Narrazioak

Irudiak: Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Luma berrien eleak 10.zenb.
Luma berrien eleak 10Zenb.
Irudiak:Kristina Fernandez
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 

 

Estokolmo, 2012ko urtarrilaren 2ean.
estocolmo  
Ekhiñe Egiruren  
pdf  

Ingrid maitea;

Aspaldian gogoan zaitudalako idazten dizut gauaren izkina honetatik, hitzak hausten dizkidan dardaraz, esaldi erdian zure ezpain labainak gogoratuz. Estokolmo hegoaldeko hilerritik ari natzaizu, idazten dut Skogskyrkogärden parkean, Asplund ‐ek diseinatu zelaietan, hiriaren birika den mikropaisaian. Iluna da lorategia estaltzen duen gaua eta isiltasunak koadernoaren orrietaraino egin du irrist, kale‐argi bakanen gerizpean ikus dezaket nola.

Une hauetan, idaztea besterik ez zait gelditzen. Arnasa bera ere hozten dit bakardadeak: barne basamortua da elurra. Eta halere, gutun hau idazten ari naizela, zure oinotsak entzuten ditudala esango nuke, edo akaso gomuta besterik ez da, bidexka hauetan barrena eskua estrainekoz heldu zenidan neguko arrats hura oroituz. Urratsak izotz gainetan egindako soinu hura ere badatorkit, Ingrid, orriok esku artean zimurtuko banitu halako zerbait litzateke. Aurreko gutunekin amore eman eta elurretara bota ditudalako dakit entzuten den hots‐mina.

Zelai izoztua iluntzearekin batera, zure azala hatz artean lehen aldiz sumatu nuen unea oroitzen dut. Hauskor, labain, zuri. Eta gero, malutak zure masailetan, elurra, zure begien distira. Memoriak paisaiaren antzera zuri‐beztu duen oroitzapena.

Hotz egiten du. Baina ez da elurra bakarrik, ez da negua; hotza zure absentzia da erraietaraino bidea eginaz, hurrupaka. Ibiltzen ditut zurekin ezagutu bide berak, bidezidorrak, parkearen orbain eta haran ezkutuak. Baina besterik da paisaia hemen ez bazaude. Eta ez zaude zure eskuak laztandu eta begietara begira, irrikaz espero zintudala esateko moduan. Aurrean dudan hiri elurtua denborak ezerezten duen bitartean, egunak zenbatu nahi nituzke, zenbat falta den jakin berriro ere zure oinotsak entzuteko. Baina nola zenbatu denbora atzetik aurrera? Nola jakin luze edo motz joango ote den negua? Makurtzera egin duen larrosa zuria da, bizitza bera bere azkenetan. Eta parke honetan hotzak ez du elurra ere ikusten uzten, edo agian iluna da, edo bakardadea.

Ilundu aurretik haurrak izan dira parkean, elurrarekin jolasean.

Elkarrekin etortzen ginenean ere hala izaten zen; zelai amaigabeak dira hauek jolas eta korrika egiteko. Gustuko dute Aingeruen Kapera izeneko eraikin ttipia, hain gogoko zenuen hura. Arbelezko teilatu zorrotza du lau uretara eta egurrezko barne egitura. Sabaiko habe laminatuei begira egon ohi ginen askotan eta eraikuntzaren bizkarrezurra zirela esaten zenidan zuk. Sarrerako kolomadia, berriz, aterpea, natura eta kaperaren arteko iragaite gunea. Akordatzen?

Hantxe nengoela ikusi ditut haurrak hurbiltzen. Kapera alboko zelai ttipian ibili dira jauzika eta lasterka, barrez, kantari. Bertatik ikusi ditut eskuetan elurra batu eta elkar busti nahian, harrapa ezinean. Gauza ederra da paisaia elurtua egun argitan eta hala haurtzaroa ilundu ez duenean ere. Lasterketen nekea sumatu bezain laster elur pilaketan hasi dira bi umeak, hartxintxorrak eta zuhaitz‐adarrak ere jaso dituzte. Haseran ez dut asmatu, baina berehala pilaketak hartu du gizatankera; elurretako panpina egin nahian zebiltzan. Piskanaka enborra, besoak, burua... handik gutxira eskuak, sudurra, begiak, ... bat‐batean “Nikolai! Nikolai!” oihua entzun den arte.

Agure bat ikusi da urrunean ume haietako baten galdezka. Haurrak, deia aditu ahala, agudo alde egin du, laguna agurtzeko ere astirik hartu gabe. Bidean txano gorria erori zaio elur gainera, kolore bizia kontrastean paisaiaren zuriarekin. Bakarrik gelditu denak kotoizko oihala jaso du, eskuen artean laztandu, inoiz gehiago ikusiko ez duen adiskidea balitz bezala. Amaitzear den elur panpinari buruan jarri dio gero, goibel, gezurrezko konpainia berriari begira.

Nik ere halako zerbait sentitu nuela esango nuke. Halako zerbait dela negua.

Bakarrik geratu den haurrak lagunaren izena idatzi du gero elurretan, elur panpinaren oinetara “Nikolai” hizki larriaz. Niri ere halako zerbait gertatzen zait; niri ere, une hauetan, idaztea besterik ez zait gelditzen. Arnasa bera ere hozten dit bakardadeak: barne basamortua da elurra. Eta gutun hau idaztearekin batera, zure oinotsak entzuten ditudala esango nuke, edo akaso gomuta besterik ez da, bidexka hauetan barrena eskua estrainekoz heldu zenidan neguko arrats hura oroituz.

Gutun honetan dituzu elur gainean hainbatetan idatzi dizkizudan hitzak. Itzultzen zarenerako, Ingrid, elur zapaldu gabean bide berriak elkarrekin marraz ditzagun.

Hemen izango nauzu, Skogskyrkogärden parkean zeure zain.

Muxu bat,

Birgitta

Ekhiñe Egiguren

BABESLEAK

Laguntzaileak:

  orkli