Narrazioak

Irudiak: Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Luma berrien eleak 10.zenb.
Luma berrien eleak 10Zenb.
Irudiak:Kristina Fernandez
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
   
 Ilustrazioa: Kristina Fernandez    
pdf    
Urrun, urrunago

Sagarrondoaren aurrean biluztu ginen. Ulertezinak ziren gauzak ulertu gabe jarraitzen genuen arren, sagarrondoaren aurrean biluztu ginen. Eta zer. Guri bost. Gauza hori zen, elkar maitatzea, momentu hartan, sagarrondoaren aurrean. Sagarrondo haren baitan maitasuna ote zegoen ez genekien arren; igual bai.

Han utzi zenituen etxean zehar sakabanaturik, niretzako utzirik bezala, “Mil obras para descubrir el arte”, Leonardo da Vinciren “Obras selectas”, “The gardener’s guide to bulbs, How to create a spectacular garden throughout the year with bulbs, corms, tubers and rhizomes”, tabakoa, pegamentua, “La vida en el campo”, hozkailuko imanak, betile pare bat, kulero gorriak, lore lehortu bat “Hitzen ondoeza”- ren 77. en eta 78. orrien artean eta beste mila zati.

Biluztu ginen, eta maitatu. Momentu horretan egin beharrekoa zelako. Edo ez. Baina egin genuen, agian sagarrondoak berak eskatu zigulako, edo Kasiopeak han goitik, edo edandako patxaranak hemen behetik. Gozo bezain lehor bezain haizetsu bezain biluztu. Ez genekien, ez baita inoiz jakiten, bukatuko zela hura ere, eramango zintuztela beste norabait, zure sustraietatik urrun, urrunago.

Esnatzea zutaz oroitzea baita. Gosaltzea: zu usaintzea. Etxeko atetik irtetea: zu imajinatzea. Ukuilurako bidea hartzea: zure barrea. Txakurrak askatzea: zure soineko beltza. Goizeko 11.00: zure-zurea naizela pentsatzea. Gurasoekin bazkaltzea: bihotzeko min pixka bat. Iturriko ura edatea: zure izterren barnealdea. Ardiak jeztea: zure patxuli usaina. Dena da zu derrepentean, zu hain urrunekoa.

Dena izan zen jiji eta jaja sagarrondo haren azpikoa. Dena laztan, mimetismo, atrakzio, intentsitate, izar, belar usain. Oihu eta barre ere bai, noski. Nola ez. Gezur txikiz apaindutako bizitza. Edo egia handiz josita. Bakoitzak berea. Dena biona, edo hirurona, sagarrondoa kontuan hartuta. Momentuko zoriontasuna zen hura, poltsikoan gorde beharrekoa, halabeharrez. Eraman zintuzten hala ere, ez gintuen zoriontasunak salbatu. Poltsikoak gainezka zenituela, hori bai.

Salako pareta margotu nahi zenuen. Eta margotu dut. Horrela, hemen bazina bezala delako. Ia-ia. Kolorea? morea izan behar zuen baina azula izan da, azkenaldian moreaz asperturik zeunden eta. Hutsunez hutsune ari naiz, zure Hutsunea betetzen. Luzerako baita. Eta ez dakit zulo hauek guztiak Ezerezarekin bete ahalko ditudan. Salan badagoelako zulo beltz bat telebistarekin bete dudana. Komunekoa, ur oso beroarekin. Sukaldekoa?: kez. Baina esan logelakoa zerez beteko dudan, zu ez bazaude. Esan, zerez! Hemen sumatzen zaitut, hala ere, hala nahi dudalako, pareta azulari begiratzen diodan bakoitzean, zuk margotua, nire eskuekin.

Munduak konpondua zirudien, sagarrondo loratu haren azpian ezta? Panoptikoen existentziaz guztiz ahantzirik, istant ttiki batez bada ere, goza daitekeelako intentsitateaz eta baita tristeziaz ere, hala nahi bada. Tetrisean jolasteak baditu bere zerak, ez baikara denok sartzen. Haiek dira kabitzen ez direnak.

