HINTZENA
Goizero bezala, Patxi mutilzaharraren etxe aurretik igaro haiz eguneroko paseotxoa emateko asmoarekin. Gaur ordea, ezusteko batekin topo egin duk, zerbaitek eten dik hire pausoa. Begiak tinko jarri dituk atariko BH gorrian. Bat-batean begirada lausotu eta hire burua Tourmalet-eko gainean irudikatu duk, Bahamontes, Galdeano, Otano, Suarez eta Luis Perez-en alboan. Gogoan dituk urte zoragarri haiek.
Eta Getxoko criterium-a, punta-puntako txirrindulariek parte hartu zuten lasterketa hura, ahaztezina duk. Anquetil, Charlie Wolfe, Loroño eta Poblet bera han hituan, anaia eta hirekin batera. Jendetza itzela bildu zuan; kaleetako oihuak, txistuak, txaloak, animoak... Hire memorian oihartzuna ditek oraindik.
Poblet eta De Rigaderekin batera buruz buru jarri hintzeneko azken ehun metroak, atzo bertan jazo balira bezala sentitzen dituk. Bien gurpilean abiatu hintzen, pelotoia atzeratzen ari zen bitartean. Burua altxa eta helmuga bertan ikusi huen, pare bat kilometrora besterik ez. Ezpainak estutu, bi eskuak gogor eskulekuan eta eraso bortitza jo huen, hire azken hatsa.
Lortu huen, azkenean. Besoak gora eta txapel beltza buru gainera. Urrezko aroaren hasiera besterik ez zuan izan, erreskadan etorri hituan gainerako lorpenak eta ametsa errematatzeko, Tour-a korritzeko deia jaso huen. Eskuin belaunean nabaritu duan sastadak ordutik 40 urte igaro direla gogoratu nahi izan dik. Hasperen luze baten ondoren, paseoari ekitea hobe dela pentsatuz, abian jarri haiz.
Buelta erdia ematerako, begiak berriro ere bizikletari so geratu dituk, salatu egiten haute, iman baten modura erakartzen dik hire arreta. Eta hasiera haiek etorri zaizkik oroimenera.
19 urte besterik ez hituen anaiaren eta bion artean lehenengo bizikleta alokatu zenutenean, Oiarbidek utzitakoa. Afizionatu mailan harekin ibili hintzen, huraxe izan zuan lehen pedalkadetako hire bidelagun. Zenbat buelta eman ote zizkian igande arratsaldetan Nafarroa aldera! Euskal Herriko txoko gehientsuenak ezagutu hituen bi gurpil haien gainean.
Hirea, propioa, iritsi zuan arte: Orbea gorri bat, aluminiozko koadroa zian, aparteko distira, liluragarria benetan. Altxorra hiretzat. Egunero garbitzen huen paseoa eman ondoren, zuzenean etxe atzeko baratzera joaten hintzen, aita zenak landareak ureztatzeko erabiltzen zuen mangera hartu eta zilarra bezain garbi gordetzen huen, biharamunera arte.
Entrenamenduetan ere fin-fin ibiltzen hintzen, goiz eta arratsalde, negu nahiz uda; euri jasatan ala eguzki galdatan, ez huen bat bera barkatzen. Gipuzkoako txapelketak botaarazi zizkian lehen izerdiak, Milan San Remok hortzak erakutsi zizkian; eskarmentu apur batekin ekin hion Espainiako Itzuliari, berde samar ordea, artean. Italiako Giroan paparazzien botereaz jabetu hintzen, eta Frantziako Tour-a helbururik gauzatuena izan zuan. Sakrifizio guztiek onurak dakartzatela ikasi huen, eta ametsak egia bihurtzen direla ere sinetsi huen.
Patxiren bizikleta hartzeko tentaldiari ezin izan diok eutsi. Heldulekua bi eskuekin hartu, eskuineko hanka aulki gainetik pasa eta ezker oina dagokion pedal gainean jarrita txirrindulari sentitu haiz, berriro ere, segundo batzuetan. Nahi, baina ezin. Hainbeste eman dian tramankuluak aurre hartu baitzian; azkenean, hi bihurtu hintzen errepidearen helmuga. Marraren bestaldean zer dagoen ikustera gonbidatu hinduen.
1963ko Frantziako Tour-a malapartatua izan zuan. Estreinakoa eta azkena hiretzat. Parisko kaleetan barna lasterketa buruan hintzen, 160 km bakar bakarrik eginak hituen, atzetik arimarik ere ez huen ikusten. Helmugarako azken kilometroko pankartapetik igaro hintzenean, bihotza taupada bizian entzun huen, bizikleta gaineko ibilbide osoa plano laburrean igaro zuan hire oroitzapenetatik. Inortxok ere ezin hinduan geldiarazi. Burua altxa eta hor aurrean ikusi huen, zapaltzeke, inoizko marra zuririk lodiena, hire jomuga, ametsik beteena.
Bat-batean, ordea, tupustean, hire aurrean bihurgune itxi-itxia agertu zuan. Astirik ez huen izan galgatzeko, aurreko gurpila dantzan hasi zuan eta konturatzerako anbulantzia barruan hintzen, sirena deiadar batean zela ospitalerako bidean.
Zortzi egun ohetik altxa gabe, hilabete eta erdi mugitu ezinda, belaunezurra txiki-txiki eginda, eta agur bi gurpilen
gainean jartzeari. Abiadura bizian jaitsi hintzen, konfiantza gehiegirekin agian, azkar iritsi nahi huen helmugara. Agudo eta ondo, usoek bakarrik egiten diate hegan. Podiumean, gorengo koskara igotzerik ez huen lortu. Ez eta lore sorta ederrik jasotzeko aukerarik ere. Klik alde batetik eta klik bestaldetik. Hurrengo eguneko egunkarien orrialdeak bete hituen, ez ordea hik nahi huen moduan.
Helmugako marrarik ez huen zapaldu eta inoiz gehiago ezin izango huen errepikatu besoak altxatzeko keinua. Hogeita sei urte besterik ez hituen. Sendatuko hintzen gerora, baina berriro hasteko animorik ez huen. Ezin huelako lehengo bera izan, alferrikakoa zelako.
Orain ere, hobe izango duk Patxiren bizikleta zegoen lekuan uztea. Harro egoteko moduan haiz horratik, Jazinto! Karrera hainbat milioi irabaziz gero, ondo geratuko hintzen.