micro1.gif
       {play}luma6_21.mp3{/play}
 zubeldia_19.gif  
 
IRAGARRITAKO HERIOTZA
Beroak betaurrekoak lurrindu dizkio. Hala ere, ez du bururik altxatzen lapiko paretik. Makarroiak desegiten ari dira denbora luzean sutan egon ondoren. Eltzean jira eta bira dabiltza, Anek eskuetan duen egurrezko koilararen etenik gabeko mugimenduaren eraginez. Ostrukak lur pean nola, hala ezkutatu du Anek bere burua eltzearen hondoan. Bitartean, Alex, kanpin denda prestatzen ari da eta Anek ez du bere lana mutilagunak baino lehenago amaitu nahi.

- Zer moduz doa afari hori maitea? Sabelean katu bat urrumaka dudala dirudi- esan dio Alexek txistu eta kantu artean. – Berehala egongo da prest- erantzun dio Anek makarroi urtuei begira. Sua itzali eta ura xukatuz platerera bota du pasta zuria. Prestatu dituen makarroien antzera ikusten du Anek Alexen eta beraren arteko harremana: deseginda. Duela bi urte sugeak txoria bezala liluratu zuen biologo xaloak, gaur, ez dizkio sabeleko tximeletak dantzan jartzen. Lo daude tximeletak. Ez erlearen ziztadak eragindako zirrararen antzekorik, ez eulia larruazalean pausatzean sentitzen den moduko kilimarik, ez irribarrerik, ezta negarrik ere. Bien arteko maitasunak bizirik dirauela erakusten duen zantzu txikiena ere ez du sumatzen Anek. Gainera, Alexek animaliekiko duen zaletasuna nekagarri egin zaio aspaldi honetan. Ezin du jasan bizidun horiek denbora luzez behatzeko duen joera aspergarria, bi matxinsalto ugalketa prozesu bete-betean ikusi zitueneko hartan bezala. Gorroto ditu maiz esaten dizkion “hartz-nagia banintz ere munduaren amaieraraino joango nintzateke zurekin” edo “zuregatik, balea hilko nuke txankletaz” bezalako esaldi mengelak. Dena den, Anek bigarren aukera bat eman nahi dio bien arteko harremanari, eta horregatik onartu zuen Alexek Iratiko oihanean asteburua igarotzeko egin zion proposamena.

Afaltzera eseri direnerako erabat ilundu da eguna. Alexek bi kopetako argi atera ditu motxilatik. Argiari eskerrak Anek eta Alexek ezin dute elkar begiratu, min ematen baitiote elkarri begietan. Bakoitzak bere makarroi platerean du arreta jarrita. Baina bat-batean, kla! kla! entzun du Anek. Kla! eta kla! berriz ere. Intsektu batzuen hegalek bere kopetako argiaren gainazalaren kontra talka nola egiten duten sentitu du. Kla! eta kla! ostera ere. Erasotua sentitu da, eta zakar, lurrera bota du bonbilatxo lazoduna. Alexek bere kopetakoa eskuetan hartu du erasoaren egilea identifikatzeko esperantzan.

- Hara!- esan du ozen Alexek pozik. Anek, jasan duen erasoaren zergatia jakin nahi du noski, baina badaki ezer galdetzea Alexek biologo moduan dituen dohainak erakusteko beste aukera bat ematea dela. Ezin izan dio ordea jakin-minari eutsi: - Zer da?- erori da azkenean.

- Lamprys noctiluca batek egin dizu eraso. Ipurtargi ar batek alegia. Eta horrek badu bere azalpena. Ipurtargi arrek bioluminiszentzia, edo garbiago esanda, berorik gabeko argiarengatik lokalizatzen dituzte ipurtargi emeak. Beraz, emeek euren adbomeneko azken hiru segmentuetan dituzten milaka fotozioren bidez sortzen den argiari esker ugaltzen dira ipurtargiak. Ondorioa: Zure kopetako argia ipurtargi emea zela pentsatuz etorri dira horrelako abiadan ipurtargi arrak-. Ane, pixkanaka-pixkanaka, hegalen mugimendua geldotzen ari zaion ipurtargi arrari so dago. Alexen eskua sorbaldan pausatzen somatu du gero. – Gustura egon zaitezke, gutxitan izaten da ipurtargi bat ikusteko aukera esan dio goxo Alexek neskalagunaren begirada goibelaren kausa hiltzear dagoen ipurtargia dela pentsatuz. – Gustura...?- jarraitu du Anek aho txikiarekin. – Gaur egun ipurtargi bat ikustea zorte handia da. Azken urteetan asko urritu dira. Gure kopetekoak bezala, argi gehiegi dago gauean eta horrenbeste argiren artean, arrek ezin dituzte emeak aurkitu. Ezin dira ugaldu. Ipurtargiak agortzen ari dira-.

Hitz horiekin batera lurrean dagoen ipurtargiak azken kolpea eman die hegalei. Alexek oraindik Aneren sorbaldan du eskua. – Iragarritako heriotza ipurtargiena! Anek atzamarrez zulo txiki bat egin du lurrean. Ipurtargiaren gorpurik sartu gabe estali du ostera.

 

 

Kristina Fernandez Irudiak

ENTZUKETAK

BABESLEAK

Laguntzaileak:

  orkli