Ilustrazioa: Kristina Fernandez | ||
Garaizeak
Jaiki orduko ispilu aurrean jarri naiz eta zerbaitek astindu izan balit bezala atzera egin dut erabat beldurtuta. Gaurkoan bai. Aurrez aurre ikusten ari naizen sasitza beltz hau dagoeneko dominatu ezina bihurtu denez, ilea moztera joateko garaia iritsi dela pentsatuta, ile-apaindegira deitu dut txanda eskatzeko asmoz.
Lanetik irten eta esandako ordurako agertu naiz ile-apaindegian. Itxaron beharra neukala eta aldizkariren bat nahi nuen galdetu dit ile-apaintzaileak. Nik baietz, eskaini didana hartuz, igaro beharreko denbora garrantzirik gabekoak diren eta inolako buruhausterik ematen ez didaten berriak irakurtzen errazago pasatuko zaidalakoan.
Orriak pasa eta pasa ari naizela, ezeri gehiegi erreparatu gabe, arreta eman didan berri batekin egin dut topo, bertan duela gutxira arte bikote izan diren pertsonaia famatu biren arteko gorabeherak aipatzen dira.
Titularrean, emakumeak bien arteko harremanarekin amaitu duela eta bikotekide berria duela. Ezer berezirik ez. Baina akuilatuta bezala irakurtzen jarraitu dut. Azalpenean dio nola bikotekide berriarekin asteburu pasa egon den eta aitak zaintzen duela elkarrekin duten haurra, amak beste batekin dolce vitaz gozatzen duen bitartean. Eta bukatzeko, ama semeaz berehala ahaztu dela amorante gaztearekin egindako bidaian eta aitak haurrarekin egon beharra duela, semea bakarrik geratuko ez bada. Interesa ez ezik, argi gorriak ere piztu zaizkit eta irakurketa bukatuta, berriarekin batera jarri dituzten argazkiei begiratua eman diet. Argazkietan aita eta semea agertzen dira parke batean jolasean.
Berriak ez du leku gehiegirik hartzen, motza da; protagonismo gehien argazkiek eta haien oinetan letra lodiz dioenak hartzen dute: «...semeaz ahaztu...», «...semea bakarrik geratuko ez bada».
Ile-apaintzaileari begiratu diot nire aurretik dagoen emakumeari ilea lehortzen dion bitartean. Eta bukatzeko apur bat falta zaiola ikusita ariketa bat egin ahal izan dut, pertsonaiei sexua aldatu eta testu bera berriro idatziz.
Titularrak dio nola hasi den gizona beste emakume batekin eta asteburu pasa egon diren. Zoriontsu direla biak eta zoriontasun hori keinuetan eta begiradetan nabari zaiela. Berriarekin batera argitaratutako argazkietan bikote berria agertzen da kaleetatik barrena eskutik helduta paseatzen, kafetegi batean barre algaraka zerbait hartzen, kale kantoi batean afaltzen. Irakurtzen jarraitu dudan arren ez dut emazte ohiari eta elkarrekin duten semeari buruzko inolako aipamenik aurkitu.
Nire txanda iritsi da, eta ile-apaintzailea hasi da lanean. Kostatu zaio nuen sasitzarra menperatzea, baina lortu du. Ordaintzerakoan, esku artean nuen kartera irekiari begira geratu naiz istant batean: hantxe haurrak eta ni, zati bat falta zaion argazki batean; moztuta dago. Irten eta lagunengana abiatu naiz, kafe bat hartzeko asmotan.
Plazako ertzean dagoen tabernatxora iritsi naizenean lagunak ikusi ditut mahai baten inguruan eserita. Plazan haurrak batera eta bestera dabiltza jolasean gurasoen begiradapean. Arratsaldeon esan eta eseri egin naiz. Konturatu naiz plazara begira zeudela, eta kontzentratuta hitz egiten ari zirela.
-Zer gertatzen da?
–galdetu diet. -Ez, ezer ere ez. Begira, Iñaki agertu da
–erantzun dit batek. -A bai, ze ondo, pozten naiz –nik.
Ni iritsi aurretik agertu berri da Iñaki seme eta alabarekin. Badira sei hilabete Iñakik emaztea galdu zuela eta harrezkero haurrekin agertzen den bakoitzean, guztiei, amei batez ere, barruko erraiak astintzen dizkie eta erruki hasperenak eragiten. Hori dedikazioa, beti seme-alabekin dago, nola kasu egiten dien, gizajoa, orain bera bakarrik denetarako...
Gaur ere plazan –eta tabernan– dauden guztiak erabat hunkituta ditu. Penaren penaz guztiak hari begira daude, errukituta, txundituta, neure errespetuz isildu badira ere.
Nire artean jarraitzen du ile-apaindegian hasitako ariketak eta Iñaki ikusi ordez, Miren ikusi dut eta nire imajinarioa urrutixeago eramanez plazan jarri dut. Plazako elkarrizketak eta egoera bera ere aldatu egin zaizkit goitik behera. Bat-batean, desagertu egin dira hasperenak, dedikazioarekiko miresmena eta erruki begiradak, desagertu egin dira denetarako bera bakarrik egoteari buruzko tristura eta penak.
Senarra galdu eta bi haurrekin geratu den Miren irudikatu dut etxera bidean.
Automatikoki, etxera itzuli aurretik alaba gazteenaren bila joan naiz entrenamendura eta bera eta laguna hartu, bidean ogia erosi eta laguna etxean utzi ondoren gurera sartu gara. Zaharrena iritsi denerako afaria prest neukanez, eseri eta afaldu egin dugu eguneko gorabeherei buruz hitz egiten egon garen bitartean.
Egunari amaiera eman aurretik haurrak oheratu eta egongelako sofan eseri naiz, burutik kendu ezinik eduki ditudan arratsaldekoak gogoan nituela, eta horretan nengoela, inkontzienteki egiten dudana egiten hasi naiz, eskuak burura eraman eta behatzekin jolasean, eta konturatu naizenerako buruan ikaragarrizko sasitza egin dut erremediorik gabeko behatz dantza zoroan.
Guraizeak sartuta ere, arazoak ez dira beti konpontzen. Ezta gaurkoan ere.