Erabiltzailearen balorazioa: 0 / 5

Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 

 

aiora    

Sarrionandiaren beste sormen-lanak

Idazle ez ezik, itzultzaile oparoa da Joseba Sarrionandia. Edo, zuzenago esatearren, birsortzailea, ez baitu itzulpen zurrunik egiten. Hori dio Aiora Jakak, hark euskaratutako lanei buruz egin duen tesian: “Sarrionandiak esan izan du itzultzaileak aurreko lana bereganatu eta bertatik sortzen duela. Jatorrizko egilea eta itzultzailea maila berean jartzen ditu”. Autore honen bestelako ikuspegi bat azaleratu du Jakak, euskaratu dituen testuetan jarrita fokua; 50 bat jatorrizko hizkuntza identifikatu ditu. Itzulpenari buruzko gogoeta eta itzulpen-praktika Joseba Sarrionandiaren lanetan du izena tesiak; Jaka da itzulpengintza-ikasketak zein -doktoretza UPV/EHUn egin dituen lehen pertsona.

Sarrionandiak idazle banaren lana oinarri hartuta itzulitako lau liburuak (T. S. Elioten Lur eremua; Samuel Taylor Coleridgen Marinel zaharraren balada; Manuel Bandeiraren Antologia; eta Fernando Pessoaren Marinela), askotariko iturriak baliatuta osatutako lau antologiak (Izkiriaturik aurkitu ditudan ene poemak; Hezurrezko xirulak; Galegoz heldutako poemak; eta Hamahiru ate. Umore beltzaren antologia) eta aldizkarietan euskaratuta argitaratutako beste zenbait testu solte izan ditu aztergai UPV/EHUko hizkuntzalariak. Kasu horietan guztietan, euskara da xede-hizkuntza; jatorrizko hizkuntzei dagokienez, berriz, 50 bat zenbatu ditu Jakak, eta, beraz, nabarmena da zubi-hizkuntzak baliatu dituela tartean, bide osoa egiteko.

Itzulpena ala originala

Jakari zaila egin zaio itzulpenen eta idazlan originalen artean muga ezartzea, Sarrionandiak berak ez baititu bi egiteko horiek bereizten: “Sorkuntzazko deitutako bere lan horietan ere itzulpen handia dago”. Horren adibide da Narrazioak, autorearen liburua. “Hor badago Itzalarekin solasa izeneko ipuin bat. Itzala agertzen da Elioten poema bat errezitatzen, eta euskaraz errezitatzen du. Beraz, hor ere egon da itzulpen-saio bat. Autoreei erreferentziak ez ezik, itzulpenak ere askotan tartekatzen ditu”, dio.

Kontrako bidea ere egiten du sarritan idazleak, apokrifoen bitartez: “Itzulpen moduan aurkezten dituen bere poemak dira. Fikziozko autore bati egozten dio egiletza”. Esaterako, Jakaren ustez, Izkiriaturik aurkitu ditudan ene poemak liburuko Mohammed Al-Kali poeta ez da erreala, eta harenak omen diren poemak Sarrionandiarenak dira: “Mohammed Al-Kali egiazkoa izan daitekeela sinesten duzu, baina arakatzean ikusten duzu ezetz, fikziozko pertsonaia bat sortu duela. Sinesgarritasun handia ematen dio”.

Lan originaletan itzulpenak eta itzulpenetan lan originalak tartekatuta, badirudi Sarrionandiak adierazi nahi duela dena dela sortzea, ez dagoela zertan bereizi testu batzuen eta besteen artean. “Esaten du: ‘Zer diferentzia dago nik itzuli ditudan poemen eta nik sortu ditudan poemen artean?’. Azken finean, sortzen ari garenean ere, zerbaitetan oinarritzen gara; aurretik irakurri dugun guztian”, azaldu du Jakak.

Horregatik guztiagatik, Sarrionandia itzultzaile postmodernotzat jotzen da tesian. Izan ere, Jakak itzulpengintza postmodernoari egotzitako ezaugarriak bat datoz autorearen lanetan identifikatutakoekin. Modernismoaz gaindi dago, beraz, ikertzaileak adierazi duenez: “Itzulpenaren teoria modernoetan oso garbi zegoen zer zen jatorrizkoa eta zer itzulpena: jatorrizko egileak argi zeukan zer esan nahi zuen, eta egin behar da deszifratu eta beste hizkuntza batean eman. Teoria postmodernoek, berriz, esaten dute jatorrizkoak ez duela zentzu finko bat, irakurketa bakoitzean aldatzen dela. Modernismoan hierarkia zegoen: jatorrizkoa da handia eta itzulpena da kopia. Postmodernismoak, ordea, maila berean jartzen ditu jatorrizko egilea eta itzultzailea. Sarrionandiak hala ikusten du”.

Postmodernismoan, lehenbizikoa

Gainera, lehen euskal itzultzaile postmodernoa da Sarrionandia, Jakaren ustez. Horixe ondorioztatu du, euskarazko itzulpengintzaren historia ere aztertu baitu, Leizarragaren Itun Berritik hasita. Hitzaurreek eman diote horretarako aukera, hor ikusi baitu, modernismoari jarraiki, euskal itzultzaileek “barkamena” eskatu ohi zutela ia, testu originala ukitzeagatik. Gainera, sentitzen zuten itzulpena justifikatu egin behar zutela: testu klasiko bat dela eta euskaraz ere behar genuela; fidelak izaten saiatu direla, baina gauza batzuk aldatu behar izan dituztela, euskara idatziak tradiziorik ez duelako…

Ikertzailearen arabera, Jon Mirande eta Gabriel Aresti dira “ikuspegi berritzailea” ematen lehenak. Autoreok eragina dute Sarrionandiarengan, baina berak gauzatzen du ikuspegi postmodernoa, benetan: “Eskimalak, tuaregak… itzultzen ditu, berdin zaio obra klasikoak diren ala ez. Gainera, lehenengoa izan da garbi adierazten ez dela fidela; lotsarik gabe itzultzen eta birsortzen duela; eta nahi duelako egiten duela”.

Egileari buruz

Aiora Jaka Irizar (Donostia, 1982) Itzulpengintzan eta Interpretazioan lizentziatua da. Gidor Bilbao Telletxea UPV/EHUko Euskara eta Eleaniztasuneko errektoreordearen eta Letren Fakultateko irakaslearen zuzendaritzapean idatzi du tesia, bai eta fakultate horretako bertako Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketak Sailean aurkeztu ere. Ikerketa nagusiki Euskal Herrian egin badu ere, bederatzi hilabeteko bi egonaldi egin ditu Concordia Unibertsitatean (Montreal, Quebec, Kanada) eta Konstantzako Unibertsitatean (Alemania). Gaur egun, UPV/EHUn ikertzaile dihardu du Jakak.

UPV/EHUko Komunikazio Bulegoa