Narrazioak

Irudiak: Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Luma berrien eleak 10.zenb.
Luma berrien eleak 10Zenb.
Irudiak:Kristina Fernandez
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
ZAZPIKA GARAren aldizkaria

Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 

Egarri

7k25    
Irudia: Kristina Fernandez    
pdf    

Ez da egarria sentitzen dudana, gosea ere ez. Egarri naiz, baina ez dut urik nahi. Gose naiz, baina ez dut jakirik nahi. Erraietatik datorkit eskaria, barne-barnetik. Senak egiten du oihu: «hator, hator nigana!» Izerdiz sortuko zaitut, barruan goxatuko zaitut, eta bota, bota ere izerdiz botako zaitut. Zatoz, maitea, neurea izango zara, eta aitatxorena. Lo gozoan amestu zaitut, imajinatu zaitut, ametsetan sortu zaitut. Lehen txinparta, nahia, gogoa, senaren irrintzia. Prest nago, hemen, orain, gaur. Laster egongo zara nirekin, bihotza.

-Entzun al duzu, maitea?

Lainoturik daude bazterrak, ez da harritzekoa. Lainoak gogor estali du gaurkoan ere herria. Sukaldeko leihotik bistaratu ditut soroak, zaldiak, ardiak. Ilun, goibel, egunak ez du altxatzeko keinurik egiten. Bistaratu ditut bai, baina keinu automatikoa besterik ez da. Garuneko zentrifugazioa martxan jartzeko aitzakia besterik ez da. Hitz bat datorkit burura, gogor eusten diot. Tira egin diot, eta hara! Soka amaigabea, elkarloturik, pilaturik datoz gainontzeko hitzak, nahaspila, kolpeka sartu nahian bezala. Eta ni bertan, denei kasu egin nahian, ulertu nahian, ordena eman nahian, koherentziaz. Garbigailuan bezala hasi dira danborrean bueltaka, lehenik motel, gerora azkar. Hitz jarioan, dantza bizian, ziztu bizian doaz eta ezin diet ihes egiten utzi. Ez diet ihes egiten utzi nahi. Ezin ezer garbirik atera hala ere bertatik.

-Bai, bihotza-. Akabo, kolpetik hautsi dit pentsamendua. Garbigailuko atea zabaldu dit programa amaitu baino lehen.

-Kontzentraturik sumatu zaitut.

-Bihotza, lortuko dugu azkenean, ala?

-Noski, laztana, lasai egon behar dugu. Itxoin pixka bat, denborak dena jartzen du bere lekuan. Iritsiko zaigu garaia.

-Ez maitea, denborak ez, guk geuk jarri behar ditugu gauzak beren lekuan. Gu gara geure buruaren jabe, geure erabakien jabe.

-Ezin duzu dena izan kontrolpean, bihotza.

Lainoa ez da mugitu, bazterrak bustitzen ditu geldo, lodi, sarkor. Zirimiria ere ari du, baina zaldiei berdin zaie hori. Lepaldea makurturik bazkatzen dute belar umela.

Ametsetan dena da zilegi eta dena gerta daiteke. Bular aldean sumatu dut kitzikadura, titiburuan. Bi eskutxok inguratu dute bular aldea, kementsu xurgatu du titiburua. Negar malko batek irrist egin dit masailetik behera, irribarre gozoa zeharkatu du eta umetxoaren masailean lehertu da. Erreflexuz astindu du burua, baina ez du titia askatu. Nik elikatzen zaitut, bihotza, ikusten duzu, neuk zainduko zaitut beti goxo-goxo. Neuk babestuko zaitut betiko. Usain umel gozoa iritsi zait sudurreraino, umetxoaren esentzia. Hemen zaude, gure artean zaude jada. Aitatxo gure ondoan dago etzanda, berak ere begiak malkotan ditu, berak ere egiten du irribarre. Miresmen begirada eskaini digu, zuri eta bioi. Biok maite gaitu, gu gara bere bizia, bere familia. Zu zara nire bizia, laztana. Baina begiak zabaldu ditut ametsetik askatzeko, eta orduan izan nahiz errealitatearen preso. Zirrara bortitzak astindu dit gorputza. Sabeletik eztarriraino, sabeletik aluraino. Sabela laztandu dut, ohean etzanda oraindik ere. Hutsik dago, ez zaude bertan, ez nire besoetan. Sentitu nahi zaitut, usaindu, musukatu, dastatu, kulunkatu, xuxurlatu eta lokartu arte abestu. Mantatxoarekin estali.

Egun zaharkituek alde egin dute berriak etortzearekin batera. Ez da ezer aldatu. Nire sabela ez da hazi. Medikuarenerako bisitak ugariagoak dira, baina ezer ez. Autoan egindako bidaiak ere luzeagoak dira, baina ezer ez. Sentipen pisutsuak besterik ez. Umetxoak hartu beharreko lekua amorruak, minak eta desesperazioak hartu dute. Bere begirada ere aldatu da, jada ez dit aurrera egiteko hitzik esaten, ez keinu goxorik egiten. Nekatzen hasia da eta nabari zaio. Zaharragoa dirudi, erreta edo.

-Maitea, erabaki bat hartu beharrean gaude. Honekin guztiarekin amaitzeko unea dela uste dut, sufritu besterik ez dugu egiten horrela. Onartu beharrean gaude.

Entzungorrarena egin dut berriro ere. Hitzak eta esanahiak besterik gabe borratu ahal banitu bezala. Gure bideak urruntzen ari dira. Zerbait eten da gure artean. Bide ezberdinak hartu ditugu geure bizia den errepide handi honetan. Berak egin du etena, nekaturik dago etengabe aldapan gora egiteaz. Nik, ordea, zein bide hartu dut? Bakar bat ere ez, zurrunbilo erraldoi batek narama norabide ezezagunera. Irentsi egin nau haize korronte erraldoiak eta jada ez naiz nire erabakien jabe, ez naiz nire buruaren jabe.

Gauaren isilean paretako erloju zaharrak oroitarazten dit minutu bakoitza. Tik-tak, denbora aurrera doa. Tik-tak, gaua datorkit gainera. Tik-tak, ez al doa denbora azkarregi? Isilean dena entzuten da ozenago. Buruko garbigailuak ere burrunba handiagoa egiten du, senak bortitzago egiten du oihu. Otsoaren ulua dirudi, ilargiari dei eginez. Instinturik gordinena, biziena, biluziena. Dei, dei egiten didate zentzu guztiek, natura basatiak. Baina hemen, orain eta gaur atearen danbatekoak apurtu dit pentsamendua. Berea izan da erabakia, kanpoan nago ni. Alde egin du, alde betiko. Alde nire bizitzatik, alde gure bizitzatik. Eta dena geratu zait urrun, maitea, bizitza. Mundua arrotza da niretzako.

Ez, ez da egarria sentitzen dudana, gosea ere ez. Baina hor dabilkit deiadarka. Ezingo dut luzaroan geldirik mantendu. Sentitu nahi zaitudalako, usaindu, musukatu, dastatu, kulunkatu, xuxurlatu eta lokartu arte abestu.

NOR DA

Zuriñe Zubillaga

Irundarra. Irakaslea ofizioz, idazlea afizioz.

BABESLEAK

Laguntzaileak:

  orkli