Narrazioak

Irudiak: Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Luma berrien eleak 10.zenb.
Luma berrien eleak 10Zenb.
Irudiak:Kristina Fernandez
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
ZAZPIKA GARAren aldizkaria

Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 
Oihanean ez da isiltasunik sekula

137Oihanean ez da isiltasunik sekula. Gaur ere ez. Oxigeno partikulak baino gehiago zenbatu daitezke ortzitik eroritako txioak. Ipuinetatik eratorritakoak. Ikusezinak diren hego koloredunen gorputzetatik irtendakoak. Hamaika espezietakoak. Abeslari onenen pareko musikak intonatu ohi dituzte gehientsuenek. Kantari eskasak eta negargarriak ere badiren arren tarteka. Baina norgehiagoka dabiltza guztiak eztarriak urratu beharrean txorrotxioka, nork hobeto egin, nork ozenago. Ez da kasik hegazti lotsatirik atzematen. Kabi ertzetan ezkutaketetan jolasean ariko dira akaso. Marmarrean hodei gandutsuetan. Arranotzarren beldurrez. Oihanean ez baita sekula isiltasunik. Gaur ere ez.

Hegaztiek euren bidaiei ekiten diete begiak zabaldu orduko. Tantai gainetan, hegoak indartsu astinduz. Lauso batzuetan, jaio berriak direnean. Edota ia arnasarik hartu ere egin gabe, azkar eta bihurri, gaztaroan. Eta muxuak bidaltzen dizkiete elkarri, maitemintzean. Madarikazioak, orro uneetan. Diosalak, lagun artean. Eta pausatu egiten dira. Pausatu, zuhaitz adar nerabeei azalak laztanduz noizean noiz. Edota, urteak zenbatzea lan zaila gertatu ohi zaien enbor lodikoteetan atseden hartuz. Pausatu egiten dira, palmondorik altuenen adaburuetan. Sasi marduletako arantza ñimiñoen sorbaldetan. Jolas modura kulunkatzen diren lianetan. Eta pausatu egiten dira hegaztiak, tarteka. Banaka edo taldean. Baina ez da sekula isiltasunik oihanean. Ezta gaur ere.

Hostoei pasatzen diete isiltasuna etetearen testigua txoritxoek. Haizearen eraginez dantzan jartzen diren berealdiko hostoei zein koskorrei. Eta txistuka hasten da oihana goizean goizetik. Eguerdi parteko itzal gogokoenetan. Bero ondoko ilunabar geldoetan. Txistuka dirau oihanak bai eguzki-begietan, bai euri-jasetan. Txistuka, kontaezinak diren kimuetatik hazten diren berde koloreko orrien zanbulutan. Enbor arteko pareta ikusezinetan. Lore basatien titi puntetan, nola lurzorutik ihes egin nahian borrokan dabiltzan sustraietan. Txistuka dirau oihanak belardi basatietan. Lorratz ezezagunetan. Lokatz mamitsuetan. Putzu zein zingira urratuetan. Txistuka dirau oihanak haizearen eraginez. Ipar-mendebaldeko hatsaldiengatik. Hego-ekialdeko ufaden kausaz. Oihanean ez baita isiltasunik sekula. Gaur ere ez.

Txistuka dirau oihanak ordurik gabeko bizipenetan. Ahots hezeetan. Tanta gezetan. Nahiz eta urrun den itsasoa. Urrun diren metrodun olatu bitsatuak. Urak sorturiko artelanak. Alabaina, begiak itxiz gero, entzun daitezke zurrunbilo kresaltsuak, olatuen hondar gaineko desagertze misteriotsuak. Entzun daitezke ur zabalaren oihartzunak oihaneko txistu artean. Begiak itxiz gero. Marmario boladetan. Zurrumurruka berritsuki. Uhin borobilek garraiatuko balituzte bezala… Oihanean ez baita sekula isiltasunik. Eta gaur, orain, ere ez.

Hauts lohituak zeharkatuz, pasieran ibili ohi dira neurrigabeko luzera duten narrasti higuingarriak, arrastaka. Eta isiltasuna apurtzen dute oihanean zeinahi garaitan. Mingain luzeak dardaran jartzen dituzte, zokorik ezezagunenak fintasunez zapaldu bitartean. Noizbehinka, zomorro galduren batekin egiten dute estropu. Eta bakardadean, eguzkitan zurrungan lokartzen dira, euren zintzarriei sosegu emanaz. Isiltasunak maiz egiten du tupust oskoldun bareen geldotasunarekin oihanean. Maiz, armiarmen, inurrien, ehunzangoen edota matxinsalto saltokarien ibilaldiekin. Bat egiten du lurrazpiko sator muturluze zein zizare eraztundun likatsuekin. Euli malapartatuekin. Lirainki kilimak egiten dituzten pinpilinpauxekin… Isiltasunak urrunera sumatzen ditu tximu buztan arinen jauzi hirukoitzak eta izua barneratzen diguten ugaztun hagin luzeen aharrausiak. Hala, bizidunen intziri eta zotinak zenbatu ezin gertatzen dira. Oihana bizi-bizirik sentitzen da. Oihanean ez baita sekula isiltasunik. Eta, noski, gaur ere ez.

Gaua da oihanean. Lokartu dira izaki gehientsuenak iluntasunarekin. Baina esna da zaindaria, adarrean itsatsita. Begiak adi eta gorputza tente. Lepoa ezker eskuin astiroki mugitzen duela. Eta lo kantarik gozoena abesten dio izadiari gauero, uluka, ilargi zuriaren argipean. Ingurumariko saguzarren babesean. Eltxo madarikatuen akidurapean. Bozgorailuak jaten dituzten igelen artean eta kilker sopranoen erritmora. Hontzak, lo kantarik gozoena abesten dio izadiari, haizeak zizipazan isiltasuna orraztu bitartean.

Oihanean ez da isiltasunik sekula. Ez da isilaldirik. Gaur ere ez.

Oihana, hiritik at, berean bizi da. Berean bizi da isil-isilik.

ADMINISTRAZIOA EUSKARAZ

Idoia Gereñu

BABESLEAK

Laguntzaileak:

  orkli