Narrazioak

Irudiak: Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Luma berrien eleak 10.zenb.
Luma berrien eleak 10Zenb.
Irudiak:Kristina Fernandez
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
odriozola_11.gif
 
SMS-a PARADISUTIK

Oinak amildegiaren ertz-ertzean jarrita, basamortuaren goritasuna osoki ikus zezakeen, zabal zeru marraraino. Bere basamortua zen hura, bere zerua, baina aldi berean arraroa, ezohiko zeru eta basamortua. Supituki, oinutsen azpian lurraren sostengua falta zuela eta ikaraz, amildegian behera zihoala ohartu zen, garrasika begi-ahoak zabalduz. Atzera egin nahian astinduta esnatu zen, eta buruarekin osteko harri tontorra jo. Kokoteko minak baino gehiago, ipurdia lurrean jesarrita sentitzeak lagundu zion ametsetik ateratzen. Eskuaz burua igurtziz, baretu gabe oraindik bihotz taupadak, Ngiyak izpia ikusi zuen. Tribuko gizonezkoek goian jarritako ohol eta harritzarren artetik, lotsagabe sartzea lortu zuen argi izpi bakar filigranazkoa. Ez zuen izpi hark zegoen haitzarteko iluntasuna samurtzen, informazio preziatua eskaini arren: egun argi zen.

**********

Argi zeukan Daniela ahizpak: liturgiako garairik ederrena zen abendualdia Azken notaren harmonikoak oraindik airean jolasean zebiltzan. Geldi-geldi egon zen ohi zuenez, behean belaun aulkien tirri-tarra sumatu arte. Listo. Ugaritzen zihoazen pauso hotsak baino leunago oraindik, altxa zituen oinak pedaletatik. Partiturak bildu eta oboea, flauta, fabordoia eta zelestea sartu zituen keinu mekanikoan. Erregistro guztiak bere lekuan, itzaltzeko teklari ematea besterik ez zitzaion geratzen, hauspoak hustean botatako hasperenari adi. Veni, veni, Emannuel doinua oraindik buruan eta besapeko karpetatxoan, kaperarako ezkilara pikoak jaitsi zituen kontu handiz. Espero bezala Domenica ahizpa zuen zain behean, bastoiak eta Brigida ahizpak lagunduta. Irribarrez begiratzen zion eskuaz gerturatzeko keinua eginez.

- Miraririk bada —esan zion ia belarrira— hori gurean gertatzen da, organuan esertzen zaren bakoitzean.

**********

- Miraria izango da egongela txiki honetan denak kabitzea, baina ez beldurtu, zazpik jaten duten lekuan zortzik ere jaten dute eta.

Ez zitzaion asko kostatu Greg etortzeko konbentzitzea. Gogoz sumatu zuen; izan ere, banandu zenetik ez zuen gizajoak bizitza soziala egiteko aukera handirik izan.

odriozola_12.gif

Telefonoa oraindik eskuan, prestatu zuen mahaiari begira geratu zen, begiak erdi irekita erakusketa batean, artelan bati begira ari dena bezala paratuta. Fionna-ren ondoan jarriko zuen beste plater bat; mahai obalatuen abantailak. Fionna ere aske zegoen eta agian, zerbait interesgarria gertatuko zitzaien gau hartan. Sukaldetik beste plater eta mahai tresnekin itzuli zenerako,onena pentsatu zuen norberak nahi zuen lekuan jartzea zela. Izan ere, lagunarteko bilera ez formala zen hura. Mahaiari azken ukituak eman eta berriro begiratu zion. Perfektua. Are gehiago bulegoan ze berandu bukatu zuen kontutan izanda. Sakon hartu zuen arnasa, satisfazioz. Bazuen lagunekin egoteko gogoa, eta primerako gaubeila izateko trazaz zetorren hura. Amaiera gisa, labearen zain prest zeukan sagar-sufflea. ”Garagardoa!” oihukatu zuen bat-batean , eta ziztuan frigorifikorantz jo. Han zeuden, eskerrak, jadanik freskatzen. Arnas hartu zuen. Sarrailean giltza hotsa entzun zen segidan.

- Paula, neu naiz! Garagardoez akordatuko zinen ezta? —Phil zen, bere senarra—. Badakizu freskoa gustatzen zaidala.

**********

Ilunpe hartan fresko egon arren, kanpoan bero galanta egingo zuen honezkero. Ngiyak hankak uzkurtuta, orpo zartatuetako pitzadurak zenbatzen zituen , behin eta berriz hatzekin bere erliebea birpasatuz. Ama, aita eta nebak etorri zitzaizkion burura, lehoiak bezala itzalean seguru, bero galgarriari ihes egin nahita. Aita deskantsuan; herriko amakideekin belarra harrotzen edo alezko apaingarriak egiten ama. Besoak gurutzatu zituen belaun minberatuen gainean eta kokotsa jaso, begirada ilunpetik at, urrunera zuzenduz. Dagoeneko eginak izango zituzten bere lepoko eta txorkatiletako berriak. Basamortuaren kolorekoak behar zuten: gorri, laranja biziak, tartean pinporta zuri eta beltzekin. Besteen aurrean emakume bezala agertuko zuten koloreak. Bere burua ikusten zuen Ngiyak handik ateratzen zutenean koilare hura jantzita. Ezin ederragoa ikusten zen, suzko koloreek bere azal ebanozkoa inguratzen, emakume bihurtuta. Burua igurtzi zuen.

Besoa luzatu eta kalabazatik ur tragoxka egin, freskoa hura ere. Gero, eskuak busti eta izterrondora eramanez, ikusi ezin zuen lika gorrista garbitzen saiatuz. Zenbat aldiz jardun ote zuten hortaz lagunek. Ur-potzurako bidea egokia izaten zen horretarako. Mutilik ez eta emakume helduei aurre hartuz, kukuma buruan, min bortitz eta odol jario amaigabeak irudikatzen zituzten txutxumutxu artean. Ez zen horrela izan, eta handik ateratakoan hala esango zien lagunei. Burua igurtzi zuen. Min bizkarrean eta belaunetan zuen Ngiyak, haitzarte estuak ez ziolako nahi bezala luzatzeko lekurik uzten. Ezarrera aldatu zuen ahal zuen moduan, aldamenaren gainean etzan, besoa luzatu eta haren gainean burua jarriaz. Horrela behintzat hankak luza zitzakeen. Beste eskuaz burua igurzten zuen, behin eta berriro kadentzia berdinarekin. Hazi nahi zuten ileen azkura baino, aiztoaren arrasto orbanduak nabaritzen zituen esku ahurrean. Loalditxoa egingo zuen berak ere, aitak bezala, ahal zuen eta. Begiak itxi eta irriñoa atera zitzaion, ilunpean alferrik galdu zen hortzen zuria erakutsiz: inbidia galantaz begiratuko zioten handik ateratakoan lagunek.

**********

- Gure lagundiaren bokazioa zein den badakizu —berretsi zion Ama Nagusiak mahaiaren bestaldetik— Kontenplazioak errezoa esan nahi du, horra jainkoa eta gizonengana hurbiltzeko gure bidea. Errezoa bera bakarrik nahikoa da beraz.

Eskua altxatu zuen eta begiak itxi, Danielak jada ezpainetan zuen erantzun sutsua geldituz, zorrotz, eztabaida amaitutzat emanez. Ukondoak mahai gainean jarri zituen ondoren, beregana hurbilduz, eta behatzak elkarlotuta oraindik, ahotsa leundu zuen nabarmen.

- Bizi betera iristeko, Daniela ahizpa, aurretik jarri behar duzu gure eta zure bokazioa.

 

<< Eva ez bezala,

Lilith lurretik

egin zian Jainkoak,

Adanen pare,

Jainkoaren irudi

eta antzera>>


Daniela alfonbrako marrazkiei so egon zen segidako isilune amaigabean. Ez zuen behin ere gustuko izan emakume hura, eta debeku horrekin orain,ezin zion aurpegira begiratu ere egin. Ama Nagusia berriro atzeratu zen aulkiko gibelaldera, ozen hasperen eginez.

- Badut beste ohartxo bat, zure nebak deitu digu bisita bat eskatuz, ordu-erdi barru hemen izango da.

