HITZEZKO SEKRETUAK
Eta eskutitzak horrela kontatuko zion ahizpari:
«Kaixo!: hementxe naukazu, ohi denez, zure mahaian ezarririk hitz batzuk idazteko prest. Hitzak: gaurkoan, besteetan bezain alaiak izango ez diren hitzak. Urrun zaituzte. Baina zu sentitu beharrak bultzatzen nau idaztera.
«27 urte dira jadanik egunerokoaren errepideak teilatu beraren azpian bizitzera eraman gintuenetik. Zuk 13 hilabeteko abantaila daukazu hala ere. Eta hori beti nabaritu izan da elkarrekin egiten genuen gauza orotan. Eskolarik gabeko egunetan, goizean goizik, margoen kutxa hartu eta sukaldera joaten ginen, han, mahaian margotzen aritzera gurasoak esnatu bitartean: zuk izan behar zenuen kolorea aukeratzen lehena, eta noski, beti gorria aukeratzen zenuen. Panpinetan, gutxitan aritu izan bagara ere, zuk Barriguita-k nahiago zenituen, eta nik, berriz, Darling-a. Oraindik ere gogoan dut nola “aioiok”, eskolatik jasotzen gintuenean, zu zinen, askariko ogitartekoak zirela medio, zirkuko zuzendariaren papera hartzen zenuena eta ni, berriz, pailazo negartiarena. Arras ezberdinak izan baikara beti».
«Sustraiak ongi finkaturik dituen enbor bereko adarrak gara gu biak: lurrak elikatu gaitu, erreka beretik edan dugu, hostoek jantzi gaituzte, eguzkiak berotu gaitu eta egun gogorretako haize eta euri bortitzek espazio zabalera nola kimatu irakatsi digute. Baina enbor bereko adar bi besterik ez gara, bata bestearengandik urrutiegi elkar ukitzeko, elkarrengandik gertu egoteko. Zain berekoak gara, odol berekoak. Eta honek nahikoa beharko luke gure artean konplizitate txikiak egoteko, guk soilik ezagutuko ditugunak, guk ulertuko ditugunak, sekula hitz egingo ez ditugunak, besterik gabe hor egongo direnak, gure odolean, gure zainetan. Baina ez ditut inondik topatzen».
«Hainbeste urtetan izan bezala, orain ere zure adarrek ez naute ukitzen, gure enborretik urrundu baitzaituzte. Sumatzen zaitut, alabaina. Urrutiko eguzkiak zure itzala dakar egunsentian eta haizeak zure presentziaren usaina. Odola borborka dut zure premia nabariturik; zainak lehertzear ditut beharrak tenkaturik; eta gauza bat eskatzen didate, bat bakarra erregutzen: elkarrekin bizi izandako momentuak berreskuratzea».
«Ezin dut bakarrik egin, ordea, ezin ditut bakarrik berreskuratu. Ez ditut pasartetxo horiek aurkitzen asko bilatuagatik ere. Desagertuak direla dirudi».
«Begiak ixten ditut, eta belzturaren artetik atzera jotzen dut denboran. Atzera eta atzera. Hor ikusten zaitut, buru barruko bilduma bateko argazkia izango balitz bezala, hor ikusten zaitut, eta hor ikusten dut neure burua ere. Arraroa da: hemen nago eta hor gaude, goitik behera jantzirik. Lepotik amak egindako bufanda, hiru buelta eman ondoren, zintzilik daukagu eta eskularruek eskuak ezkutatu egiten dizkigute. Momentu goxoak gogoratuz sortzen zaidan irribarretxoa sentitu dut oraingoan ere nire ezpainetan agertzen. Gure berokien urdina hondo elurtuaren gainetik nabarmen geratzen da. Hotz egiten du. Ez dirudi horrek axola digunik. Irudia argi ikusten dut, bai, baina, ez dakit non gauden, zergatik gauden hor, ez eta zer egiten ari garen ere».
«Agian, zu eta biok agertzen gareneko argazkiaren leihoa gehiago zabaldu beharko nuke, handitu, edota txikitu eskuetan zer daukagun ikusi ahal izateko. Horretarako, orduan, betaurreko bereziak beharko nituzke: betaurreko magikoak, irudien tamainak aldatzeko, gerturatzeko eta urruntzeko, eta posible balitz, baita koloreak ere aldatzeko balio duten anteoju magiko batzuk».
«Zure laguntza behar dut. Zuk dituzu niri falta zaizkidan betaurreko magiko horiek. Zu zara nire sekretuen giltza».
Zailena egina egongo zen: ahizpari gutuna idaztea, alegia. Baina egin beharrekoa, oraindik, erabat amaitu gabe. Izan ere, egunkarira bidali beharko zuen idazkia eta bertan argitaratua izatea itxaron. Egun bat, bi egun, hiru, lau,… ez zekien zenbat iraungo zuen itxaroteak, ezta bere itxaropenak ere, baina egunero adi egon beharko zuen pentsatutakoa ongi atera zedin nahi bazuen, behinik behin. Egunkariak letra argitaratutakoan mezu bat bidaliko zion, beraiek aski ongi ezagutzen zuten bidetik: «Hitzak erabiliz ere sekreturik handienak gorde daitezke. Maitasunez, zuretzat».