Lekuona
Lekuona Ilundain,Aitziber

- Bai? - Egun on. Esan didate argazkiarekin batera niri buruzko datu batzuk eman behar nituela Interneten zintzilikatzeko. Ez dakit zeinekin hitz egin behar dudan honetarako...

- Bai, zenbaki zuzena markatu duzu. Zein da zure izena?

- Aitziber Lekuona Ilundain.

- Aitziberrekin nahikoa izango da. Eta zein da lanerako erabiltzen duzun ezizena?

-Ezizena? Ez dut sekula pentsatu. Nire helbide elektronikorako lekuilun izena asmatu nuen, nire bi abizenen lehenengo zatia hartuta...

-Ez da oso erakargarria,ez? Ze iruditzen zaizu katakume umela?

-Barkatu? -Utz ezazu, bururatuko zaigu zerbait. Zenbat urte dauzkazu, kata?

-Eh...1983ko urtarrilak 20an jaio nintzen, San Sebastian egunez, Kaprikornio beraz. Horrek justifikatzen du neurri batean nire izateko era burugogorra...

-Aski da, aski da... hogeitabost urte beraz. Ze esperientzia duzu mundu honetan?

-Beno, hasi berria naizela esango nuke...baino gogo handiarekin nabilela. Heziketa aldetik Historian lizentziatua naiz eta iraganarekin erlazionatutako lanen bat argitaratzeko aukera ere izan dut.

-Hori ondo dago baina...gure intereseko gaietara bueltatuz... Zein postura duzu gustukoen?

-Ideologia aldetik? Hala literaturari dagokionean? Egia esan Historiarekin erlazionatutako gauzetan ibili izan naiz beti, dibulgazio lanetan. Arkeologian ere sartuta nabil, oso gustuko dut. Literaturari dagokionean pasarte laburrak oso atsegin ditut eta antzerkia nahiko ezezaguna zaidan generoa izan arren, aurreko ikasturtean izandako eskoletan interesgarri iruditu zitzaidan...

-Aizu!Ze ari zara, adar joka? Zuk uste duzu datu horiek sartuta gizonen sexu-gosea piztuko duzula?

-Zer?????? -Zure asmoa ez al da ba Interneten iragarki bero bat jartzea?

-Bai zera! Niri esan didate idazten.com web gunean nire soslaia osatzeko datuak behar dituztela, gainontzeko ikasleek dagoeneko egina daukatela.

-Hau ez da idazten.com! Hau eranzten.com da!!! Eta ez daukat zure literatur txorakerietan denbora galtzerik!

-Barkatu...despistatu xamarra naiz eta....

-KLANK! -Jesus...hau umorea!

BABESLEAK

Laguntzaileak:

  orkli