Narrazioak

Irudiak: Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Luma berrien eleak 10.zenb.
Luma berrien eleak 10Zenb.
Irudiak:Kristina Fernandez
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
ZAZPIKA GARAren aldizkaria

Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 

Ez nago konforme

7k27    
Irudia:Kristina Fernandez    
pdf    

Kaixo, ez nago konforme. Eta? Barkatu, ez da zenbaki hau, ala? Ez, ez, nahastu egin zara. Seguru? Bai...Baina zenbaki hau eman didate. Ba ez, sentitzen dut... Eta nora deitu behar dut ? Tiiiiiiiiiii... Beti berdin, ezin sekula asmatu nora jo. Markatu beste telefono zenbaki bat eta... Kaixo, hemen... A, kaixo, begira, ez nago konforme eta... Euskaraz egin nahi baduzu, sakatu 1, gazteleraz nahi baduzu, sakatu 2... Ditxosozko makinak! Ea beste honetan... «Buenos días, enseguidita le atendemos...» Eta zer kontatu behar diot nik honi?!!

Ba, igual hobe izango dut gutuna idaztea. Badakit, bai, paperean idatzitako hitzak gero eta gutxiago balio du. Irakurtzea inongo pizgarririk gabe, ez marrazkirik, ezta emotikonorik ere: Puf! Ez, ez nau harrapatzen edo idazkera konplexuegia edo gaia ez zait interesatzen edo nahiago telebista ikusi edo aiba! whatsapp bat! «Etorriko geo?»

Ados, beste garai batzuk dira, baina ni ez nago konforme. Begiratzen dut ingurura, jartzen dut belarria han eta hemen eta ez zait gustatzen jasotzen dudana. Ez dut entzuten nahi adina Aitorren hizkuntza zaharra. Eta gero, bai noski, egin ditzagun manifestazioak, antola ditzagun jaialdiak, bildu milaka lagun eta aldarrikatu, baina...

Begiak itxi eta banoa gure gurasoak elkartu eta seme-alabak euskaraz heziko zituztela erabaki zuten garai haietara. Orduan irakasleek eta gurasoek bat eginda zubitik salto egin zuten sokarik gabe. Ilusioa eta ikara; gaur hemen, bihar auskalo non. Hala ikasten genuen. Eta ikuskari espainola, ikastolaz ikastola zelatatzen. Nahiz eta egunero azaldu ilusio hura zapuztu nahi zuenik, irakasleek segi, gurasoek eutsi eta guk... guk euskaraz egiten genuen. Ikasi genuen euskaraz hitz egiten, idazten eta batez ere sentitzen. Egundoko lana egin da herri honetan euskara bultzatzeko. Euskaraz hitz egiten dugun guztiok egiten dugu zerbait euskararen alde. Baina, era berean, gaztelerara edo frantsesera jotzen dugunean, zartada bat ematen diogu. Eta aske gara, jakina, nahi dugun bezala hitz egiteko, baina bakoitzak bere harria, ez gero begiratu auzokoarenari. Zeren argi daukagu, ezta? Inork ez digu esango nola hitz egin behar dugun, zein hizkuntza den lehenengo mailakoa eta zein bigarrengoa. Inork ez digu esango nola eta zer irakatsi behar diegun gure seme-alabei. Duela berrogeita hamar urte, ikastolak abian jarri zirenean lortu ez bazuten, orain gutxiago.

Eta bide honetan ez du lekurik «krisi» hitzak, diru urritasuna ez da aitzakia. Hezkuntzak eta kulturak laguntzen dute estualdian arnasa hartzen, garenari eusten. Egunkaria, literatura, irratia, telebista, musika, antzerkia eta zinema euskaraz behar ditugu... orain inoiz baino gehiago. Bakarren batzuek, akaso, baliatu nahiko baitute garai hau dirurik ez dagoen aitzakiaz gure nortasuna eta izatea zanpatzeko.

Zeren benetan nahi baitugu euskaraz bizi, ala? Horregatik, agintariei konpromiso handiagoa eskatu behar diegu, zaintzeko batez ere euskarazko hedabideak, lan egiteko serioski, bultzatzeko telebista-saioak eta bikoizketa euskaraz, ez izateko audientzien morrontzarik eta ez etsitzeko, hori inoiz ez. Eta guk, guk bultza dezagun euskal kultura.

Piii piii! Nor ote orain! Bai? Barkatu, zuk deitu al duzu lehen? A, bai, bai. Eta, gustura geratu zara jaso duzun erantzunarekin? Zer?!! Ondo erantzun dizugu? Ez horixe! Ez du inork entzun nahi izan nire erreklamazioa. A, barkatu, ba deitu berriro. Nola?!! Piiiiiii... Eskegi egin dit!!!

Bai, irakurle, euskararen auzian, Anjel Lertxundiren hitzak datozkit gogora: «Hizkuntza bat berez ez da ezer. Hizkuntza bat, eta gure kasuan euskara, gure komunikatzeko tresna da. Eta euskararekin daukagun harremanak izan behar du harreman sentimentala». Alegia, hizkuntza maitatu egin behar dugu, eta maitatzeko bidea, bakarra da; erabiltzea. Ahalegin honetan, euskaldun berriek euskaldun zaharrok baino meritu handiagoa duzue. Gehiengoak gazteleraz edo frantsesez egiten duten herrietako euskaldunen aurrean ere txapela erantz dezagun. Eta belarriak gorritu... abertzaleak direla aldarrikatu eta euskarari bizkarra ematen diotenei. Euskara bultzatzen dutela esan eta batzarrak gazteleraz edo frantsesez egiten dituztenei. Ahoan lehenengo hitza euskaraz ez dutenek gutxi egiten dute honen alde.

Benetan estimatzen badugu, ez dago gairik ez esparrurik non euskaraz egin ez baitezakegunik; gure esku dago seme-alabak euskaldun osoak izatea. Eta ni ez nago etsita, ez dut amore emango, nahi dudalako euskara bizia.

Piii piii... Hara, berriro! Lehengo lotsagabea bada... Bai? Kaixo, Itxaropenaren Telefonoa duzu hau.Zerrr?!! Esan digute ez zaudela konforme eta ez egitekoren bat egiteko puntuan... Nola??? Nork esan dizue hori? Barkatu, itxoin pixka bat... Eta makina berriro. Hitzordua eskatu nahi baduzu, sakatu 1. Zuzendaritzarekin hitz egin nahi baduzu, sakatu 2. Erreklamazioa aurkeztu nahi baduzu, sakatu 3. Horixe erreklamatu nahi dudala! 3sakatu eta bota dut garrasika: Ez nago konforme, aditu?!! Ez nago konforme euskarari ematen diogun tratuarekin!!!

NOR DA

1964. Gidoilaria, bikoiztailea... ama, eme, tarteka
idazle, beti ikasle eta batez ere euskaltzale.

BABESLEAK

Laguntzaileak:

  orkli