Begira Irudia: Lina Bo Bardi
Irudia: Lina Bo Bardi
Begira, ez al dituzu ikusten 
poeta abrigu eroriak, 
zokoratzen direnak 
kolilla lurrin eta alfonbra terziopelozkoetan.
 Neuk ere halakoa dut ahotsa, 
marruskaduraz betea 
arranguraz higatua, 
eta zauriak bezain labainkor haragiztatuak
 begi bi elkarri iltzatu.
 Begira, ez al dituzu ikusten 
korapilo deslotu arinak, 
gezi sabel zulatu eta leunean direlako.
 Neuk ere halakoa dut ezinegona,
gorpu zorduna,
 tentelaren eztula 
eta bakardadea kea bezain oparo,
 ispilua itzal. 
Begira, ez al duzu ikusten 
aztarna hegodun basatia 
ihes doana 
errota-haizearen gurpil herdoil eta zornean. 
Neuk ere halakoa dut zilborra, 
elur mortua 
berun nigan 
eta fedea etxetik kanporanzko irribarrea, 
edo hotzari beldurra. 
Begira, ez al duzu ikusten 
nire miseriaren ezkila 
bistan esperantza zorrotza
 kiribilka zaudela 
atertze zorion oinordekoetan. 
Neuk ere halakoa dut azala, 
morkotx iragan dardara 
ortzadar mingotsa 
eta burezurra gazela jauziaren pare. 
Begira, ez al duzu ikusten 
hizkuntza erre etorrikoa, 
xehetzen zaituena
 lixiba zuri eta mihise tolestuetan. 
Neuk ere halakoa dut ametsa, 
androide datukaxa bi 
app goratuak 
eta maitasun kalte aktualizatuak 
zaharberritu arren edoskitu ezin. 
Begira, ez al duzu ikusten 
iragan kamuflatu iruditezkoa, 
zilegi zen harrezkero 
kolunpio amarru hodeietan.
 Neuk ere halakoa dut haurra, 
etorkizun bide samurra, 
okertze patu inuzentea 
eta ahots bakarra durunda lokartzeko. 
Begira, ez al duzu ikusten 
esan ezin dizudana 
baizik gorroto dudana hainbeste ezinagatik. 
Neuk ere halakoa dut harria, 
taupada izoztua 
logale inurria 
eta ernatze bakarra begietatik begietara. 
Begira, ez al duzue ikusten 
garenaren ederra, 
nahiz eta malkoz lehertu egunsentia.
	
