ZEGAITIK HITZ HAUEK?
Non dago giltza? Non gakoa? Ate zaharrean aurkitu dut, eta handik begira jarri. Zirrikitutik kanpoaldea begiratu nahi, baina ez dakusat zeru urdinik, zeru grisa dirudien gela hotz bateko paretak baizik. Hutsik. Eta ez dago inor. Non ote daude familia eta lagunak? Gakoa harturik, alde egin izanen dute ni giltzapeturik utziz. Zergatik?
Zergatik hitz hauek? Dena idatzia dagoelako. Hargatik. Dena idatzirik dago, eta nik idatzirik dagoenaren gainetik pasa eta birpasa nahi dut. Nire oinatzak bertan uzteko. Kantu bat egin nahi nuke, maitasunezko edo amodiozko kantu bat, adibidez; baina jadanik, idatzirik dago Chanson d’amour bat... oh, la la!
Halako batean, euria leihoko kristaletik kanpora ikusiz, urari kantu bat egin nahi nioke, natura miretsiz; baina jadanik, izkiriaturik dago Singin’ in the rain bat.
Goizero-goizero, eguzkia irteten ikusiz batera, lehen argi printzek bizitzari kantu bat egitera gonbidatzen naute; baina jadanik, scribaturik topatu dut paper zati batean Un rayo de luz bat... o, o, o!
Dena idatzirik aurkitu dut, eta atsekabeturik, Goethe, Sarri eta Etchepare harturik, komuneko atea ireki dut: Eau de Toilette! espantuz oihu egin dut. Eskuetan nuena lurrera bota dut. Komunean sartu naiz. Eta komuneko papera hartu dut. Bi eskuekin. Atea zuri dago: zuri keinuka. Ezerezari kantu bat egin nahian, idazten hasi naiz zuritasunaren gainean: Nahi zaitut, ahal zaitut, gau osoan —goizaldera arte— maite zaitut.
Zergatik ez hitz hauek? Dena idatzirik dagoelako? Zein nekez aldatzen diren gauzak, poetontzat bereziki.
Egunero idazten dut zerbait; hamar urte daramat gauero zerbait idazten, egun erotu beharrean… zergatik?
Orain dela hamar urte hasi nintzen eguneroko bat idazten, eta orduan bakarmin edo aberrimin batek bultzatu ninduen eskuetan lehen aldiz eguneroko bat hartzera; baina mina eta sufrimendua beharrezkoa al da idazteko? Nire kasuan baietz uste dut, ala?
Baina agian, oroiminak, maiteminak, herriminak… amets eta ilusioen albo-eraginak dira, eta benetan idaztera bultzatzen nauten arrazoiak amets horiek dira hain zuzen ere. Nire gogoa amets hutsa da eta amets hori kanporatzeko gogoa izaten dut, bizipoz eta minak kontatuz.
Irakurri ere egunero irakurtzen dut, aldiro ipuinen bat edo olerkiren bat. Besteen gogoak jakiteko irrikaz, baina nire une honetako gogoa idaztea da, egunero. Nire estilo propioa lantzen ari naiz, bilaketa batean murgildurik nabil.
Norberak bilatu behar du bere estiloa, baina norberaren estiloa beste batena imitatuz lortzen al da? Nire idazteko estiloa ere beste idazle batena kopiatuz aurkituko al dut?
Azkenaldian zalantza sortu zait: idazle on batek nire olerki batzuk irakurri eta intimoegia zela iritzi zion, nire idazteko estiloa bilatzen jarraitu behar nuela oraindik eta bilaketa horretan era guztietako beste idazleak irakurri behar nituela… hori guztia orain dela hiru urte miresten dudan idazle batek esan zidan posta elektronikoz eta eskertzen diot egin zizkidan kritika konstruktibo guztiak, baina zalantza batek goibeltzen dit gogoa.
Izan ere, nik uste dut beste idazleak irakurriz idazle horien estiloa ikasiko dudala eta era horretan asko irakurrita nire estiloaren bilaketari mugak jarriko dizkiodala; nire estiloa baldintzapean egongo da, besteen eraginpean, ala?
Horregatik galdera hau egiten diot neure buruari: idazle izateko irakurle izatea ona da? Ez dakit neure buruari erantzuten.
Orain dela asko ez, Atxagari irakurri nion berak ez zuela ia ezer irakurtzen, ez dakit egia ote den baina… Idazle izateko idaztea da baldintza bakarra, eta egia esan Atxagak asko idazten du.
Ez dakit Atxagari sinetsi, baina neurri batean arrazoi du: aldi berean irakurri eta idaztea zaila da, eta lehenik besteek idatzi dutena irakurtzen bada gero nola ez idatzi irakurri duzunaren arabera?
Veleian ere garai urrun batean janaz, edanaz eta loaz bakarrik kezkatzen omen ziren eta egunerokoak ziren gauzak idatzirik utzi zituzten. Idatzi! Ez dakit euskaraz irakurri ote zuten, baina behar bat sentitzen zuten eguneroko kezka-iturri zena gainerakoei helarazteko, idazteko.
Idaztea behar bat bilakatzen da; irakurtzea, berriz, luxu bat, plazer hutsa! Idaztea jatea baino lehenagoko ekintza bat da, tresna bat edo baliabide bat, bitarteko bat helburu bat lortzeko.
Helburu bat, amets bat, egitasmo bat buruan eta horietara nola iritsi helarazi beharra dago. Veleiaren garaian bizi beharra zegoen eta horretarako jan, edan eta lo egin ahal izateko zer egiten zen azaldu behar zen, ahoz nahiz idatziz.
Kristo ondorengo lehen urteetan hala bazen ala ez bazen ziurtasunik ez badugu ere (oraindik ere ikerketa arkeologikoek jarraitzen dutelako), hala zela eman dezagun.
Beraz, gaur egun zergatik idazten dugu? Edo zehazkiago esateko, zergatik idazten dut?
Eguneroko ogia eskuetan falta zen garaian, hitzak bakarrik zituen jendeak Veleian. Eguneroko loa kentzen zuen kezka jan-edana lortzea zen eta hori adierazi behar zuten.
Gaur eta hemen, nik egunero eskuartetik doakidana ikusten dudalarik, eskuartean dudana (edo ez dudana) nolabait esan behar dut, neure hutsunea adierazi nahi dut: eskuartean oraindik gauzatzeke ditudan ametsak, proiektuak eta istorioak idatziz kontatu behar dut.
Finean, ez dudanaz eta desio dudanaz idazten dut, ez edukitzeagatik min hartzen dudalako eta min hori desagertuko delakoan besteei adierazi nahi diet.