Narrazioak

Irudiak: Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Luma berrien eleak 10.zenb.
Luma berrien eleak 10Zenb.
Irudiak:Kristina Fernandez
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
ZAZPIKA GARAren aldizkaria

Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 
Gugan bizi dira 
   
Irudia: Kristina Fernandez    
pdf    

Zenbait usainek, tokik edo soinuk gogora ekar dezake trauma sakona» irakurri zutenekoa etorri zaio gogora, eta bere buruari galdetu dio ba ote dagoen norberak bizi izan ez duen zerbait gogoratzerik; ba ote duten, amets batean bezala, ordukoek gugan bizitzarik, ba ote duten gure begietara irudi moduan agertzerik, sekula ezagutu gabeko bizipenetan bezala.

«Trauma handi batek belaunaldi oso bati eragindako izua belaunaldiz belaunaldi transmititzen da», eta irakurtzeak baretu egin zion barrua, baretu buruan bueltaka ibili eta norberarena baino ez dirudiena beste askorena ere badela idatzita ikusteak egiten duen moduan.

Ustekabean, beti bezala. Hala heldu zaio oraingoan ere irudia. Bizi izan ez duen arren, bere-berea duen oroitzapen bat bezala, amets bat bezala. Hala agertu ohi zaio.

Marrazten harrapatu du gaur beste behin ere bere burua: ihesaren beldurra daramaten begiak agertu zaizkio aurrean. Oroitzapen batean bezala, amets batean bezala, ezustean, berari begira agertzen zaizkio begi beldurtuak. Nahiko lituzke soinuak ere margotu, baina ez daki nola irudikatu halen ziztua eta bonben hotsa. Buruan argi entzuten ditu, amets batean bezala, oroitzapen batean bezala agertzen zaizkio. Nahiko luke isiltasuna ere marraztu, baina ez daki isiltasun inposatua, belaunaldiz belaunaldi transmititu den mututasuna nola irudikatu. Begi beldurtuak baino ezin ditu marraztu.

Entzun du badela ordua kontu horiek atzean uzteko; nekagarri ere badirela honezkero, eta asko esan eta idatzi dela gaiari buruz, baina berez etortzen zaizkio irudiak burura: berak bizi izan ez dituen irudiak, kontatu ez dizkioten irudiak, zeharka kontatutako istorioak kateatuz eraikitako irudiak. Badaki begi horiek hitz asko ezkutatzen dituztela, oraindik asko dagoela esateko, idazteko eta jakiteko. Isiltasun inposatuak dena estali zuen.

Bururatu zaio ordukoek isiltasuna helarazi zutela. Isiltasuna inposatu zietela, eta isilarazi zituztela. Eta marraztu nahiko lituzke begi beldurtu isilduak, begi garaituak eta zaurituak. Begi isilduak. Isilduak, abailduta bueltatu zirelako. Lsilduak, iragana kontatuz berriro bizitzea mingotsegia zelako; marraztu nahiko lituzke emakume baten begi isilduak, emakume izateak isiltasunkate bikoitza ezarri zielako.

Trazu gogorrak isiltasuna margotzeko. Basakeria hura isiltzera kondenatu zituzten ordukoak, eta gaur lehena berritu ezinak gainditu gabeko minaz kondenatuta sentiarazten du bera. Isildu beharrak apurtu egin zituen erabat ordukoak eta apurtu egiten du bera ere, hirugarren belaunaldiko herritarra.

<<Trauma handi batek belaunaldi oso bati eragindako izua belaunaldiz belaunaldi transmititzen da», eta gogoratzeak baretu egin dio barrua.

Nola margotu mututzeak norbanakoen eta berriaren eraikitze bidean eragindako ebaki sakona? Nola adierazi memoria kolektiboak falta duen nortasunaren zatia? Nola margotu erbeste isilarazia, gose isilarazia, hotz isilarazia, beldur isilarazia, umiliazio eta bortxa isilaraziak, mehatxu isilarazia, bazterketa isilarazia eta errepresalia isilarazia? Nola margotu hizkuntza ere urkatu dioten aho mutua? Nola adierazi gaur arte inposatutako isiltasuna?

Eta pentsatu du esan ezinak ekarri zien barne hutsunean eta izuan, eta entzun ezak ekarri duen min eta izuan. Belaunaldiz belaunaldi transmititutako izuak, esan ezinak eta gorde beharrak eragindako mamua agertu da, eta margotu du: belaunaldiz belaunaldi transmititutako mamua...

Gainditu gabeko, garaitu gabeko mamua margotu du, eta sentitu du mamuaz ez dela oraindik nahikoa hitz egin, ez diotela nahikoa hitz egin; eta entzun nahi du, eta margotu nahi du erori zirenez, zigortu zituztenez, mehatxatu zituztenez, alde egin eta bueltatu ez zirenez, alde egin eta buru-makur eta barrua apurtuta bueltatu zirenez.

Amets batean bezala, oroitzapen batean bezala agertzen zaizkion begi beldurtuak margolzen jarraitu du, isildu bai, baina desagerrarazi ez zituzten begiak agertzen zaizkiolako; mina ez baita desagertu. Eta berari, hirugarren belaunaldiko herritarrari, ezer gutxi geratu zaio, ezer gutxi kontatu diote, eta iraganeko esan ezin inposatua, beste behin, gaurkotu egin zaio.

Irudi bat margotu nahi du. Marrazki bat ahanztura inposatuari buruz, oroitzapenen errepresioari buruz eta gaur arte heldu den isiltasunari buruz. Baina ez daki nola adierazi memoria kolektiboaren hutsunea. Begi beldurtu bi irudikatu ditu; ihesean doan emakumea, ezagutzen duen guztia, etxea eta etxekoak atzean utzi, eta seme alabak hartuta, noraezean ihesean doan emakumea; izuarengandik eta basakeriarengandik erbestera ihesi doan emakumea. Basakeria hura isiltzera kondenatu zituzten ordukoak, eta gaur kontakizun bakanen bidez ondorioztatukoez eta zeharka esan dizkiotenak kateatuz, saiatu da lehena berritzen. Orduan isilarazi bazituzten ere, begi beldurtuek jakinarazten baitiote ordukoak gugan bizi direla, amets batean bezala, bizi izan ez duenaren oroitzapen batean bezala agertzen zaizkion begi beldurtuek.

Araitz Jauregi

BABESLEAK

Laguntzaileak:

  orkli