Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
jaikoarenbila.gif  

 

JAINKOAREN  BILA

Herenegun goizetik maitea zen hila. Kalera irten nintzen jainkoaren bila. Etsiturik nenbilen. Maitea ohean, zuri-zuri, gogorturik; eta, jainkoa, auskalo. Telefonoen listinean begiratzen aritu nintzen, ordu pare bat bai, eta ezer ere ez. 

Politikoak-eta bezala ezkutuko telefonoa izango zuela pentsatu nuen, baina ezinezkoa zen. Nor eta jainkoa. Izan ere hari tokatzen zitzaion jende arruntaren zerbitzura egotea, eta, hortaz, telefonoa edonork eskuratzeko eran izan behar zuen.

Eskailerak korrika jaitsi nituen, denborarik ez galtzearren, pentsatuz, bada, jende diruduna bezala, kafetegiaren batean izango zela, gin-tonik bat hartzen.

Ezkaratzetik atera orduko konturatu nintzen zaila izango nuela helburua lortzea. Inoiz jainkoarekin egon gabe nengoen, ez nekien nolakoa zen: ez nuen inoiz haren argazkirik ikusi. Egia esan, ez nekien non aurkitu ere.

Entzunda neukan toki guztietan zegoela, eta dena ikusten zuela; bera, ordea, ez zen ikuserraza, ez. Zer egin eta, Artzain Onaren katedralera joatea otu zitzaidan, han ostatu hartzen zuela ere entzunda baineukan. Kide batek, behin, kontatu zidan, igandetan, bisitatzera joaten omen zitzaizkiola hainbat atso, eta bizpahiru agure. Denbora sobera izaten dute horiek.

-Gai honetan, sexuarenarekin bezala gertatu zitzaidan gurasoekin. Ez zuten hari buruz inoiz hitz egiten, eta jakin, nekien guztia lagunengandik, eta telebistatik aterata nekien-. Horrexegatik nengoen galduta, benetako lagunik ere inoiz ez bainuen eduki. Telebista, ere zuri-beltzekoa besterik ez adin nagusitasunera heldu arte.

Hogeita hamar pauso neramatzan, gutxienez, Urbieta kalean, lurreko harlauzen ertzik zapaldu gabe. Maniatxoak. Kalea luzea zen, eta banekien ez nuela lortuko plazaraino heltzea, halakoren baten, tarteko lerroren baten gainetik igaro gabe. Baina saiatzen nintzen, norbaitek, pasaran, arraro samar begiratzen ninduen arren.

Erakusleiho zabal batek atentzioa eman zidan. Bortizki. Hemezortzi telebista, denak irudi berdina igorriz, denak ahots berdinaz, ozen, belarriak zulatzen ari zitzaizkidan. Han zegoen jainkoa. Anaia Handia bezain handi. Txundigarria zen. Ezin nuen jasan.

Niri begira zegoen, mehatxatzaile, pantaila guztietatik. Ez nion ulertzen, baina begietatik sartzen zitzaidan, sarkor, eta zentzuen eremu guztia betetzen zidan.

Han zegoen Jainkoa, huraxe izan behar zen, hain izugarri, aurrez aurre, eta, ni, haserre nengoen berarekin, kasurik ez baininduen egin, maitearen heriotza zela eta.

Bat-batean sartu nintzen. Senak agintzen zidan. Ezin nuen beste ezer egin. Eskuineko apala gainean zegoen teleskopio handi bat hartu eta, jabearen harridura aurpegiaren aurrean, telebisten kontra bota nuen, izugarrizko apurketa sorraraziz.

Hura zen zarata. Jainkoak jakingo zuen, hemendik aurrera nirekin txantxa gutxi behar zuela. Hura zen txinparta, su eta ke nahastea. Apalategi osoa goitik behera etorri zen, segundo batzuen buruan. Telebistak, lurrera. Pantailek eztanda egiten zuten, beirak, milaka zatitan trixkatzen zirela.
Atzetik heldu ninduen jabeak.

-Zer egin didazu? –Zer egin dizut? –Zer egingo dizut? Denetarik esaten zidan, aztoraturik. Ez zitzaion ezer ulertzen, benetan, irain batzuk ezik. Ostikoka hasi zitzaidan, jainkoaren bizkartzaina edo izango balitz bezala.

Mina ematen zidan, nahita; halere, ulertzen nuen, hark ez baitzeukan jainkoa eta nire arteko aferan zerikusirik. KK “kalte kolateral” bat besterik ez zen, gure arteko liskarrean. Horregatik ez nuen neure burua babestu. Masailean, bularrean, potroetan eman zidan, baina niri axolarik ez. Bera defendatzen bakarrik ari zen; nik, ostera, helburua beterik naukan. Jainkoari eraso nion. Libre sentitzen nintzen, eta berdin zitzaidan edozer gertatuta ere.

Polizia autoen frenatze zaratatsua sumatu nuenerako, dendariak, kolpeka, burezurra kraskatu zidan, eta konturatu orduko, batidora batez, garuna irabiaki bihurtzen ari zitzaidan.

Hil aurretik, ordea, lurrean nengoela, oraindik martxan zegoen telebistan ikusi ahal izan nuen jainkoa, berriro, lehentsu bezalaxe, hitz eta mehatxu eginaz. Begira-begira neukan. Niretzako, irribarrez ari zela nire egoera ikusirik.

Orduan konturatu nintzen entzunda nuela jainkoa betierekoa zela, hilezkorra. Beti ere, nola nahi ere, iraun egiten zuen horietakoa. Gripearen antzekoa zela.
Ni ez, ordea. Garuna birrindu zidanetik gutxiago, gainera.
Iñaki Odriozola 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago