Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
Ikusten ez denaz
OSPITALEKOAK  Mikel Antza  Susa, 2010
li26  
pdf  
«Oraindik ez zarenean zutitu bizitzeko,  alferrikakoa da esertzea idazteko». Thoreauren aipu hau agertzen da liburuaren  hasieran eta badirudi autoreak ere hauxe izan duela gogoan hainbeste urte literaturatik aparte xamar ibiltzeko. Gogotsu bueltatu dela ere esaten du, Mikel  eleberriko pertsonaia nagusiaren eskutik. Edo hori iruditu zait behintzat. Ez  baitago oso argi zenbait zati egiazkoak  ala asmatuak diren.

Izan ere, idazle orok erabiltzen du nolabait bere errealitatea sortzen hasten denean. Kasu honetan, argi dago parte bat benetakoa dela (Mikel preso dago Fresnesen,  lehen aritua da idazten, donostiarra da...)  baina ez dakigu noraino. Beste parte bat,  ordea, fikzioa da. Nahasketa hau nahita  egindako zerbait dela pentsa daiteke, izen  ezaguna izatearen faktorea jolasteko erabili duela, besteekiko jakin-minak zenbateraino harrapatzen gaituen erakutsi nahi  izan duela; eta honek, irakurtzen ari zaren  bitartean zalantzarik eragin dezakeen  arren, amaiera aldera askatzen ditu korapiloetako batzuk. Ondo borobildutako bukaera iritzi diot gainera, ondo egindako  bideak merezi zuenaren tamainakoa.

Liburua bikotekideari idatzitako kronika moduan dago egituratua. Protagonista  espetxeko ospitalera eraman dute osasun  arazo txiki bat konpontzeko, baina ezustean, gurpil aulkian ibili beharrean aurkitu  du bere burua eta bertan ekingo dio idazteari. Gertakizun desberdinen berri emanez, kapitulu batek hurrengoari egiten dio  bidea, hau da, ideia batekin bukatzen badu, hori lantzen du datorrenean, orainaldiko eta iraganekoak nahastuz. Bizitzari  errepasoa ematen dio, jaiotzea, erdi ezkutuko ikastolako egunak, gaztaroko printzak, atxilotze bezperako oroitzapenak  edota kartzela barruko bizipenak kontatuz. Horrez gain, beste zenbait pertsonaiaren berri ere ematen digu, hala nola 36ko  Gerran borrokatutako Xabier gudaria eta  Veronique, Dimitri eta Jean Noel-ek osatzen duten hirukotea. Hauek guztiak ere  garrantzitsuak dira nobelan, Mikelekin lotura dutelako ospitaleratze garaian zehar.

«Hor kanpoko munduarentzat ez gara  existitzen; egunero La Coupole-n, Boulevard-ean edo Zazpi Kaleetako edozein tabernatan eguerdiko kafetxoa hartzeko  ohitura duen hiritar arruntarentzat ikusezin gara, ozeano sakonenetako izakiak bezain». Ikusten ez den mundu bat deskribatzen du, espetxe barruko mundua. Alboko  unibertso honi buruzko hausnarketak egiten ditu, guztia zein estua den edo zenbateraino dagoen programatua egunerokotasuna. Estatuak eta sistemak nola  erabiltzen duten kartzela jendea isilarazi  eta norbanakoa akabatzeko. Krimen perfektu gisa deskribatzen da, komunikabide  gehienetan oihartzunik izango ez duena,  presoak bere buruaz beste egiten duenean  ez omen dago-eta hilketarik.

Gaur egungo bizimoduaren abiadurari  buruz ere egiten du gogoetarik. Hain azkar bizitzeak egoerak modu orokorragoan  ikustea eragozten digu, eta egiten dugunaren zentzuaz ez dugu hausnartzen.  «Mundutik isolatzeko gaitasuna dutenez  gain, ermitauek eta kartzelan bakartuek  dute soilik denbora halakoetarako». Paradoxa galanta, existitzen ez direnek indar  gutxi baitute ezer aldatzeko.

Gustura irakurtzen den nobela iruditu  zait, harrapatzen duena eta zer pentsatu  ugari ematen duena. Literaturari ale berriak emateko moduan dagoela erakutsi  du Mikel Antzak hainbeste urteren ondoren.

 

Iban Balerdi