Arindura sentitu zuen Danielak bere atzean bulegoko atea itxi ondoren. Ez zen berri onik izaten Ama nagusiak bulegora deitutakoan. Aurrean korridore luze-zabala zeukan zain. Patxadaz ekin zion, xakezko harlauzetan erregina bailitzan nahierara mugituz. Denbora zeukan oraindik neba etorri arte. Harlauza ilunek soinu baxuagoa zuten zapaltzean krema kolorekoek baino, Danielak bi tonuko aldea kalkulatzen zien. Eskailerak jaitsi eta berariaz lauki jakin bat zapaldu zuen, azpitik hutsa zegoelako edo, re bat ematen zuena. Berriro beste korridore bat. Berri onik ere izan zen oraingoan, eskerrak. Zertara ote zetorren Vinni? Azken aldian estrako bisitak eskatzea ohitura bihurtu zuen, baina ezer berririk esateko ez. Chiara eta ttikiak ongi zeuden, lantegia ondo zihoan...baina neba goibel ageri zen. Lantegia aurrera ateratzea oso nekeza izan zen nebarentzat, ez zen berak aukeratuko zukeen lana. Aita hil zenean garai petralak, denaren kargu egin behar izan zuen, zorrak barne. Velis nolis, nahien nahi ez. Espresio bera erabili zuen Ama Nagusiak bulegoan: handik aurrera, maitinetan ez zen kanturik egongo, ezta abendualdian ere. Debekatua. Velis nolis, nahita nahi ez. Alferrik protestak, obedientzia zor. Garai petralak izan ziren haiek denontzat, berak musika ikasketak utzi behar izan zituenekoak, nahi ala nahi ez.

odriozola_14.gif


Gabriela ahizpak atera zuen pentsamendu haietatik, bere anaia zain zuela esanez. Danielak pausoa bizkortu zuen bi tonuko aldea zeukan korridorean. Lekaime bakoitzak bere pausajera zeukan eta melodia propioa ateratzen zien xakezko tekla haiei. Danielak begiak itxita asma zezakeen nor zebilen handik. Berak ere izango zuen bere musika, baina norberari zaila egiten zitzaion bere doinua harrapatzea. Ibilera bizkorra zuen eta erritmo alegera zuela zekien soilik, andantinoa. Komentuko harrerara iritsi zen azken pentsamendu hauetan. Kuriosoa halere, askotan korridoreko melodia ez zen bat etortzen pertsonaren izaera edo sentipenekin. Domenica ahizpaz akordatu zen, xahar eta malenkoniatsu, bere bastoiarekin hiruko erritmoan, iraganbide ilun haietan, La Traviata-ren brindisaren haserako konpas alaien erritmoan. Harrerako egongelan, eta sofan jarrita, kapela eskuetan zegoen Vinni, Milango negozio gi-zon prestua.

**********

- Negozio makala egin zenuen ba nirekin ezkontzean! —oihu egin zuen Normak, Mark bere senarrari ukondoko bat ematen zion bitartean.

Guztiek gogoz barre egin zuten, baita Greg eta Paulak ere. Azkenean Greg bere ondoan jarri zen, eta oso jator eta hizlari egon zen afari osoan. Phil mahaiaren beste puntan zegoen, Calvin-ekin mundua konpontzen ez jakin zenbatgarrengo zerbeza botila eskuan.

- Oso polita zaude orrazkera horrekin. Ilea moztu duzu ezta?

- Bai, gaur bertan bazkalondoko tarte batean.

Norbait konturatu zen behintzat. Gambino’s-tik ekarritako oilasko hondarrak pilatzen ari ziren, eta laster postrea zerbitzatzea tokatuko zitzaion. Presaka sukalderantz joan zen Paula eta sufflea laberatu zuen, aurrez bero-bero zuen labean. Tinbrea jarri zuen hamabi minututan jotzeko eta pilatutako zerbeza botila hutsak zakarretara botatzeko aprobetxatu zuen. Tertuliara bueltatu zenean, gai sakonetan zebiltzan igeri, Lilith izeneko norbaiten biziaz edo jardunean. Mark ari zen jotake:

- Ba ebanjelio apokrifoetan agertzen duk emakume hau, Adan-en lehenengo emazte bezala —auditorioari begiratu zion jarraitu baino lehen konferentzia bat ematen duenaren airez— Eva ez bezala, Lilith lurretik egin zian Jainkoak, Adanen pare, Jainkoaren irudi eta antzera. Beraz biak berdinak hituen. —Keinuka ari zen Mark, esku banatako behatz indizeak parean jarrita— Hori horrela, Lilithek ezin zian jasan Adanen exijentzi asko... badakizue... oherakoan eta...

- Sexuaz. Ziur sexuaz ari dela nire senarra. Barkaiozue, apaizen edukazioa —eten zuen Normak burlati. Algarak.

- Ba bai... ez omen zian nahi berak azpian egon, gainean baizik eta Adanek ezin hori jasan eta... —trabatu egin zen eta tragoxka egin zuen andrearen edalontzitik— azkenean behintzat paradisutik alde egin zian Lilith-ek, basamortura. Damutu omen huen Adan tipoa, baina berandu, Lilithek ez zian bueltatu nahi izan.

- Aupa Lilith! —entzun zen ezustean. Phil eta Calvin ziren, norengatik ari ziren ondo jakin gabe baina airean topa egiten.

- Ba bai, bai... —segi zuen Markek ahotsa altxatuz zalapartari gailentzeko— Adan gizaixoa berriro bakarrik eta Jainkoak Eva egin zion...baina kontuz! Berriro akats berdina errepikatu gabe, Adan-en saihetsetik, gizonaren eta ez jainkoaren irudi eta antzera. Horregatik Adanen menpeko huen Eva, esaneko eta otzana.

Calvin eta Phil ez beste guztiak isilik geratu ziren pentsatzen. Haiek Liverpool-az ari ziren orain.

- Jainko alubita! —esan zuen Fionnak zigarro ke artetik— Hori egiteko, gordetzea zeuzkan abilezia horiek.

- Eta zer gertatu zen Lilithekin basamortuan? — galdetu zuen Gregek.

- Ba denetarako historiak zeudek horretaz —erantzun Markek konferentzia keinua berriro hartuz— Batzuetan deabruarekin seme ugari izan zituela agertzen duk, suge bihurtu eta paradisura bueltatu zela ere irakurri diat, Eva tentatzera.

- Tuntuna tentatzea, hara zer lan zaila! —Fionnak ahopetik.

- Ikusi dizkiaten errepresentazioetan, ile ikaragarri luzeko emakume bikain gisa agertzen duk —eskuekin kurba ikusezinak marraztuz— Tira ba... kañon esaten den horietakoa. Tentagarria bai behintzat. Denetarako bertsioak zeudek bada, bere egunak aspertuta, ilea behin eta berriro orrazten pasatu zituela dionik ere bada.

- Ba niri oso istorio interesgarria iruditzen zait, eta gainera...

Labearen tinbre salatariak eten zuen Paula-ren interbentzioa. Sukalderantz joan zen korrika, Norma atzetik zuela. Bueltatu ere hala bueltatu ziren, Paula lehen, igotako sufflea eskuetan oreka ezin mantenduz eta Norma atzetik, taula bat koilara handi batekin joz pregoilari.

- Lagunok sagar sufflea daukagu eta ez duk Gambino’s-koa, Paulak berak egin dik!

Txalo zaparrada izan zen jarraian. Phil eta Calvinek, politikaz hitz egiteari utzi eta “Sufflea! Sufflea!” oihu imintzioak egiten zituzten barrenetik.

Mahian jarri eta Paulak banatzeari ekin zion. Oilasko hondarrak eta plater zikinak jasota, postreko platerak ondoan zituen, bakoitza bere zatiaren zain. Begi guztiak bere gain sumatu zituen, baita Phil eta Calvinenak ere.

- Ez dakit... ez dakit nolakoa egongo den. Amari deitu behar izan diot, zalantzak nituen eta...

Koilarea sartu bezain pronto, aire bero putzkada sentitu zuen eskuan, eta suffleak beherantz egin zuen, barrenetik saltsa horizta irteten zen bitartean sagar zati erdi gordinez apaindua. Koilarea utzi eta eskuak ahora eramatera zihoan.

- Bi gauza egiteko balioko duzue ba... eta zuk bietatik bat bera ezin egin ondo!

Phil zen, bere senarra, barrenetik hura ere. Calvinek bakarrik egin zuen barre oraingoan.

**********

Barren barrenetik ateratzen zitzaion ahots hura, bere urdaila hizketan ari zen eta jatekoa eskatzen zuen. Iluntasun erabatekoa, izpia ere lotara joana zen aspaldi. Haitzartean ezik, kanpoan ere ozen entzungo zirela iruditzen zitzaion Ngiyari bere sabelaren aieneak. Laster amaituko zen bere kalbarioa. Burua igurtzi zuen, eta iletxo doiak nabaritu. Hauek haztean ateratzen zuten zarata ere entzun izango zukeen, tarteko tripa orroengatik ez balitz. Laster etorriko ziren herriko gizonak, bera handik ateratzera. Haien artean bere aita egongo zen, harro, bere alabak erritoa zintzo bete zuelako. Hala esan zion egun batzuk atzera, ama eta bera oso pozik egongo zirela bere zain. Ngiyak sartzeko unea gogoratu zuen, urteak pasa zirela esango zukeen. Pozik sartu zen, azken begirada aitari irribarretsu eskainiz. Agian horregatik harritu zuten hainbeste Ngiya, aitaren begi eta masailetan ikusitako malkoak.

