Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
Abesti bat

7k1385Ilustrazioa: Kristina Fernandez

- Joder! Sekulako ekaitza dator, eta ni hemen, kotxean, etxerako bidean; kaka zaharra!

- “Brrrrum!”.

- Ai ama!

Entzun da. Ikusi ez. Zerurik gabe gaude, lainoek zanpatu baitute, hamaika bider entzuna daukat. Zein den laino mota honen izen zientifikoa, baina memento honetantxe ez dut gogoan. Euskal Telebistan eguraldia aurkezten duenak horrelako fenomenoren bat iragarri behar duenero argi baino argiago azaldu arren, begi-bistakoa da ez dudala barneratu. Hala ere, ondo ulertu banion, hamar laino mota omen daude; eta horixe da burura datorkidana, besterik ez. Kaka zaharra! Arreta gehiago jarri beharko nuke, edota, agian, entzundakoa gogoratzeko zailtasunekin hasita nago. Hau da marka!

- “Brrrrum!”.

- Joder! Orain tanta potoloak. Poliki-poliki hasi arren, minutu gutxiren buruan ez dut ezertxo ere ikusiko. Haizearen abiadura handitu beharko dut, errepidea ikusi nahi badut. Nik dakidala, lau laino mota daude: laino zuriak, eguraldi onekoak; laino beltzak, ekaitza edo euriaren aurrekari; behe lainoa, lurretik oso hurbil, sarritan laino trinko edo “negu-laino” moduan; eta goialdeko lainoak, altuerako hotzarekin lotuak.

- “Riiing, riiing!”.

- Esan, maitia? Bai ondo nago, lasai! Astiro-astiro joango naiz eta, gauzak okertzen badira, gasolina zerbitzugune batean geratuko naiz dena pasatu arte edo, behintzat, baretu arte. Agur, muxutxo!

“Kontuz errepidean: euriarengatik zoru bustia dago toki askotan. Gomendatzen da abiadura gutxitzea eta distantzia mantentzea. Gidariok, arreta handiz ibili!”.

Hobe musika jartzea. “Zurekin mintzo direla diote xoriek. Esan zer kanta egin dizuten. Zein gertu gauden Sentitzen al den Amaiurren…”.

- ‘BEEEEEEP!’. Baina nora zoaz abiadura horrekin, ergel halakoa! Ez al zara konturatzen besteok motelago goazela? Kamioiaren atzean jarriko naiz, haizea mozteko eta poliki joateko. Ez, ez… honek ez du funtzionatzen, zikinkeria besterik ez dit botatzen. Gutxiago ikusten dut, eta, gainera, arriskutsuagoa da. Hobe, aurreratzen badut. Ea bada, animo neska, zuk ahal duzu eta…

“Mendikate honek lotuta. Zure zauria nirea da. Ta kantu hau biona. Itsasargia testigu da…”.

Ondo, ezkerreko erreian nago, ederki, bere parean jarri naiz, banoa aurreratzen, aurrera, ia erabat pasatu dut, bai, bai, listo! Orain eskuineko erreira berriro…

“Zeuen urratsa geurea da. Ta itzulera denona. Eta ez al gara xorieri mintzo diren xoroak”…

Aurreko kotxea zertan dabil, ezin dut sinistu, kontrola galdu du, balantzaka dabil. Abiadura motelduko dut, larrialditako argiak piztuko dituen botoia sakatu eta eskuinera joaten saiatuko naiz.

“KRAAASH!”.

Zer gertatzen ari da? Jira eta bira nabil, kristalak sumatzen ditut, buruz behera nago, buruko mina, odola dariola dut nonbaitetik, abestia “Betiko zuhurrago. Gara izango. Xoriekin mintzatuz gehiago. Gehiago…”.

Kontzertu polita izan zen. Etxekoen oparia, etxekoentzat. Plan ederra, familian egitekoa, nire nahia. Seme-alabak heltzen ari direnetik, gutxi dira batera egiten ditugun irteerak, eta hori faltan nuela jakinda, apropos egindako sorpresa itzela, zoragarria, nire plazererako.

Ilun dago. Buruak eztanda egin behar didala sumatzen dut. Odol usaina. Airbaga egundoko burukoa iruditzen zait, biguna, freskoa eta erosoa. Lo egin nahi dut, nekatuta nago, begiak ixten zaizkit. Hotza, hezetasuna, isiltasuna… nire bihotzaren taupadak kaskezurrean sentitzen ditut, baretzen doaz, ahultzen. Garrasirik egiteko kemenik ez dut, malkoak eurak bakarrik irteten dira…

Familian gaude, abesten, pozik, batera. Gerritik helduta, bata bestearen segidan, saltoka, hain gustukoa dugun abestia kantatzen “Mendikate honek lotuta. Zure zauria nirea da. Ta kantu hau biona. Itsasargia testigu da. Zeuen urratsa geurea da. Ta itzulera. Denona…”.

Itzuliko naiz?... Horixe da, orain bai, Cumulonimbus edota Kumulonimbo: Trumoi-laino handiak, euri, txingor eta ekaitzak ekar ditzaketen lainoak. Nire memoria ez da hain kaxkarra. Azken batean…

 

Idazleari buruz...

Naiara Azkona naiz, 46 urteko emakumea, ama eta irakaslea. Gustuko gauzak egiteko berandu inoiz ez omen dela diote; ea bada, lortzen dudan, behingoz, niretzat tarte txiki bat hartzea eta gogoko dudanarekin gozatzea.

Irakurtzeak betetzen nau, eta, horrekin batera, ezagutu berri dudan idazteko gogoak. Literaturaren arlo miresgarri bezain zirraragarri horretan murgiltzearen erabaki ausarta hartu dut. Espero dut, bihotzez, emandako pausoaz disfrutatzea.

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago