Haur eta gazte literatura

Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak

Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 

 

AGUR
agur    
Pello Ariztimuño naiz, Errotaburu baserrikoa. Bati baino gehiagori zail egingo zaio egin behar dudana egin aurretik hau idatzi dudala sinestea, baina, idazten jarri banaiz, errudunak errudun sentiarazteko egin dut, garbi esanda. 15 urte dauzkat, eta DBHko 1. mailan nabil. Mundu guztiak daki ez naizela oso trebea eskola kontuetan. Birritan errepikatu behar izan dut, eta, amari eta aitari kontrakoa esan badiet ere, ez naiz askorik saiatu hori hala ez izateko. Errepikatu egin nahi nuen, gelaz aldatu, edo, hobeto esanda, beste gelakide batzuekin probatu; baina alferrik izan da. Ez da gelakide kontua. Ezin da ezer egin; baten bat kenduta, berdinak dira beste guztiak: puta seme-alaba galantak.

Hasieran, neure buruari botatzen nion errua. Ze kulpa zuten, ba, besteek, finaleko partida hartan atea hutsik egonda baloia kanpora bidali banuen, edo Espainiako hiriburua Madril dela ez banekien? Min eman didate, min handia, baina ze erantzun behar nien homo no sapiens deitu izan didaten bakoitzean? Okerrena da harro asko dabilela Kevin, hasierako hominido hura baino ezizen zorrotzagoa asmatu duelakoan; nire espeziearen bi ezaugarriak hartzen omen ditu: rdre edertasun berdingabea eta nire jakintza gorena.

Gure amak ez zuen ulertzen, ordea, 13 urterekin bizarra moztu nahi izatea. Umea omen nintzen. Eta nola demontre esplikatu behar mon nik ez nuela nahi inork homo no sapiens deitzerik? Pellaris deitzea ere ez zait batere gustatzen, baina hori behintzat ez da nire kontrako ezer. Barre ederrak egin zituzten nire lepotik gure 4L zaharrak bide erdian pot egin eta eskolara berandu heldu nintzen hartan! Ordutik, sekulako lotsa pasatzen dut gure ama traste zahar horretan bila etortzen zaidan bakoitzean. Baina ez da hor amaitzen nire ezizenen zerrenda; Kaxe, Ximor... ez dakit zenbat gehiago ditudan!

Uste nuen ohituta nengoela besteen burletara, baina nazkatu naiz. Gaur, nire bizitzako egunik zoriontsuena izan da, eta ez dut jarraitu nahi betiko zaborra irensten; ezin dut gehiago. Gauza asko ukatu dizkidate, dena, zergatik eta baserritar izateagatik. Bai, baserritar izateagatik, eta euskaldun izateagatik. Eskolan ez baitago modan baserritar eta euskaldun izatea; konbinazio hori ez dute onartzen behin ere kakarik zapaldu ez duten gelako kalekume odolgabeek. Animalia bat naiz denentzat; behi, oilo, txerri eta abarrekin bizi den animalia bat gehiago; eta, abereak bezala, makilakadaz erakutsi beharrekoa.

Okerrena da ohitu egin naizela tratu horretara, eta neroni ere animaliatzat hartzen hasi naizela neure burua. Inork ez du eseri nahi izaten nire ondoan, eta, tutoreak lekuz aldatzen gaituen bakoitzean, «que no me toque al lado del kaxe» esaten dute askok, nik entzuteko batere kuidadorik gabe. Batzuek usain txarra dudala esaten dute, eta agian horregatik apartatzen dute mahaia nirearen ondotik. Baina nik ez diot neure buruari usain txarrik aditzen. la egunero dutxatzen naiz. Gozoa jartzen zait, ba, ama! Baina esaiezu hori nire urtebetetze egunean kolonia poto hura utzi zidatenei! “Eau de simaur” markakoa omen. Kolonia balitz sikiera! Behin Iñakik gonbidatu ninduen bere urtebetetze festara, baina Kevinek esan zion ni gonbidatzen baninduen bera ez zela joango, eta, jakina, bera joaten ez bazen, gelako beste inor ere ez. Zer egin behar zuen, ba? Pena ere sentitu nuen, hitzak ezin asmaturik nola ibili zen ikustean. Gizajo halakoa! Mutil ona dela pentsatu izan dut beti, eta sinetsita nengoen Kevinengatik-eta izango ez balitz nire laguna izango zela. Baina besteak bezalakoa da orain; garbi ikusi dut gaur, denak taldean etorri zaizkidanean. Asko ziren, baina nik bere aurpegia bakarrik ikusten nuen, begiak amorruz gainezka. Zergatik, Iñaki? Zer egin dizut?

Lasai, ez ezer esan, badakit erantzuna: funtsean inbidia didazu, libre naizelako, ez naizelako ez Kevinen ez beste inoren morroia. Eta, gaur, zuk bakarrik ez, denek izan didazue inbidia, Nerearekin dantzan egin dudalako; bai, zuen artean Kevinek bakarrik izan du aukera, eta zuek denok inbidiak akabatzen egon zarete. Badakit niregana Antton maisuak eskatuta etorri dela, baina etorri egin zait, eta hori niretzat nahikoa da.

Eskolako neskarik politena, alajaina! Dantzan traketsa naizela pentsatuko zuen seguru asko, bere oinekin trabatu bainaiz etengabe. Baina berdin dio. Sekula ez zait halako gauza ederrik gertatu; Bizkor-ek masaila miazkatzea baino samurragoa izan da, ardiak umea nola egiten duen ikustea baino zirraragarriagoa... Sorbaldan jarri dizkit bere esku leunak, eta nik dardara batean sentitu dut gorputz osoa. Kanta osoan zer esan pentsatzen aritu naiz, baina ez dut aurkitu berari esateko moduko hitzik, eta, kanta amaitu denean, irribarre egin, eta lagunengana joan da. Gehiegi izan da hori niretzat. Politegia, egia izateko. Baina egia izan da! Ez da ametsa izan!

Horregatik ez dut beldurrik pasatu komunean; eta zuek gogorrago egin didazue irribarrea ezpainetan nuela ikusita. Baina gaur zuek galdu duzue, eta nik irabazi. Eta ezingo duzue errebantxarik hartu, garaipen hori nirekin eramango baitut betiko, Nerearen irribarre goxoarekin batera.

 

 

BABESLEAK

Laguntzaileak:

  orkli