Hozkailua ere isilago dagoela dirudi, joan zinenetik. Bere kontzertu gogaikarriak zuretzako zirela uste dut, eta orain, publikoz eskas dabilela sumatzean, isiltzera egin du. Beteago egotearekin ametsetan, bere marmarraren intentsitatea nabarmen jaitsi da. Armiarmak ere ohartu dira, inoiz baino jostunago baitaude, zure falta salatzeko banderak egin eta egin, zure absentzia gogorarazten didaten armiarma sarez beteaz etxea, eta nire barrena.

Eta Ekiñe, zu eta nirea den gure Eki; ezer gutxi ulertzen du eta, hala ere, gu baino gehiago ulertzen duelakoan nago. Larunbatero bidean jartzen gara, pozik, bideak zuganaino garamatzalako. Ikusi-makusira aritzen gara, zerua «e»-z hasi eta «a»-z amaitzen den Elefantez betez, edo «t»-z hasi eta «a»-z bukatzen den TximeletAz. Eta abestu, zenbat abesten dugun! «Irribarre laranja bat margotu diogu eguzkiari, goizero egin diezagun harek koloretsuago argi…». Imajinazioarekin munduari bira eman ahal diogula esaten diot, eta zu gurekin etor zaitezkeela! Amazonaseko oihanera joaten gara orduan, eta Saharako desertura! «Orduan amatxo, nahi duenean, Euskal Herriko mendietara joan daiteke, ezta, aita?». «Klaro baietz!».

Gure jokorik gogokoenetariko bat, gogoratzea da…

- Gogoratzen aita, sagarrondoa loratu zen eguna?

- Noski! Lore zuri bana jarri nizuen amatxo eta bioi ilean! zein politak zeundeten!

- Bai, egia!

- Eta gogoratzen aita, izarrei begira egon ginen gau hartaz?

- Bai ba, ilargia bete-beterik zegoen!

- Eta amak Kasiopea konstelazioa aurkitzen erakutsi zidan!

Isilik geratzen denean, apur bat beldurtu egiten naiz, ondoren etorri ohi diren galderei erantzun egokia emateko gai izango ote naizen dudatan, hala behar dutelako erantzunak, egokiak. Bere pentsamenduen jirabirak entzuten ditut, eta zerbait hautsi egiten zaiola sumatzen dut, han, bere barruan. Bada zerbait, ulertzen ez duena.

- Aita, zergatik dago ama kartzelan?

- Askatasuna lapurtu diotelako.

- Baina, zergatik?

- Berarentzat zuzena dena defendatzen duelako…

- Noiz bueltatuko da ama etxera? Noiz utziko diote berriro izarrak ikusten?

- Gure herriari aske izaten uzten diotenean, orduan, amatxo ere libre izango da.

Erantzunik ez duten galderei erantzun bila gabiltzala iristen gara; Inurriak sumatzen ditugu sabelean, urduri gaude! Itxaron: mila ordu; kontrolak: beste hainbeste. Denbora guzti horretan Ekiñeren eskutxoak zarratuta daude haien arteko hutsunean zerbait gordeta balu bezala. «Pst! Eki, zer daukazu hor, esku artean?». Xuxurlatzen diot. Niregana hurbiltzen da, sekretu handi bat kontatzear dago, badakit. Umeek baino ez dakite horrela xuxurlatzen, «amarentzako opari bat daukat» bere begiak urmael sakon iruditu zaizkit. «Zer da?». «Tximeleta koloretsu bat!». Eskuak apurtxo bat ireki eta barruko ezereza erakutsi dit: «Ikusten? ama bera bezala aske izango da!». Bihotzak estropezu egin dit, milagarren aldiz.

Laster arte, Mitxilore.

Oskia Zalakain Ederra

1990. Argirik gabe ere ikusi ahal
bada, itxi begiak eta gozatu .

BABESLEAK

Laguntzaileak:

  orkli