TOPAKETA
nindoala gertatu da.
Goizero bezala, gaur ere loak estuki besarkatu nau eta ezinezko egin zait ohetik ateratzea. Amak alferkeria dela leporatuko lidake; ni, aldiz, sinetsita nago gaixotasun kroniko batek jo nauela. Dena dela, gaurko saiakerak ere huts egin du. 10, 9, 8, 7, 6, 5, 4, 3, 2, 1...Ez duzue sekula probatu? Nik goizero. Eta goizero ohartzen naiz ez duela funtzionatzen. Bat esatearekin batera zutik jartzean datza jokoa, baina nik horren lekuan atzerako kontaketari ekiten diot berriro, bigarrenean lortuko dudala sinetsita. Egunero engainatzen dut neure burua. Azkenean, eguna joan eguna etorri, iratzargailuaren hirugarren abisuarekin jartzen ditut oinak lurrean. Asaldatuta. Berandu.
Eta gaur ere beste ohiko egun horietako bat izango zelako sentsazioa nuen memento hartan.
Egunero errepikatzen diren ekintzek izaten duten mekanikotasunarekin jantzi ditut kirola egiteko berariaz erositako jantziak. Praka luze-motz edo motz-luze batzuk (modek definizio arazoak sortzen dituzte sarri), izerditzeko propio diseinatutako jertsea eta duten prezioagatik hegan eraman beharko ninduketen kirol-oinetako zuriak. Prest! Makarrak begietatik kentzeko betarik hartu gabe hasi ditut beroketa ariketak. Artean erdi-lo.
Oso gustuko dut korrika egiteak sortzen didan sentsazioa. MP4-a poltsikoan, mundua bideoklip bat bailitzan ikusteak sortzen dit plazer gehien. Jendeak bere erritmoa du, eta nik neurea. Pauso bakoitza ematearekin batera jendeari so egin eta beren bizitza nolakoa den imajinatuz pasatzen ditut minutuak. Baina mementorik atseginena hondartzan sartu eta kirol-oinetakoak hondarretan hondoratzen ditudanean izaten da. Lasaitu egiten nau.
Eta nire erritmo lasaigarrian murgilduta nindoala gertatu da. Hondar artean nire arreta erakarri duen zerbait ikusi eta geldialdi bat egitea erabaki dut. Makurtu ere egin naiz deigarri egin zaidan dena-delako hori ikusteko. Eta ezin izan diot arkeologo senari eutsi. Inguruan topatu dudan makila txiki bat hartu eta kontu handiz ekin diot elementu bitxi hori estaltzen zuen hondarra kentzeari. Astiro. Goxotasun handiz. Eta ezin izan dut ikusi dudana sinetsi. Pixkanaka nire begien aurrean agertzen ari zena zera zen... nola esan...Gizon bat! Baina ez zen gizon normal bat. Laranja koloreko ile eta bizarra zuen izaki hau ez zen nire hatz erakuslea baino handiagoa izango. Baina hori ez zen gehien arduratzen ninduena. Gizontxo hau hain hotz egotea zen nire urduritasunaren arrazoia. Ez zuen zirkinik ere egiten eta gogor zegoen. Ez dudanez tamaina honetako izaki bat suspertzeko moduaren inguruko inongo ezagutzarik, putz egin diot aurpegian. Itsasertzera hurbildu eta ur freskoarekin bizkortzeko saiaketak ere egin ditut. Alferrik. Ez zirudien izaki hau suspertzeko biderik zegoenik. Etsita, pultsua hartzeko ahaleginak egin ditut. Ez dut ezer nabaritu eta ezin izan dut bistakoa denbora gehiagoz ezkutatu. Gizon txikia hilda zegoen. Besoetako bat tinko eta gogor zerurantz zuzenduta zuen, zerbait adierazi nahi balu bezala. Nik, bere keinuari jarraituz, Ortziri begiratu diot, azalpen eske-edo. Eta goizeko lehenengo orduetan oskarbi zegoen zerura hodei beltzak iristen ari zirela ohartu naiz, mehatxu eginez bezala.
Begirada gizontxo misteriotsuarengana zuzendu dut berriro ere. Nor zara? Zer esan nahi didazu? Nondik zatoz? Nola bukatu duzu hemen? Argi dagoena da gizontxo hau gure planeta berean bizi zela. Arraroa litzateke espaziontzi batean hondartza honetaraino iritsi dela pentsatzea. Ez badute bertan abandonatu behintzat. Ez, ziur asko oraindik ezagutzen ez dugun uharte batetik iritsiko zen. Ito egin ote da bere itsasaldean bainua hartzen ari zela? Ala norbaitek bota du uretara aspaldiko kontu zaharren bat kitatzeko?
Ez nekien zer egin. Egokiena nire aurkikuntzaren berri ematea izango zela pentsatu dut. Baina bihotzak buruari bataila irabazi eta lurperatu egin dut berriro ere. Hondarperatu, kasu honetan. Gizontxoaren erlijioan zein ehorzketa erritu jarraituko duten ez nekienez, gure erara egin dut. Eta bat-batean, hildakoa goxo-goxo beretzat propio prestatutako zuloan sartzen ari nintzela, oinetako baten zoruan zerbait idatzia zegoela ikusi dut. Hondar-pikorrek irakurketa zailtzen zuten arren, erliebean idatzitako hitza deszifratzeko gauza izan naiz: Play...mo...bil! Hitz xelebrea, ez dut sekula entzun. Segurki bere jaioterriaren izena izango da. Edo berea propioa.
Eta ez dakit zergatik, baina gogorra egin zait hilotza bertan utzi eta nire zereginekin jarraitzea. Agian misterioari azalpenik ez aurkitzeak sortu dit sentsazio hori. Ezezaguna zaidan arrazoiren batengatik hildakoa estaltzeko egindako hondarrezko hil-muinotxoa maskorrez inguratu dut. Uste dut non lurperatu dudan jakiteak lasaitasuna ematen didala. Nik asmatu berri dudan errituan murgilduta nengoela, hondarretan egindako marka batzuen presentziaz ohartu naiz. Oinatzak ziren, oinatz txikiak, gizon ilegorriaren tamainakoak-edo. Arrastoari jarraitu eta itsasertzeraino era-man naute. Gizontxoak bide hori egin ei du, baina kontrako norantzan.
Hilobira hurbildu naiz berriro ere, isto- rioa ulertzen lagunduko zidan zerbaiten bila. Eta espero ez nuen egoerarekin egin
dut topo. Hondarrezko menditxoa deseginda zegoen, maskorrak nahasiak, eta bertan ez zegoen nik mimo handiz lurperatutako gizona.
Euria tantaka hasi da bere protagonismoa hartzen eta segundo gutxiren buruan ehundaka marka egin ditu hondarretan. Benetako artelana. Zeruari erreparatu eta larritu egin naiz. Ekaitza iristear zegoen. Urduri, lekua uztea erabaki dut eta bertan ikusitako guztia ahaztea. Gero eta pauso arinagoak emanez korrikari ekin diot berriro ere. Baina ezin dut nire burua engainatu. Beldur nintzen. Norbait atzetik segika izatearen sentsazioak ikaratu egiten nau.