Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
Aukera aparta
IPUINAK. ANTOLOGIA BAT  Iban Zaldua  Erein, 2010
li35    
pdf    

Badira hogei urtetik gora idazle donostiarraren lanak argitaratzen hasi zirenetik. Geroztik hainbat liburu kaleratu ditu  alor desberdinak landuz, hala nola ipuinak, eleberriak, saiakerak eta haur literatura. Halere, ipuingintza da urte hauetan guztietan gehien jorratu duena, esparru honetan euskal letren erreferenteetako bat bihurtzeraino, hainbat sari ere eskuratuz.

“Ipuinak. Antologia bat”azken hogei urteetako bere ipuinen hautaketa bat da. Bertan hogeita hamabost ale bildu ditu, horietatik lau gaztelaniatik lehen aldiz itzuliak. Gainera, antologia ixteko bi ale berri ere gehitu ditu, ipuingintzaren dodekalogo bat, eta atzeko azalean agertzen den azken tanta.

Autoreak berak sarrerakoan honakoa argitzen du: «Ipuinei ezarri diedan ordena ez da kronologikoa, baina ezta ausazkoa ere. [...] Saltoka edo beste edozein ordenatan leitu daitezke ipuinok, beraz, nik neuk irakurri ditudan antologia gehienetan egin izan dudan bezalaxe». Zalduak emandakoari jarraitu diot nik eta hastapeneko istorioetatik egiten du laburtasunaren eta zehaztasunaren defentsa, alegia, ipuinaren aldeko aldarria.

Hortik aurrera, eta batzuetan elkarren artean nahasten direlarik, esango nuke bizpahiru gai handiren inguruan dabilela gehienetan. Alde batetik, pertsonen arteko loturak egongo lirateke. Hemen sar daitezke familiak, jatorriak edota iraganak markatutako kontakizunak, esate baterako, ‘Sofarena’ironikoa, non ikusten baita gaztarora-edo lotzen gaituzten berezitasunak ezin ditugula aldendu. Kexatzen gara zerbaitez, baina aldi berean beharrezkoa dugu aurrera egiteko. ‘Itzalak’ izenburuko ipuinean ere guztiak gaudela nolabait lotuta ikusi ahal da, eta arrazoi politiko edo ekonomikoen gainetik, giza harremanak direla lotura horien faktore nagusiak.

Beste aldetik, errealitatearen eta fikzioaren arteko eremu nahasgarrian kokatzen diren ipuinak topa ditzakegu. ‘Aldatzen den gauza bakarra’ederrean errealitatea fikzioari gailentzen zaio, eta ‘Duvrescurena’ deiturikoan asmatzen dugun orok baduela bere benetako gertaera, beraz, ez dugula benetan ezer asmatzen, guk hala uste arren.

Azkenik, linealtasuna, monotonia edo egunerokotasuna dira ukitzen dituen beste kontzeptu batzuk, eta horiekin hausteko nahia edota beharra. ‘Entropiarena’n horrelakoetan haustura tarteen egokitasunaz dihardu, nahiz eta jakin gizakia ohiturei lotutakoa dela eta beharrezkoa duela linealtasun hori. ‘Zen’izenekoan, egunerokotasunean murgiltzean denboraren pertzepzioak nola egiten digun ihes kontatzen du, baita errealitatearenak ere.

Bukatze aldera, ezin aipatu gabe utzi ‘Ipuin osoak’irakurtzean sortzen den irribarrea. Antologia bat osatzeak, bizitzaren amaiera gertu dagoela pentsaraz dezake, zahartzaroarekin lotzen dugun kontzeptu bat bezala ikusten baita. Kasu honetan, ironiaz beteriko kontakizunean barre egiten dio ideia horri. Gainera, berak esana da baduela beste bi liburu sortzeko adina material. Ez da, beraz, ezeren bukaera, garaiz datorren atzera begirakoa baizik.

Oraingoz bere obra ezagutzen ez duenak  bertara hurbiltzeko aukera bikaina du liburu honen bidez. Oso prezio duinean gainera, berau argitaratzeko erabilitako poltsiko-formatuari esker. Ez dago aitzakiarik.

Iban Balerdi