Narrazioak

Irudiak: Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Luma berrien eleak 10.zenb.
Luma berrien eleak 10Zenb.
Irudiak:Kristina Fernandez
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
 
ITSUSI

Egunero jartzen da itsusi. Berak badaki. Eta badaki ikusten dugunok, edo behintzat berari arreta pixka bat jartzen diogunok, badakigula. Nahita itsusten dela. Propio zatartzen duela bere itxura. Eta aldi berean bere burua. Goizero margotzen ditu ezpainak zartatua dagoen ispilu txiki batean begiak iltzatzen dituen bitartean. Ezpainak ezezik inguruko mutur guztia pintatzen du, ia-ia sudur zuloak estaltzeraino. Eta gehienetan aurrealdeko hortzaren batean marka gorriren bat uzten du. Margotzen ari denean polit jarri nahian baino, ezpainak ezkutatu nahian dabilela dirudi. Eta lortzendu. Emaitza ikaragarria da.

Inoiz ile polita izan bazuen, nik ez diot horrelakorik ezagutu. Luzea du, ia ipurdiraino utzia. Kolorea ere ez zaio igartzen dagoeneko. Marroia bezala izan zezakeen gorria ere. Baina orain, grasa eta zolda direla tarteko, masa luze itsaskor bat baizik ez zaio atzematen buruaren atzealdean. Moztu zezakeen. Baina ez du nahi. Itsusik karga hura eramatera behartzen du bere burua. Eta ingurukoek bezainbesteko nazkas begiratzen dio berak aurpegitik zehar maiz zintzilikatzen zaion metxoiari.

Itsusik zaku baten antza du zutik dagoenean. Bere adinako bi sartuko lirateke erraz daramatzan arropetan. Edo hori uste dut behintzat. Ez baitakit zehazki nolako gorputza duen. Argal edo lodi dagoen. Zelulitisa ba ote duen. Edaten dituen ardo kaxa merkeek tripa aterarazi ote dioten. Baina horrek guztiak bost axola berari. Detaileak baino ez baitira. Polit egoten direnen ñabardura itsusiak. Luxu antiestetikoak. Itsusi ordea, goitik behera egoten da itsusi. Halakoxea den edo ez den beste kontu bat da ordea. Guztioi gezurretan aritzea ere posible da. Egunero kaleko izkina zabarrenean eseri eta itsusi jartzen da. Baina ez dakit eguneko 24 orduetan itsusia ote den. Begiak ere ezin baitizkiot aurkitu, kristal potoldun anteojo batzuen atzean gordetzen dituelako. Eta sekula ez dio inori begietara begiratzen. Izkina horretan pasa ditu behintzat azken 10 urteak. Eta nik ez dakit zahartu ote den, zimurrik ba ote duen, gaixorik egon den, hilerokoak aztoratzen duen, menopausia iritsi ote zaion.

Orain bost urte agindu zuen udalak izkina horretan, “Itsusiren izkina” plaka jartzea zintzilik. Adeitasunez, detailea bailitzan egin zuten udalekoek, behinola izkina hartan egun osoa igarotzea erabaki zuen neska, emakume edo andre hari lekua gordetzearren. Eta Itsusik bere lekua ondo baino hobeto betetzen du. Inguruko guztien autoestimuaren onerako eta berearen kalterako. Han egoten da egun guztian asmatu duen rola jokatzen eta aldi berean ogia irabazten. Horren truk ematen baitiote auzoek dirua, nik uste. Itsusi izatearen truk.

Norberak nahi duena izateko eskubidea du. Edo ahal duena. Itsusik itsusi izateko eskubidea irabazi du gure auzoan. Eskubidearen eta nahita nahiezko betebeharren muga non dagoen argi ikusten ez badu ere. Norbaitek jakingo du ordea zeinek jarri zion betebehar hori, eta zergatik oraindik berak bere buruari eta beste guztiok berari betebehar hori betetzen jarrai dezan eskatzen diogun.

Horrelakoetan gertatzen den legez, Itsusi izateko betebeharra izateaz gain, betebehar hori justifikatzeko istorioa ere sortu da inguruan. Itsusiri ez zaio izenik eta abizenik ezagutzen, ez bizilekurik, ez jatorririk. Bere izkinean dagoen plaka da bere aurkezpen txartel bakarra. Eta auzora datozen bizilagun berriek “zein da hori?” galdetzen dutenean, nola azaldu bilatzea beharrezkoa zen. Gaur egun, Itsusiren sozietate aurreko presentazioak bertsio ezberdinak ditu. Denen artean ordea, bada egiazkoena dirudien bat. Horren arabera, Itsusi hiritik urruti dagoen herri txiki bateko neskarik politena zen. Zazpi anaien artean neska bakarra zen bera eta diotenez, aitak ezin zuen jasan bere alaba bakarra kaletik zihoan bakoitzean ingurukoek zituzten begirada lizunak. Burua galdu omen zuen kontu harekin. Horregatik, egunero “itsusi nago” esatera behartzen omen zuen Itsusi ispilu aurrean. Bertsio gogorrago batek dio hori esanarazten zion bitartean, aitak amaren ezpain barra hartuta, zatar margotzen zuela, aurpegi guztia gorritu arte.

Hirugarrenak zera gaineratzen du: ispilu aurrean “itsusi nago” esatera behartzen zuela, amaren ezpainetako barrarekin aurpegia erabat margotu eta bortxatzen zuen bitartean.

Horrelakoetan gertatzen den moduan, inork ez dio berari galdetu.

Orain Itsusi itsusia da, nahita nahiez. Itsusi egiten du gure auzoan. Baina hori baino gehiago itsusiarena egiten du.

Eta guri, auzoei, gustatzen zaigula badaki.

Izaskun Jauregi

BABESLEAK

Laguntzaileak:

  orkli