Narrazioak

Irudiak: Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Luma berrien eleak 10.zenb.
Luma berrien eleak 10Zenb.
Irudiak:Kristina Fernandez
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
lazkano_44.gif
 
TENTAZIOAK
Tipustapan etorri dira, batere abisurik eman gabe, zalapartarik gabe. Normalean ondo igartzen zaie nondik dabiltzan, baina gaurkoan jokoz kanpo harrapatu gaituzte erabat. Atea zabaldu orduko galderak, zein bizi garen hemen, bakoitzaren urteak, etxeko denon arteko harremanak. «Familia mota tradizionala» lerroan gurutzea egin du. Eta hasierako zizka-mizkei buruzko galderen atzetik, hiritartasun arauei buruzkoak: ea ondo ezagutzen al ditugun, onartu genituenean hartutako konpromisoa gogoan al dugun... Iñakik erantzun die galdera guztiei, lasai eta patxadan, ziur asko ez zekielako ezer poltsan neukanaz eta bezperan egin nuenaz.

Galde-erantzunen orriari gure zirriborroa egin ondoren, etxea miatzeko baimena erakutsi digute. Iñakik dena ondo dagoela ikusi duenean, eskuarekin barrura pasarazi ditu.

Dardarka hasi naiz ni, eta Iñakik arraro bota dit begia, ni horrela ikusita zerbait sumatuko balu bezala. Leirek lo segitu du, eta Sara aitaren ondora joan da, segurtasuna behar duenean egiten duen legez. Ez da nitaz fio. Isilik egon gara hirurok, txakur zaharrenaren ondoan. Sarari keinu batzuk egin dizkio, tentsioa pixka bat baretu nahian edo. Nork ikusi ote nau, laugarreneko atso mozkorrak, akaso. Zenbat aldiz esan ote diot neure buruari kontuz ibili behar dudala. Ikasiko dut hurrengorako. Segituan aurkitu dute bila zebiltzana.

- Zurea? —egin du zaunka boxerrak.
- Bai —esan diot, etsita.

Galdeketa polizia etxean egingo omen didate, eta hara eraman naute.

Etxetik irteterakoan Iñakik egin didan begirada izan da okerrena.
 lazkano_45.gif

- Umeen aurrean ere bai? —entzun diot, ozta-ozta.
- Ez, lasai, ez naute ikusi.

Gela batean sartu naute. Aurreko aldian egindako galdera berak, noiztik, zenbat, non erosten dudan, deklinabide osoa.
- Haurdunaldi garaian ere bai? —txakur zaharrak.
- Ez —nik, poligrafoari begira. Gezurrik txikienaren susmoa hartzen badute, kapaz dira Leire hartu eta probak egiten hasteko, nire bekatuzko jardunaren lekukotasunak bilatu nahian.

Pare bat ordu pasatu ditugu horrela, galde-erantzunetan, uhinei begira. Ondoko gela batera eraman naute ondorenean, eta esan didate segituan etorriko dela norbait prozedura azaltzera. Nik nahi baino lehen etorriko da, seguru. Emakume elegante eta patxadatsu bat etorri zait, eta poliki-poliki ekin dio predikuari: bi aste gutxienez, nire jokabidearen arabera; lehenengo bost egunetan hezitzailea egunero, eta bigarren astean bi egunez behin. Bisitarik? Ez, oraingoz ez, ikusiko dugu gerora. Adostasun-orria sinarazi dit gero. Bihar eramango naute furgoneta batean, nire moduko beste bekatari batzuekin.

Ea hau azkeneko aldia dudan. Ez al du haurrengan eraginik utziko behintzat. Badakit Iñakik ez duela nire jokabidea onartzen, baina denborarekin gauzak laster leunduko dira. Behin eta berriz esango diot ez dudala gehiago inoiz egingo, badakidala nolako kaltea egiten diodan neure buruari, eta bai, inguruko denei ere bai, ez naizela berriz eroriko, badakidala zer daukadan galtzeko, eta hirugarrenik ez dela izango.

Goizean furgonetara igoarazi nautenean beste lau igo dira nirekin. Bat ezaguna dut lehendik, ez da gure herrikoa baina uste dut han ingurukoa dela. Bakoitza bere lekuan eserita joan gara, paisaiari begira. Oraingo honetan ez naute azken aldian izan nintzen toki berera eraman. Bi orduko ibilbidea egin ondoren ordu laurdeneko geldialdia egin dugu, eta mokadu bat ekarri digute. Beste hiru ordu behar izan ditugu ailegatzeko.

Baso baten ondoan dago eraikina, dotore, zuri-zuri berde artean. Hasieran ez dirudi horren toki txarra bertan bi asteko egonaldia egiteko, egonaldiaren gorabeherak ez banekizki, noski. Zuriz jantzitako bi hankako asko dabiltza etxe inguruko bideetan, emakume nahiz gizon, guztiak isil antzean, inolako istilu eta zalapartarik gabe, atseden toki honi dagokionez.

Badakit oso gogorra izango dela, lehenengo aldia jasanezina iruditu bazitzaidan, imajinatu bigarrena. Auzoko batek esan zidan bigarren aldiko tratamenduak eta terapiak askoz bortitzagoak direla, baina baita eraginkorragoak ere. Hura sendatuta dago. Ea oraingo honetan erabat osatuta joaten naizen, tentazioari aurre egiteko arma hobeekin. Gainera, hirugarren aldian urtebeteko egonaldia eginarazten dizute, eta hori, infernua izan daiteke. Miren hirugarren aldiz eraman zuten, eta orduan esan zuten erabat osatuta etorri zela. Baina ez da lehengoa. Ondo egiten ditu egin beharreko denak, eta badakit senarra eta seme-alabak ez direla beren azalean kabitzen, pozaren pozez. Baina ez da lehengoa, oso isilik egoten da beti, ez dizu begietara begiratzen, eta bere helburu bakarra besteentzat atsegin izatea dela dirudi. Ez dakit harrezkero irribarrerik ikusi diodan.

Banoa barrura. Ahorekin egindako kezko «O» eder horiek atzean utzi behar ditut betiko. Gehiago balio du nire irribarreak.

Edurne Lazkano Ibarbia

BABESLEAK

Laguntzaileak:

  orkli