Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
Xomorro-Xamarrak!

7K1381Ilustrazioa: Kristina Fernandez

Hori da gure kuadrillaren leloa! Iaguztiak, internazionalak; gehienak, intsektu edo araknidoak; eta guztiak, xomorro. Larunbat eguerdietan bildu ohi gara Bergarako plazako txoko jakin batean azoka ikusteko, eta jendea eta bere ohitura arraroen inguruan marmarrean aritzeko.

Taldea guztiz inklusiboa da: Elia-Eulia, Mari-Maringorringoa, Keiko-Liztor asiarra, Hercules-Inurria, Jokin-Kakalardoa, Matxin-Ma-Txinsaltoa, Korapilo-Armiarma, Nikolasa-Pinpilinpausa, Nikola-Karakola, Haizea-Erlea, eta ni, Argi-Ipurtargia. Hamaika kide guztira. Kide, lagun, bizilagun... familia. Zer egingo luke batak bestea gabe?

Eguerdiko ordu batean, plazan, gure txokoan, elkartu gara neguak eskaintzen dituen argi izpi urrien arrantzan. Biltzeko eta barre egiteko eskubidea izan beharko genuke, baina hor daude miretsi eta aldi berean gogaitzen ditugun izakiak, bai, gizakiak... Pffff zer esan gizakiez? Horren dira handiak, baldarrak, inozoak... Lurraren, eta bide batez, Bergarako plazaren jaun eta jabe direla uste dute.

Umeak zein helduak beti bezala Nikolasa- Pinpilinpausaren hegoen koloreek lurrean sortzen dituzten itzalekin txunditurik dauden bitartean, Keikorekin guztiz kezkaturik, hor ibiltzen dira breakdance antzeko dantza batean hau urrunaraziz, edo hobeto, hau akabatu nahirik. Nikola-Karakola, noski, bi ordu beranduago azaldu da etxe guztia gainean dakarrela: dena kosmetikoz eta kremaz betea; gizakien ohiturei eutsi nahirik metrosexuala omen.

Nikola-Karakola iristean, denok pozaren pozez agurtu dugu elkar, asteburuko ohiturari jarraiki. Plazan bertan dagoen tabernako mahaietako baten azpian jarri eta ekin diogu geure jateari eta zurrutari. Nire begirada Mari-Marigorringoarenarekin elkartu denean pentsatu dut ez dagoela lagun hauek baino konpainia hoberik.

Egun hau ez bukatzeko non sinatu behar dut nik?

Eta denbora izozteaz pentsatzen ari nintzela... Krak!

Krakateko bat. Kakalardo zapaldu bat. Jokin zapaldua. Jokin koitadua. Desgraziaz ohartzean hamaika krak! Hamaika bihotz hautsi. Kalean hamaika arrisku. Xomorrook ez dugu zapalduta hiltzea merezi. Denbora erotu da, eta bat-batean, arratsaldeko zazpiak inguruan, eguzkiak alde egin eta ilundu du. Eskerrak nire ipurdiak argia egiten duen eta nire lagunak Jokinen familiaren etxera gida ditzakedan!

Momentu gogorrenetan erakusten da talde baten indarra eta lotura. Honela ba, inprobisatuz, lehenbizi Korapilo-Armiarmak Jokin bere harietan korapilatu du; ondoren, Haizea-Erleak gorpua argizariz bildu du, eta Hercules-Inurriak Jokin bizkarrean hartu eta beste xomorroekin batera Jokinen familiarenganaino eraman dugu. Elia-Eulia, Mari-Maringorringoa eta Nikola-Karakola arduratu dira notizia familian eta xomorro komunitatean zabaltzeaz, eta Matxin-Matxin- saltoak Jokin kabitzeko moduko zulo bat aurkitzean, Keikok Jokini azken haiku batzuk eskaini dizkio, kilkerrek bere hanken bibrazioaz biolina balira bezala jo dute eta nire anai-arrebek zein gurasoek ere ipurdiak piztu dituzte, momentuko iluntasuna pixka bat goxatuz.

Azkenik, xomorrook aho batez Jokin kakalardoa agurtu dugu. Plazako ibiltariak ez dira jabetu ere egin gure penaz, eta gutako beste inor krak zapaldu aurretik espaloi ertzean ilaran jarri eta abiatu gara. Jokin-Kakalardoaren omenez elkarri opatu diogu laster gizaki harro horien erraietan hartuko dugula gozatu ederra.

 

Idazleari buruz...

Stefy Ezeiza naiz, 1990ean Quiton jaio nintzen, 2008-2011 urteetan Irakasle Ikasketak egin nituen, 2012tik gaur arte irakasle gisa lan egin dut eta Bergarako Idazle Eskolako ikaslea naiz.

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago