Erabiltzailearen balorazioa: 0 / 5

Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
Biharamunak

7k1220Ilustrazioa: Kristina Fernandez

Non nago? Nire logela da. Izugarrizko buruko mina daukat, eta botagura. Jaiki egin beharko dut. Ai ama, zein da ohean nire ondoan dagoen hau? Zertan ibili naiz? Ez naiz ezerekin akordatzen. Atzo bazkaria izan genuen sagardotegian, eta gero Hernanin ibili ginen poteatzen. Eta handik Yausikara? Uste dut baietz, baina zeinekin joan nintzen? Kuadrillako gehienak afalordurako erretiratu ziren. Horraino bai, oroitzen naiz. Gero auzoko batzuekin egin nuen topo, edo lankide ohi harekin, agian? Zenbat destorni hartu nituen? Eta marrak? Zertarako hartu ote nituen marrak? Badakit ospakizun inportantea zela, baina aje hau gehiegizkoa da. Zer ordu da? Arratsaldeko seiak? Baina zer ordutan etorri gara, bada? Eta aldameneko honekin larrutan aritu naiz? Gozatu gabeko beste larrualdi bat, ez nago bada aukerak galtzeko. Egia esan, jateko modukoa dago, baina zein ote da? Ez dut esnatuko, edo bai? Gorputzagatik oso gaztea ematen du...

Ez eman buelta gehiago, egina dago, eta kito. Ez duzu erremediorik. Badirudi formaltzen ari zarela, eta aukera txikiena suertatzen denean berriz ere jausten zara. Ez duzu inoiz ikasiko, edo, agian, ez duzu ikasi nahi. Non geratu dira urte berriarekin batera zure buruarekin adostu zenituen guztiak? Zerrenda egin zenuen: drogarik ez; alkohola asteburuetan soilik, neurtuta, eta beti konpainian; sexua edan ez duzunean soilik, aurretik ezagutu duzun norbaitekin, eta inoiz ez lehenengo zitan.

Gaur, itxuran, arau guztiak apurtu ditut...

******

Ohetik jaiki zara, erdi zorabiaturik. Biluzik zaude eta komunean sartu zara, ahalik eta zarata txikiena eginez. Txiza egiten hasi aurretik ispilura begiratu duzu. Izugarrizko aurpegi txarra daukazu, zahar ikusi duzu zure burua, eta buruarekin ezetz esanda buelta hartu duzu. Dutxatu egin zara, txabusina jantzi eta sukaldera joan zara kafe bat hartzera, onik ez baino kalte egingo dizula jakin arren.

Aulki batean eseri zara, pentsakor, damututa bezala, damua lagun txarra dela jakin arren. Ongi baitakizu horrela lortzen duzun gauza bakarra gaizki sentiaraztea dela, egindakoa ezin baita atzera bota, baina ezin duzu ekidin.

Sukaldean zaudela zure ohekidea agertu da. Jantzita. Oso polita da, eta oso gaztea. Bere aurpegia ezaguna egin zaizu, baina ez zara gai esateko zergatik. Lotsatuta dagoela dirudi. «Egun on» esan dizu herabeki. Kafea eskaini diozu eta ezezkoa egin dizu buruarekin, joan beharra daukala esanez. Muxu bat masailean eman dizu eta alde egin du.

pdf2Adin kontu horrek eta zure bizimoduak buruhausteak sortzen dizkizute, ez dizute lasai lo egiten uzten. Bizipen ugariren ondoren, oraindik ere, alhadura sentitzen duzu izandako hainbat harreman direla eta. Jendarteak ezarritako konbentzionalismoen aurka gogor borrokatu duzun arren, jasotako heziketa kristaua gainetik kendu ezineko lauza baten modukoa zaizu, astuna, itogarria.

Kaleko atea itxi denean egongelara joan zara. Telebista piztu eta sofan etzan zara. Ez duzu pentsatu nahi, bizirik zaudenik ere ez duzu sentitu nahi. Eguna amaitzea nahi duzu, beste egun bat has dadila, desager dadin sentitzen duzun mina, fisikoa zein animikoa.

Goizeko laurak aldera esnatu zara sofan, telebista piztuta dagoela. Jaiki eta logelara joan zara. Orduan akordatu zara mugikorrari ez diozula egun guztian begiratu. Bezperan erabilitako jantzien artean aurkitu duzu, bateriarik gabe. Kargatzen jarri duzu, eta kargatzen hasi ahala uatsapak sartzen hasi dira. Atzo zure urtebetetzea izan zen. Berrogeita hamar bat mezu kontatu dituzu, bezperan betetako urte adina, mende erdira iritsi baitzara, ispiluak kontrakoa adierazten dizula sinetsi arren.

Mende erdi gainean, eta oraindik munduan zure lekua bilatzen zabiltza. Ez duzu inoiz egin zugandik espero zena, ezta zuk espero zenuena ere. Gauza batzuk lortu dituzu bizitzan, inportanteak; independentzia eta bakarrik moldatzeko gaitasuna, esaterako. Bakarrik bizi zara, zure gustura apaindutako apartamentuan, baina ez duzu aurkitu bidelagunik bizitza partekatzeko, edo, agian, ez duzu nahi izan, baina ez duzu hori inoiz aitortuko; inoiz ez. Ez duzu seme-alabarik, ez duzu bikotekide finkorik, etengabeko parranda batean bezala bizi izan zara, unean uneaz gozatzen, horrek aspaldian inolako zoriontasunik ematen ez dizun arren. Esan daiteke zure bizitza gehiegikeriaz osatuta egon dela, eta azken boladan lasaiago zabiltzan arren, tarteka kontrola galtzen duzu, larunbatean bezala.

Ohean sartu zara, oraindik deseginda dagoen horretan. Tabako usaina hartu diezu maindireei, aspaldi erretzeari utzi zenion arren. Begiak itxi eta berriz ere lokartu egin zara, harik eta goizeko 06:45ean iratzargailuak jo duen arte.

Jaiki, dutxa bat hartu, kafea prestatu eta gosaltzera eseri zara. Tartea erabili duzu zorion mezu guztiak erantzuteko, «milesker» eta muxu-bihotz bana bidaltzea izan da erabili duzun formula. Jantzi eta etxetik irten zara, lanera bidean. Eskailerak oinez jaisten hasi zara egunero bezala. Hirugarren solairuan zoazela bizilagun bat topatu duzu. Zur eta lur geratu zara aurpegia ikusi diozunean. Jakina ezaguna zenuela bezperako ohekidea. «Egun on» esan eta eskaileretan behera jarraitu duzu, inoiz ikusi izan ez bazenu bezala.

 

Idazleari buruz...

Eba Zilbeti Lazkano (Hernani 1968)
Ikasketez fisikari, ogibidez irakasle, etengabe ikasletzat du bere burua. Aspaldikoa du irakurzaletasuna, orain idaz- ten ikasten hasi dela dio, inoiz ez baita berandu mundu be- rriak esploratzeko.