GUTUNA
Zaldibian, 1901eko martxoaren 21ean.
Kattalin mattia, zer moduz zaude?Hemen, ongi esan beharko, bizitza aurrera doa, eta, Jainkoari esker, osasunez ongi. Arima kontuan, berriz, gaixotzeko zorian, izan ere, hain handiak izan dira ezin uxaturik izan ditudan kezkak.A mi querida hermana Sor Catalina del Amor Misericordioso. Zu, ordea, lasai bistaratzen zaitut komentuan, errezuan eta lanean gelditu gabe. Jainkoari ohore egin eta berari zerbitzatzen. Jainkoa senarra izango bazenu bezala, bere esanetara erabat jarrita. Hori izan zen zure erabakia. Hori gure etxetik alde egiteko aitzakia. Aske izan nahi zenuen, ez zenuen onartu aitak senartzat aukeratutako gizona, eta horregatik aukeratu zenuen zuk gizonen artean agindu gehiena zuena, Jainkoa, zeruko erregea. Horrela joan zinen eta horrela geratu nintzen ni ahizparik gabe, barrengo sekretuak kontatzeko lagunik gabe. Halabeharrez, eskatu nien nik ere gurasoei baserritik aldentzeko baimena. Aitak senartzat aukeratutako Inazio, onartzearen truke, eskatu nion neskame lana betetzeko permisua. Horregatik nabil hemen Zaldibiako ostatu txiki honetan lan eta lan, gelditu gabe ni ere,otorduak egiten trebatzen eta, niretzat antolatuta dagoen bizitza berria erosoago bizitzeko txanponak biltzen. Etxekoen ongizateak kezkatzen nau, baina ziur nago gure Jainkoaren bedeinkapena dutela eta hark ongi zainduko dituela. Gure izeba Anbroxi oraindik gaztea da eta hori lasaitasun ederra da guretzat, eta horrela izan dadila urte askotarako. Karta honetan Kattalin, hilabete hauetan gertatutakoa kontatu nahi dizut. Buruhauste eta kezka handiak izan ditut, baina, beti gertatzen den bezala, iluntasunaren ostean argitasunak hartzen du lekua eta ni ere hasia naiz, beraz, argitasuna ikusten, zoriontasuna arnasten eta bizitza berrirako prestatzen. Eta dagoeneko galdetzen hasia izango zara,jakin nahian, zer izan den kezka eta zoriona sortu didan arrazoia. Duela zortzi bat hilabete hasi zen nire bizitzan gertatu zaidan egoerarik ederrena. Ostatuan nengoen, igande eguerdi batean, beti bezala herriko baserritarrei meza nagusiaren ondorengo hamaiketakoa zerbitzatzen, gure artean hiltzat jotzen genuen mutil gaztearen arima agertu zitzaigunean. Ezezaguna zen gazteak gorputza ahitua eta mindua zeukan, ez ordea, ahotsa. Hizketan hasi eta ilusioa galdua zeukan aitari esan zion gudatik itzulitako semea zela. Aita zur eta lur gelditu zen, barren barrengo odol izoztuak, harrizko estatu baten modura. Eta, ondoren,sinesgarria ez zena sinetsi zuen aitak, semeak proba erakutsi zioenean: eskuin eskuko behatz motza. Eta izoztuta gelditu zitzaizkigun odolak hantxe bertan geunden gainontzeko guztiei ere. Orduan agindu zidan etxekoandreak salda beroa eskaintzeko aitari eta berpiztutako semeari. Eta orduan, salda eman nion mutilari. Eta inoiz jaso ez dudan irribarrearekin eskertu zidan eta orduan piztu zen nire barruan jela eta izotz handiena urtuko zuen txinpart txikia. Nola esplikatu, Kattalin, nik sentitu nuena, mutil nekatu harren esker oneko begiak ikusi nituenean. Eztia bere begietan, sufrimendua aurpegian, arrastoak gorputzean. Bizitza latzaren aztarnak zituen gorputza zaindu eta sendatzeko desira izan nuen, eta horretarako eskaini nintzen. Eta baita berak eskertu eta onartu ere. Eta gorputz hura zaintzen, joan zen barrengo txinparta handitzen sua bihurtu arte. Handitzen joan zen bezala bion arteko desira eta maitasuna. Kontaezina da sentitzen dudan poza bera ikusten dudan bakoitzean, eta gure begiradak elkartzen direnean. Kontatzen dizkit guda horretan bizitakoa eta esaten dizkit hitz ederrak eta agintzen dit noizbait itsasoa ikustera eramango nauela ere, eta... nik baietz esaten diot. Eta horrela, izango da, nahiz eta oraingoan gure etxekoen odolak izoztu. Kattalin, Martin maite dut eta, ez, ezagutzen ez dudan Inazio. Hauxe da dena. Hauxe etxekoei esan beharrekoa, hauxe gure aitak eta Inazio berak jakin behar dutena. Hauxe. Besterik ez. Zaldibian gelditzea da nire nahia; hemen, Martinekin bizitza berria hasiz. Horregatik, natorkizu laguntzaren eske. Aurreratu berri hau etxekoei. Udaberri aztarnak antzematen hasiak gara eta epel eta bero garaitarantz hurbilduko gara aurki. Izotz handienak ere urtzen dira, pixkanaka bada ere. Horixe da dudan itxaropena. Kontatutakoa ulertuko duzulakoan nago, ahizpa mattia. Eskerrik asko Kattalin. Muxu handi bat eta besarkada bero bat zuretzat. Dios te guarde por muchos años. Tu hermana que mucho te quiere y nunca te olvida Emili Aritzet |
Narrazioak
GELBENTZU ARSUAGA,Ana "Gutuna" (Narrazioak)
- Xehetasunak
- Nork idatzia: Gelbentzu Arsuaga,Ana
- Kategoria: NARRAZIOAK
- Bisitak: 25039