Lo hartzen saiatuko zela pentsatu zuen jarraian. Gorputza laxatu zuen, loaren zain, eskua ordea ikasitako bidean, bere kasa, zuzentzen zitzaion makur zuen burura.

**********

Burumakur zihoan anaia, baina azkenekoz buelta eman zuen arreba agurtzeko. Sarrerako eskaileren gorenetik Danielaren eskuak agur egin zion. Autoan urruntzen ikusi zuen, motorraren soinu goibela gutxituz gutxituz desagertu zen arte. Buelta eman zuen eta gorantz begiratu: komentua zinez eraikuntza polita zen. Hala iruditu zitzaion beti, lehenengo egunetik, eta hala iruditzen zitzaion orain ere. Hura zen bere etxea, urte gehiegi igaro zituen han hala ez izateko. Haize bolada bortitz batek negua zela gogoratu zion ustekabean. Habitu gainean zeraman jertseaz bildu zen, baina ez zion denborarik eman bere lekutik atera zitzaion tokari eusteko. Barregarri sentitu zen maldan behera oihal zatiaren atzetik zihoala. Astindu ere egin gabe jantzi zuen. Biluzik sentitzen zen hura gabe. Behin eta berriro atondu zuen, aldamen batera ekarriz, behin eta berriz goitik behera eskuarekin igurtziaz, orrazi gisa, belar printza txikiak uxatzeko.Asko kostatu zitzaion garbi-garbi uztea, eta maldan gora eginez komentura sartzea.

**********

Rimmelak errazena egin zuen, maldan behera jo. Komuneko ispiluan ez zen ederra ikusten normalean, baina orduan are gutxiago. Begiak gorri zituen oraindik Paulak. Goatazko diskoa kremaz egin eta ahalik eta ondoen ezabatu zituen arrasto beltzak, kolirioa eman zuen begietan eta ezpainak margotu. Horrela hobeto. Inork ez zion antzemango. Behatz zabaldun orrazia hartu eta orrazteari ekin zion. Azken tokea. Berehala hartu zion ileak berriro ile-apaindegiko itxura. Lasaigarri egiten zitzaion, orrazia behin eta berriro buru azalean sentitzea. Pasatzen zuen bakoitzeko orraziak burutazio ilunak berekin eramango balitu bezala. Ez zen horrenbesterako izan. Gauzak beste era batetara hartzen ikasi beharra zuen, mendirik egin gabe are apur hartatik Amari gaizki ulertuko zion, hori zen guztia. Horrela egongo zatekeen denboretan, ate atzean norbait sumatu zuela iruditu ez balitzaio. Jertsea atondu eta jarritako irribarreaz, atea ireki zuen. Han ez zegoen inor, edo baldin ba zegoen azkar eta isilik mugitu zen. Azken begirada eman zion ispiluari, ez zegoen inolako arrasto ilunik. Irribarrea ondo itsatsita zuela konprobatu eta egongelarantz abiatu zen.

Phil zurrunga batean zegoen Paulak ohe azpian begiratu zuenean. Ez, han ez zegoen zerbeza botila hutsik. Gelako kiratsa Philen arnas sakonetik zetorren. Egun luzea izan zen hura, eta oso nekatuta zegoela jabetu zen etzatean. Lo arinak hartu zuen. Mahai luze bat agertu zitzaion egongela ñimiño haren erdian, baxera garbitzeko xaboien iragarkietakoa baino luzeagoa. Bere egongela zen hura, baina ez zen ohiko egongela. Plater piloa jartzen ari zen presaka, baina jendea eserita zegoen jada. Mahaiaren erdian harrizko iturria, bataiarri bat, zerbeza jariatzen. Mahaiburuan biluzik zegoen gizon bat, eta beste aldean ile luzedun emakumea. Honek bere ondora dei egin zion eta harantz zihoala, labeko tinbreak jo zuen bortitz . Ohean eserita zegoen ohartzerako, arnas estuan. Mesanotxean zuen mugikorra izan zen. Pantailako argi laranja piztuta zuen. Mezu berri bat daukazu, zioen eta Greg-en zenbakia ageri zen behean. Ikustea nahi? galdetu zion mutiri mugikorrak. OK teklari eman zion:

ILEA ORRZTEN ARI DEN LILIT BAKOITZEKO, ADAN 1 DAGO NGARREZ PARADSUAN.

Ainhoa Odriozola

BABESLEAK

Laguntzaileak:

  orkli