Poesia

Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak

Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 

Maskorren bidea

Maskorren bidea Maskorrak daramatzat zorroan.
Txikiak, hautsiak, zatituak.
Grisak, zuriak, arreak, gorriztak.
Bakoitzak itsaso txiki bat barruan,
bizitako uneen oihartzuna, xuxurla.
 
Maskorrak eta bestelakoak daramatzat zorroan.
Egunero behar ditudanak,
eta alferrikakoak.
Oin-azpiko lurra sendotu
eta bastoi lana egiten dutenak.
Gai izango naizela
sinistarazten didatenak.

 

Denak daramatzat nire poltsako itsasoan,
hara eta hona, orduen dilindan.
Anabasan, dantzan, elkarrekin
eta nahastuta.
Batera,
nire zorroan.

 

Baina, gaur, orain,
gelditu egingo naiz.
Banaka-banaka so egingo diet,
eta alboratu egingo ditut poesia idazteko
behar ez ditudanak.

 

Kanpoan utziko ditut besteak,
beren ikuspegiak eta hitzak.
Bizipenak, iritziak, nahiak.
Besteen gogo eta minez
beteriko poltsikoei buelta eman,
eta bota egingo ditut.
Baita itsatsita daudenak ere.

 

Kanpoan utziko ditut beldurrak,
geldiarazten nautenak,
barne iturriak ixteko
gaitasuna dutenak.
Besteei begira sortzen diren horiek
hain zuzen, besteen ispiluek
sortzen dituzten mamuak.

 

Kanpoan utziko dut erosotasuna,
eguneroko gauza txikiekin
janzten den ziurtasuna.
Arantzak kendutako larrosen gisan,
erraz baina kamuts
egiten nauena.

 

Zeu zaramatzat poltsan, neurekin batera.
Maskorren artean, neure poltsaren itsasoan.
Poesiaren txalupan,
xuxurla berrien dilindan,
ez dakidan leku horretara
iristeko.
Edo ez.

Arantxa Erasun Urtzelaieta

BABESLEAK

Laguntzaileak:

  orkli