Iritzia eta gogoeta

Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Irene Gil Legarra: "Hondar-aleak paperean nola..."
Irene Gil Legarra: "Hondar-aleak paperean nola..."
Irene Gil Legarra: "Hondar-aleak paperean nola..."
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak

Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 
birziklapena  
 «Energia ezin da ez sortu ezta- deuseztatu ere, eraldatu besterik ez da egiten. Eralda ote gaitezke gizakiok?»  
BIRZIKLAPENA 
Energia ezin da ez sortu ezta deuseztatu ere, eraldatu besterik ez da egiten. Errausketa, beraz, materiaren eraldaketa hutsa da, eta geure burua engainatu egiten dugu zaborra erretzean gure arazoa hauts bihurtuko dugula uste dugunean. Izan ere, metodo honen bitartez kalteak urrutira bidali besterik ez baitugu egiten.

Baina ondorio horiek ikustezinak dira gehienontzat. Ikusezinak, airean lainoaren antzera ezkutatzen direlako, ozono geruza gure eguneroko bizitzatik urrutiegi geratzen delako, eta azken finean, ukitu, ikusi, entzun edo usaindu ezin ditugun kalteak guretzat existitzen ez direlako.

Gainera, zaborra urrutira botatzea gurean oso hedatuta dagoen ohitura da. Hemen. botatzen ditugun milaka etxeko-tresna zahar eta hondakin elektroniko, esaterako, haurrentzako lantegi bihurtuta pilatzen dira ekialdeko zenbait herritan. Eta jakin badakigu burdin herdoilduez eta adimen artifizialeko hondakinez osatutako kanposantu horri isurketa kutsagarria dariola eta bertan «lan egiten» dutenei heriotza dakarkiela. Baina erraza egiten zaigu ez ikusiarena egitea, irudi horiek telebistako berriemaileen audientziak mantentzeko beharrezkoa den morbo dosia besterik ez baitira izaten.

Dena den, dosi hori nahikoa pozoitsua litzateke munduari begiratzeko irekitzen dugun leiho horretatik burmuinean zuzenean egunero sartuko baligute. Lehenengo mundu honetan, ordea, gaitz bakoitza neurrira diseinatutako irtenbidearekin batera saltzen da, eta Gobernuz Kanpoko Erakundeak antidoto ezin hobeak suertatzen dira gure kontzientziak lasai uzteko, gure ardura eta erantzukizuna biltoki horietatik erraz birzikla ditzakegula sinestarazten baitigute.

Gure ondoan bizi direnen lan istripuak, gure haurren eskubideen aurkako erasoak, hemengo emakumeon askatasun gabeziak, bertako herri txikion eskubideen ukatze sistematikoa, eta orokorrean, inguru hurbilenean egunero sortzen den zaborra, ordea, zailagoa da ezkutatzen. Hemengo zarama, lehen esan dudan legez, usaindu, ukitu, ikusi eta entzun egiten baita. Hala eta guztiz ere, eta gure erakundeek arazo horri aurre egiteko ondo antolatutako kudeatze sistema bati esker, ondo prezintaturik dauden biltoki ezberdinen bitartez bideratzen dira hondakin horiek, kiratsa gure etxeetara irits ez dadin.

Hala eta guztiz ere, gure konplizitatea ezinbesteko bihurtzen da garbiketa sakona egin ahal izateko. Hori dela eta, behin eta berriro eskatzen digute zeregin horietan lagun diezaiegun. Eta guk, elkarlan horren komenigarritasunaz zalantza izpirik ere azaldu gabe, ahalegin guztiak egiten ditugu, denon artean lan arinagoa izango delakoan. Birziklapenak aukera ezin hobea ematen digu gizartearekiko elkartasuna eta parte hartzea etxeko intimitatean gauzatu ahal izateko.

Bestela, nola uler liteke gizakioi dagozkigun eginkizunak erakundeen esku geratu behar direlako ustea hain sakonki barneratu dugun honetan hain deserosoa den konpromisoa harraraztea?

Izan ere, gure bizimoduan bizi-kalitatez mozorrotutako produktibitatea, errentagarritasuna eta kontsumoa eztabaida ezineko dogmak bihurtu dira, eta erlijio berri horren izenean hainbeste sakrifizio egin behar dugunez, besteen eskuetan uzten dugu gure seme-alaben heziketa, gure elikadura, gure osasun fisikoa zein mentala, gure zaharren zainketa eta beste hainbeste guretasun. Beraz, paradoxikoa dirudi teorikoki hain oinarrizkoa den eginkizuna gure ardurapean jartzeak.

Hau guztia esaten dudanean, baina, ez dut esan nahi birziklapenaren aurka egoteko argudiorik dagoenik. Batez ere, hori esatea, politikoki, tabakoaren aldeko aldarrikapena bezain ez-zuzena izango litzatelako. Gertatzen dena da susmagarria iruditzen zaidala ekologiaz bat-batean sortu den interesa, eta ez dakit ez ote den politikoek janzten duten mozorro hutsa izango. Ez. Benetan oinarrizkoa iruditzen zait egunero sortzen dugun alferrikako bolumen horri erabilgarritasuna ematea.

Beraz, sukaldaritzarekiko zaletasuna daukan honek plastikoz, lataz eta tetra-brikez beteta dagoen plastikozko poltsa madarikatuarekin borrokatzen jarraituko du, afaria prestatu bitartean omen artean sartzen zaion arren. Eta beste horrenbeste egingo du kartoia eta papera sartzeko atean zintzilik daukan poltsagatik atea itxi ezinik ibiltzen den arren. Hori, kristalezko botilak eta piper poteak birziklatzeko derrigorrez egin behar den (eta lotsatiak garenontzat hain desatsegina den) zarata salagarria aipatu gabe.

Materia organikoarekin sortutakoak ez dira hobeak, ordea. Bizidunak izandakoen hondakinek jasan ezineko kiratsa sortzen dute, eta usai sarkor hori ezkutatzeko egiten diren ahalegin guztiak alferrikakoak izaten dira, gure usaimenak ondo funtzionatzen badu, behintzat.

Baina, lehen esan bezala, energia ezin da ez sortu ezta deuseztatu ere, eraldatu besterik ez da egiten. Eraldaketa horretan jarria dute hainbatek, bada, konponbidea: norbaiti entzun nion behin hondakin organikoak izozgailuan sartzea omen zela hoberena; behin izoztu eta gero erabat gelditzen baita usaia botatzeko prozesu kimikoa, eta horrek nabarmenki errazten omen du urrutira eramateko lan penagarria.

Energia ezin da ez sortu ezta deuseztatu ere, eraldatu besterik ez da egiten. Eralda ote gaitezke gizakiok?

 

BABESLEAK

Laguntzaileak:

  orkli