrantez koadrante, hauxe da: 2 - bi ebakortz; 1 – letagin bat; 2 – bi aurreko hagin; eta 3 – hiru hagin. Denen artean hogeita hamabi hortz: 2.1.2.3 bider lau.

Gure kasuan, Atapuercakoan, hortz batetik, gizon batena edo emakume batena den jakingo da. Baina, beste gauza da jakitea ea izaki hori hitz egiteko gai izan zen ala ez.

Bada modurik jakiteko? Ikerlariek ez dute etsitzen eta, hioideen faltan –fonazio-organoan parte hartzen du hezur txiki honek, baina, zoritxarrez ez dira ia inoiz kontserbatzen–, buru-hezurraren kapazitatea neurtuko dute, eta, bere ahalmenak asmatu nahian, barneko aldea inprimatuz, bere ezaugarriak aztertuko dituzte garuneko zirkunboluzioak nolakoak ziren jakiteko; eta azkenean, bere ingurua arakatuko dute zelako industria erabiltzen zuen antolatzeko. Horrela, aztarnategietan lan egiten dutenek esango digute zelako tresnak erabiltzen zituzten, ea sua erabiltzen zuten, eta zer-nolako ohiturak zituzten (elikatzekoak, ehortzitakoak, etab.).

Datu hauekin guztiekin “argazki bat” erakutsiko digute eta, nola ez ba, data bat ere emango digute. Ez dakit zenbat argazki izango ditugun: mila?, hamar mila?; baina, horien artean, Homo habilis, Homo erectus, Homo antecessor, Homo heidelbergensis, Homo neanderthaliensis, Homo sapiens, Homo sapiens sapiensa, beste hainbeste artean agertzen dira. Eta euren ezaugarriak eta datak erkatzean Afrikakoak, zaharrenak; gero, Asiakoak; eta, azkenak, Europakoak direla kontuan hartuz, “familia argazkia” osatu dutela ere esango digute.

Hortik dator, hain zuzen ere, sekuentzia hau: gizaki modernoa, Homo sapiensa alegia, duela 100.000 urte Afrikatik mundu zabalera hedatu zen; Txinara orain dela 67.000 urte iritsi zen; Australiara, orain 60.000 urte; Beringeko itsasartea 50.000 eta 30.000 urte bitartean zeharkatu omen zuten; eta Europara orain dela 40.000 urte heldu zen.

Aho bete hortz geratu naiz interpretazio honekin! Europa Afrikatik hain hurbil egonda, bai Ekialde Hurbiletik, bai Gibraltarreko itsasartetik, nola liteke Australiara 20.000 urte lehenago iristea Europara iristea baino?

Eva afrikarrari buruz zenbait ohar.

Azken hamarkadetan pozik daude antropologoak, beste espezialitate bat sortu baita gure artean: genetan lan egiten dutenak, gizakiaren genoma aztertu eta zabaldu nahi dutenak, genetistak alegia. Beste hainbeste lanen artean, geneen aldaketaz, populazio desberdinen artean izan diren aldeaz eta, oro har, eboluzioarekin lotuta dauden gaiez ari dira buru-belarri. Mutazioek, jito genetikoak, hautespen naturalak eta migrazioek geneengan duten eragina ikertzen dute eta bildutako emaitzak, estatistika, probabilitatea eta beste programak erabiliz, ordenagailuetan lantzen dituzte. Elkarlanean aritzean, badirudi Homo neanderthalaren hondakinetatik ADN lagin bat lortu dutela eta beste espeziekoa dela baieztatu dute. Gai hau (eta, orokorrean, Europan eta Ekialde Hurbilean zehar neandertalen hedadura berezia) oso garrantzi handikoa delakoan nago, berez, Europako eboluzio substratuaren berezitasuna baieztatzen duelako.

Baina, genetistena hona ekarri dut azken urteotan hautsak harrotu dituztelako. Izan ere, ADN mitokondrialarekin egindako ikerketez, haiek (edo prentsak, berdin da) izendatutako Eva mitokondrialaren jaiotza eta jaioterria finkatu dituzte: duela 200.000 urte eta Afrika, hurrenez hurren.

Nire uste apalean, arinegi ibili dira: alde batetik, bai planteamenduan (ADN mitokondriala amarena baino ez dela heredatzen diote), bai deliberamenduan (data arkeologikoak kontuan hartuta ondorioztatu dute afrikarra dela) puntu beltzak izan baitira; eta bestetik, izena gaizki aukeratu dutelako: gure gaiari ez dio argi berezirik ematen (hala ere, deigarria eta hedabideetan arrakasta izateko aproposa dela ez dut ukatuko), eta ia antagonistak diren bi planteamenduak nahasten ditu.

Irakurri baino ez ditugu egin behar Cavalli-Sforza-ren hitzak: –“Analisi horren interpretazioan akats bat egin ohi da. Zenbait paleoantropologok uste izan zutenez (eta oraindik ere baten batek hala usteko duenez), datu genetikoek benetan une jakin batean emakume bakar bat izan zen, Eva izenak iradokitzen duenez. Gizaki modernoaren jatorri afrikarra urte dezentetan aipatzen denez gero, bidezkoa iruditu zitzaien bi gauzak elkarren parean ipini eta Eva afrikarraz hitz egitea.” (...) “Garrantzitsua da datu horietatik abiatuta ondokoa azpimarratzea: ezin da giza populazioa garai batean emakume bakar batera murriztuta zegoela dioen ondoriora iritsi. Eva deitutako garaian giza populazioaren estugune demografikoa izan zela ere ezin da ondorioztatu. Besteak beste, afrikarren eta munduaren gainerakoa populatu zuten haien ondorengoen azken arbaso (emakume) komuna datatzeko balio duen mutazioa izandako emakumearen jaiotza-data ez dator bat populazio afrikarrak eta afrikar ez direnak bereizteko datarekin. Gezurrezko Evaren jaiotzak populazioak bereizi baino lehenagokoa izan behar du, zenbat urte lehenago ez badakigu ere.”

 

botoia1

 

 

J.M. Munarriz

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago