Article | Category | Created |
---|---|---|
AUZMENDI AIERBE, Lurdes " Mª Dolores Agirre" | EUSKAL IDAZLEEZ | 03/25/2019 08:23:50 |
Biografia
Itzultzaile eta interpretea, azken urteotako euskarazko itzulpengintzako erreferenterik garrantzitsuenetako bat da, bai bere jardun profesionala dela eta, bai eta itzulpengintzaren eta interpretazioaren didaktikaren inguruan eginiko ikerketengatik ere. Filosofian eta Hezkuntza Zientzietan lizentziaduna da, eta Euskaltzaindiak sustaturiko Martuteneko Itzultzaile Eskolan ere egin zituen ikasketak.
Harrezkero, irakasle-lana eta itzultzaile-interprete jarduna uztartzen ditu; izan ere, egun EHUko Itzulpengintza eta Interpretazioko Graduko irakaslea da. EIZIEren sortzaileetako bat izan zen, eta zenbait kargu ere izan ditu bertan, lehendakaritza tarteko (1998-2000). Nahiz eta oro har euskara izan xede hizkuntza, egin du gaztelania helburu duen literatur itzulpen eta interpretazio saiorik ere.
Era berean, ikerketa-lan handia egiten du itzulpengintzaren eta interpretazioaren hainbat alorren inguruan; besteak beste, euskal itzultzaile aitzindarien memoria historikoaren berreskuretze-lanetan ibili da, Koldo Bigurirekin batera, EIZIEk argitaratu zituen “Itzulpen Antologia” bilduman. Halaber, Administrazio Publikoetako interpretazioaren inguruan ere badihardu.
Bestalde, aipagarria da Senez aldizkarian egin duen lana, dela artikuluak idazten, dela erredakzio kontseiluko kide gisa. Gainera, hamaika kolaborazio eta artikulu argitaratu ditu, batik bat aldizkari espezializatuetan.
Aipamen eta sari bat baino gehiago jasoak ditu bere itzulpenengatik, batik bat haur eta gazte literaturaren alorrean.
Bestalde, 2010-2012 bitartean Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuorde izana da