Narrazioak

Irudiak: Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Luma berrien eleak 10.zenb.
Luma berrien eleak 10Zenb.
Irudiak:Kristina Fernandez
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
erabakia_lopetegi.gif  
 
ERABAKIA

Jonen begiak ez dira hain txikiak. Itxura erromantikoa ematen dioten betaurrekoak gau-mahaian utzi ditu eta instant batean nabaritu dut berezkoa duen begirada beltz sarkor hori nire gorputzeko zuntz finenak zeharkatzen; batbatean, lotsa galduta bezala, ibilaldi geldoa une batez eten dute, begi-ninien iluntasunean desio eta grinek itoalditik askatu nahi dutela nabaritu dut; arnasaren hats beroa, nire lepo txokoan sentitu dut; begiak itxita ez dut erreala den ezer ikusten eta arrazoia erne egotetik ia lokartzera pasa da; bere besoek aurrena, eskuak gidari, nire gorputza inguratzen eta dastatzen hasi dira eta berehala ekin diogu dantzari: gozoa, geldoa, baina, etenik gabekoa. Galtzeko arriskurik gabe, galbidera eraman gaitzaketen bideak eta bidezi dorrak egin ditugu elkarrekin. Iratzargailuaren eguneroko tik-tak erritmikoak bazterrean ahaztuz, motza egin zaigu gau luzea.

Eguzkia, ordea, goizero lez, itzartzen hasi da ilargiari agur eztia eginez. Goizaren ernatzea igarri nahi diguten lehen argi izpiek Jonen profila nabarmentzen dute: ondo marraztutako ezpainak, euskaldun itxurakoa ez den sudurra... irekiak ditu Jonek begiak eta hatzekin nire ilea askatu nahian zerbait esan nahi didala dirudi.

- Laztana, lo zaude?
- Xiiiiiiiiiiii..., ahaztu orduaz Jon, ia loak hartzen gaituen.
- Baina, Ines...
- Hummm...
- Zerbait esan behar dizut Ines.
- Gero Jon, gero, edo... bihar... berdin da.

II

Bi urte pasa dira Jon banandu zenez geroztik eta jada urtebete darama Inesekin, nahiz nor bere etxean bizi den. Ikastaro batean ezagutu zuten elkar eta aurreneko erlazioaz geroztik Jonek bikote-harremanei uko egitea erabaki bazuen ere, gustura dago Inesekin. Harreman itogarriengatik ihesi zihoazela egin zuten topo, eta, elkarrekin hasi zirenean argi hitz egin zuten bion arteko harremanari buruz: askea, bakoitzaren espazioak errespetatuko zituena, baina, leialtasunean eta egian oinarritua izan behar zuen.

  erabakia_lopetegi1.gif


Asmoak eta errealitatea, ordea, ez dira beti bat etortzen eta garaian garaiko gorabeherei aurre egiterakoan, ustekabean eraman gaitzakete gainbeherara.

Astebururo egin ohi duten moduan, elkarrekin bazkaldu dute eta kafea hartzeko asmotan egongelako besaulki zabalera hurbildu dira.

III

- Zer dabilkizu buruan, Jon? Zerk kezkatzen zaitu? Begirada hori ezagutzen dut...
- Ezer ez. Ez dakit... beharbada bart ez dut lo gehiegirik egin eta...
- Goizean zerbait esan nahi zenidan edo amets bat izan da?
- Ez, ez duzu amestu. Bada aipatu nahi dizudan zerbait, Ines; edo... zerbait baino gehiago... Mirenek deitu zidan duela bi egun; hurrengo asteburuan Jakara omen doa bi lagunekin eta...
- Eta zuk joan ote nahi duzun galdetu dizu, ezta?
- Bai, baina egia esan ez dakit...
- Ez zaitez niregatik kezka, Jon.

Ondo egingo dizu mendiko haizeak eta bide batez, izango duzu astirik lehengo egunean azaldu nizunaz pentsatzeko. Ez zaitut estutu nahi, baina erabaki bat hartu behar dugu edo hartu beharko dut...

- Ines... mila buelta eman dizkiot dagoeneko buruari. Ez...
- Baina, zer diozu, Jon? Zer dela eta esaten duzu orain hori? Zer esan nahi duzu?
- Beharbada... nirea izan da errua. Ez nizun Miren eta bion banantzeaz azalpen argirik eman.
- Zer gehiago jakin behar nuen, Jon? Lehenengo harremanean zortea ez zenuen lagun izan; baina urteak ez dira alferrik pasatzen eta eskarmentuek ez dute inor bizitza berregiteko aukerarik gabe uzten.
- Ines..., hori da arazoa: ez dakit bizitza era berean berregin nahi dudan. Ez dakit...
- Jon, maite nauzu?
- Bai eta badakizu, baina orain haur bat Ines...
- Badakit haur bat izatea ez dela inoiz zure asmoen artean egon; ez zen nire lehentasunetako bat ere, baina orain, haurdun geratu eta gero, desberdin ikusten dut; agian aita zu zarelako, ez dakit...
- Ines, nire banantzearen arrazoia jakin behar duzu: Miren eta biok elkar maite genuen, hori uste nuen behintzat, baina gure arteko harremana niri itogarria egiten zitzaidan; behar bada, ez naiz emakume bakarrarekin bizitzeko jaio, ez dakit.

Nik ez nuen lotura gehiagorik nahi, ez nuen aita izan nahi. Gau batean Mirenek haurdun zegoela esan zidan; ez zen berri ona izan niretzat; erabaki hura gure harremana sendotzeko hartu zuela esan zidan Mirenek, baina niri erabaki berekoia iruditu zitzaidan eta desadostasunarekin batera, abortuaren aukera aipatu nion. Orduan hasi zen gure harremana hondoratzen. Hurrengo egunetik aurrera hitza ukatu zidan. Etxe berean bizitzen jarraitu genuen, baina elkarbizitzarik gabe. Haurdunaldiaren erdian Miren arazoekin hasi zen: sabeleko mina, isuriak... Goiz batean larrialdietara jo behar izan genuen. Mirenek lau hilabeteko haurra galdu eta, arazoak zirela medio, berriro haurdun geratzeko aukera galdu zuen. Erabat sendatu zenean, banantzea erabaki genuen.

- Uf!, ez dakit zer esan, Jon, ez dakit zer esan. Bat-batean harrapatuta nagoela iruditzen zait.
- Baina Ines... nik maite zaitut...
- Bai, nik zu ere bai Jon, baina haurdun nago eta... ez zaitut behartu nahi nire ondoan egotera; bestalde... ez dut haur hau galdu nahi. Egoerari aurre egiteko adina indar badut, eta egingo dut. Jon, orain zuri dagokizu erabakitzea; zurea da erabakia.

 

BABESLEAK

Laguntzaileak:

  orkli