A.Zaldua /Zumarraga
Bihar, 19:00etan, Ilunabar Literarioaren 10. edizioa egingo dute Antion. Urretxu, Zumarraga eta inguruko herrietako literaturzaleek parte hartuko dute.
Ohiko moduan, beraien testuak irakurriko dituzte. Gainera, Iñaki Zubeldiaren Euskaldun bat Marten lanari buruz hitz egingo dute. Solasaldia Joseba Peña idazleak gidatuko du. Liburu hori 1982an argitaratu zen eta euskal literaturako zientzia fikzioko lehen lana da. Bestalde, Deiane Morenok film labur bat aurkeztuko du eta Karmele Igartua bekan sarituak izan direnek beraien lanak irakurriko dituzte. Gainera, Ainara Maiak bere olerki liburu berria aurkeztuko du.
Amaieran, mokadutxo bat egiteko eta elkarrekin hitz egiteko aukera egongo da. Antolatzaileek goierritar guztiak parte hartzera gonbidatu dituzte.
Ilunabar Literarioa Bergarako Idazle Eskolako ikasleen ekimenez antolatu zen lehenengoz, eskolako Luma Berrien Eleak aurkezteko. Ordutik, Idazle Eskolako eta Urretxu eta Zumarragako idazleen eta literaturzaleen topagunea bilakatu da.