Ausardia handia behar da edozeinen aurrera agertu eta hitz-jarioan biluzteko, batez ere jario horren diskurtsoak ezer berririk ez diola beldur bazara. Oraingoan ordea hala erabaki dudalako, irakurketaren eta idazketa sortzailearen plazeraz arituko naiz, Bergarako Idazle Eskolari nire esker ona azaltzeko bestetarako balio ez balezake ere. Seguru asko, hau irakurtzen ari denarentzat egia jakina da irakurtzea (eta idaztea) atsegina dela. Baina, adibidez, beste inongo asmorik gabe eta “bakarrik” udan irakurtzen dutenak ere badirela jakitun, ea inori irakurketa berrietarako (eta idazten jartzeko) grina pizten laguntzen diodan, bada. Bergarako Idazle Eskolan aritu naiz azken bi ikasturteetan. Goierritarra dugu bertako zuzendari eta arduradun nagusia. Idazle Eskolari buruzko nire jakin-mina berari aipatu izan ez banio, hark ez luke ni animatzeko aukerarik izango. Beraz, ni ez nintzateke inoiz inguratuko Eskola horretara, izen baino gehiago adjektibo potolotzat ikusten nion “Idazle” horrek beldurtzen ninduen eta. Bi urteko graduondokoa da. Bergarako UNEDen egoitzan izaten dira klaseak larunbatero eta informazio oso-osoa ieskola.asmoz.org eta idazten.com webguneetan duzue. Zergatik eman nahi dizuet ezagutzera Idazle Eskola? Bada niri, irakurle bai baina literatur-genero jakinetara bakarrik eta batez ere autore mugatuetara hurbilduz bizi nintzen honi, mundu ezezagun mugagabe bat zabaldu didatelako bertan. Bai irakurzaletasunari dagokionez eta baita ere, idazten irakatsi didatelako. Horretarako ordea, garrantzitsuena, nire gabeziak antzematen lagundu izana eskertuko diet: irakurle naizen aldetik zaletasuna idazle askorengana zabaldu didatelako eta batez ere, zer nola idatzi behar ez den jabetu naizelako. Bi gauza ikasi ditut betirako Bergarako Idazle Eskolako irakasleei (idazleak dira guztiak) eta pedagogiari esker: Bata, irakurtzeari lotuta. Literatur-genero guztiak landu ditugunez (nobela, ipuina, poesia, antzerkia, iritzi-artikuluak…), niri sekula burutik pasatuko ez litzaizkidakeen obra eta autoreak irakurri ditut eta horietako batzuk mesanotxean ez bada, eskura izango ditut gertu betirako. Bestea, idazteari dagokiona. Orri zuriaren sindromeari aurre egiteko teknikak irakatsi dizkidate: nork esan behar zidan niri, zer ziren ere ez nekien idazketa fragmentarioak sortu nitzakeenik edo poesian ere saia nintekeenik, adibidez? Pentsa, iritzi-artikuluak idazten ere ari naiz lotsagabe-lotsagabe eta! Eta bide batez, zeharka, lanean ohikoa dudan idazketa profesionalerako premietan lagundu didate, noski. Eta azkenik, denetan hoberena: berealdiko lagunartea osatu dugu ikaskideon artean. Harremanetan segitzea erabaki dugu, hilero geure buruari etxeko-lanak jarri eta Bergaran elkartuz. Literatur-zaletasunak (norberak bestearengandik zein baino zeinek desberdinagoak ditugunak) elkartu gaituztenok, eguneroko bizitzaz ere oso eroso aritzen garelako kontu kontari. Bi urteko larunbatetako aurrez aurreko presentziaz gain, norberaren idatziak guztiokin partekatuz elkar ezagutu dugulako eta batak besteari ekarpenak egitea, bukaerarik gabeko aberastasuna dela ikasi dugulako. Ezer gutxitaz izaten du batek iritzia argi eta garbi eta nik zerua topatu dut Bergarako Idazle Eskolan. Horixe adierazi nahi nuen. Gainera, nire esperientzia zoragarri honen antzekorik bizitzera animatu badut norbait orain, pentsa!

Kristina Fernandez Irudiak

ENTZUKETAK

BABESLEAK

Laguntzaileak:

  orkli