Narrazioak

Irudiak: Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Luma berrien eleak 10.zenb.
Luma berrien eleak 10Zenb.
Irudiak:Kristina Fernandez
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
etxaniz_20.gif
 
BUENOS AIRES
Atsegin nuen bidaia-liburuetako pasarteak zuretzat irakurtzea, hori eta beste gauza batzuk. Orduan banekien gogoko nuela, liburuena, eta orain ere akordatzen naiz gure protokolo xume hartaz. Batzuetan, zulo bat sumatzen dut, hemen, sabelaldean, baina ez dut uste bakardadea denik, ez behintzat bakarrik egotearen bakardadea; horrelakoa uxatzen trebea bainaiz, nahi dudan guztietan hankaperatzen dut eta leihotik behera botatzen, oroitzapenek eta bidaia-liburuetan irakurritakoak lagun egin diezadaten. Horrela izaten da beti, beste bakardade bat etorri eta espazio honetara itzularazten nauen arte, bakarrizketa ero batera kondenatuz ahots-kordak eta aho-barrunbe guztia. Ezpainak behintzat nireak ditut oraindik, «egunen batean ezpainik gabe utziko zaitut, eta orduan, hortzik gabeko ahoa duzula pentsatuko du jendeak, aittona xahar batek bezalaxe», esaten zenidan aho ertzean muxu eman eta ezpainak xurgatzen zenizkidalako keinua egiten zenuen bakoitzean.

Zuri amodioa egitea ere atsegin nuen, bidaia-liburuetako pasarteak zuretzat irakurtzea adina, kasik. Horrelaxe gogoratu nahiko zintuzket beti, adats bezatu gabea gerriraino, belaun parera iristen zitzaizun kamisoia, oinutsik eta ipurmasail ederrak niri begira... hatzpuntekin ferekatzen nituen, kuleroak jantzita zeneuzkanentz asmatu nahian, goizero, erantzi ote zenituen jakin nahian, maita zintzakedala ziurtatuko zidan seinalearen bila, eskuak kamisoiaren azpitik labaindu baino lehen.
 etxaniz_21.gif

Arropa zarpaildu hauekin ikusi baninduzu, han, Florida hotelean, ez zenukeen nirekin, nire bidaiekin amets egingo, eta ez zenituzkeen hirien izenak erakusten zituzten pegatina haiek maleta handian itsatsiko, gero, geltokiko aulki hartan, nire ondoan esertzeko, maletarekin. Paris, Belgrad, Viena, Erroma, Buenos Aires... maleta zein koloretakoa zen antzematea zaila zen benetan horrenbeste hiriren artean; baina horregatik izan ez balitz, ziur nago ohartu ere ez nintzatekeela egingo nire alboan eserita zeundenik, ez nizukeen hitzik egingo, zuk ere bazenekien. Gehienbat letra gorri handiz idatzirik zegoen Buenos Aires hark eraman ninduen lehenengoz zurekin hitz egitera, sekula ez bainuen bertan izandako inor ezagutu.

Hirien maletarengatik izan ez balitz, lehen ere esan dizut, ohartu ere ez nintzatekeen egingo nire alboan eserita zeundenik, hotelean lan egiten zenuela ohartu ez nintzen bezalaxe. Bazenekien Buenos Airesengatik egingo nuela, nire hiri kuttuna zelako, eta zuk bazenekien, udako arrats luzeetan entzun baitzenidan hotelean, turistekin hizketan, bidaia-liburuek ziotena baieztatu nahian, beti. Buenos Airesi buruz nahiago zenuela ez hitz egin esan zenidan orduan, hantxe, nire ondoan eserita, maletarekin, oroitzapen txarrak zenituela han igarotako egunez, baina nahi izanez gero, hitz egingo zenidala Paris, Berlin, Bratislava, Bangkok, Budapest, Helsinki, Habana, Younde edo Manilari buruz, eta agian, bihar edo etzi Buenos Aireseko kontuak esango zenizkidala nire etxean ostatu ematen banizun.

Oraindik ez dakit zergatik utzi nizun hemen geratzen, nire ondoan, berehala antzeman bainizun ez zenuela Buenos Airesen berri. Agian gosaltzeko egiten zenituen opilengatik, izango zen, edo etxean lo egin zenuen lehenengo gauean bertan nire ohean sartu zinelako. Agian, amets egiteko behar ninduzulako, zuk ez baitzenekien letra bat hurrengoarekin lotzen, edo besterik gabe, nire beharra zuen norbait behar nuelako.

Liburu urdina inoiz ez zen apaletik mugitu, sekula ez zenidan eskatu irakurtzeko, gainontzeko liburuen artetik ateratzean zulo nabarmenegia uzten zuelako akaso Buenos Airesek.

Horrenbeste denbora eta gero zure ahotsa berriro entzuteak ez nau epel edo axolagabe utzi. Gogoratzen nola behin noria handi hartan ibili ginen, eta nola hura mugitzen hasi eta berehala traste hura geratzeko oihukatzen hasi zinen ezin zenuelako goitik beherako hura jasan... bada, horrelaxe sentitu naiz zure ahotsa entzun dudanean, bertigoa sentitu dut. Azkenean berriak Buenos Airestik, eta Buenos Aireseko berri zure ahotik. Plaza de Mayo, La Boca, San Telmo, Recoleta, Palermo, Ti- gre, San Isidro... zure deskribapenak bat datoz nire buru barruko koadroekin, eta horien koloreekin.

Grazia egin dit zure hitzak doinu berezi horrekin apainduta entzuteak... gero ohartu naiz, denbora asko dela hara joan zinela, sei urte ia. Hasieran eskutitza idatzi badizut ere, nire hitzak zinta batean grabatzea pentsatu dut gero, zuk egin duzun bezalaxe; zera pentsatu dut, eskutitza bidaliz gero argentinarrari emango diozula irakur diezazun, eta ez dut nahi zuk hori egiterik, zuri hitz egin nahi dizut.

Zure ahotsaren azpitik tango doinuak entzuten dira. Zure gorpuzkerari ongi doakio tangoa, eta baita zure ile luze beltzaranari ere. Argentinarraren arnasa zure lepoan
pausatuz dantzan irudikatu zaitut, zure gerria bere besoen preso. Inoiz ez diot galdetu Matilderi zer izen zuen Argentinarrak, eta berak ere ez dit esan. 47. gelan egon zela baino ez dakit, eta hotelean pasa zuen lehenengo gauean bertan galdetu ziola Matilderi nor zinen.

Etorri zinen bezala alde egin zenuen, bat-batean eta maleta handiarekin; hurrengo goizean iruditu zitzaidan inoiz ez zinela bertan izan, eta nire oheak inoiz ez zuela emakumerik ezagutu. Hirien maleta nire etxeko atetik sartu aurreko egunerokotasunera bueltatu nintzen, inolako zailtasunik gabe, beti horrela izango zelakoan. Baina hamalaugarren egunean ezin izan nuen ohetik jaiki, nahiz eta osasuntsu egon. Eta harrez geroztik horrelako egunak izan ditut aldian-aldian. Sekula ez dut inor maitatu, eta ez dut uste zu salbuespena izan zinenik. Baina ez nago ziur. Oheak preso hartzen zaituen egunetan arimak laguntza ukatzen dio gorputzari. Agian, maite izan zintudala ohartarazteko modua izango da.
Garbiñe Etxaniz Aiastui

BABESLEAK

Laguntzaileak:

  orkli