Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
Azpiko errota 

7K1173Ilustrazioa: Kristina Fernandez

Egunsentiaren lehen errainuak. Obrako beharginak ez dira oraindik iritsi. Garabi erraldoiaren ingerada metalikoa Azpiko Errotako eraikin zaharraren ondoan ageri da, mehatxari. Eraiste bola bere beso luzetik zintzilik, haizearen menera kulunkan, Damoklesen ezpata esferikoa bailitzan. Ibaiaren joan lasaia aditzen da egitura zartatuaren ondotik, behinola errota izan zenaren xuxurla. Oasia auzune biziberrituan. Beheko solairuan badira oraindik engranaje herdoilduak, uraren bulkadaz biratzen zutenak garai batean. Soto heze ilunean errotarria, arto eta gari birrinen arrastoak agerian dituela. Kaxoi abandonatuetan ezkutatutako apaingarri ahantziak. Ahoz aho dabil galdera bera: zer irekiko ote dute bere lekuan. Aurrerabidea ate joka. Jatetxe japoniarra, taberna irlandarra edota elektronika denda dira gehien entzuten diren aukerak. Aurrerabide etengabea.

Bidearen bestaldean, bikote goiztiarra hurbiltzen ari da. Fatxadako pintura zuri zurbilari begira geratu dira, malenkoniatsu. Bere burua ikusi du Santik, laugarren solairuko ezkerrekoan lehen aldiz sartzen, bakarrik, burumakur, dibortzioaren mamua zizelkatuta oraindik. “Nolako etxea nahi duzu?”, immobiliariakoaren hitz mekanikoak. “Errietarik gabea”. Tristea egin zitzaion hasieratik etxe hura, erraldoia bere txikian. Janariak prestatzea, gelak txukuntzea, sofan nagituta egotea... bizitzaren gurpilean jarraitzea. Dena zen astuna bat-batean, egundoko esfortzua goizero esnatze hutsa. Gura gabe, emazte ohiarekin izandako liskarrak zetozkion hozka une oro, hainbeste gorroto zituenak. Nahiago zuen haien oihartzuna, aitzitik, isiltasuna baino; nahiago mina, ezereza baino. Inongo apaindurarik gabeko leiho laukizuzenetan erreparatu du gizonak; sinpleak, soilak, arnasguneak horma pitzatuaren irmoan. Bat- batean gogoratu du beldurra sentitu zuen eguna, jabetzean irribarrea atera zitzaiola, desagertzeko irrika hitsa, egongelako leiho irekiari begira.

Goiz da oraindik. Isilik daude kaleak, tantaka autoak. Aneri hots ezaguna aditzea iruditu zaio, hala ere. Egurraren kraska leuna. Agustin senarrarekin laugarren pisuko eskuinekora iritsi zenean, ez zitzaion eraikina gustatu, beti egin izan baitzaizkio desatseginak egurrezko egiturak; erraz hondatzen dira, beti da zarataren bat, edozein unetan sitsen mehatxua. Ihesean zetorren ezkon-parea, ordura arte lortu gabeko bakearen bila. Ondo moldatu ziren hasieran, ohitzen apurka-apurka oholen intziri xumeetara. Gutxira, denbora gehiago pasatzen hasi zen Agustin etxetik kanpo. Ardoaren eta izerdiaren kirats jasanezina sarriegi arnasten zen etxean; eta gutxira emakume-lurrina gehitu zitzaion usainen nahas-mahasari. Karrankak jasaten ditu zurak, baina badaki krak egiten gehiegi behartzen denean. Maletak ataurrean aurkitu zituen goiz batez Agustinek, eta Aneren aurpegi zurruna, malkoak noiz piztuko; sentipenen nahaspila emazte minduaren bisaian, usainena senarraren atorran nola. Ane ohartu ez bazen ere, bazen norbait ondoko ateko behatxulotik begira.

Batzuetan izaten da enbataren beharra, erauntsiarena; gero urak barealdira itzul daitezen. Eskua estutu dio Santik Aneri, so maitekorrez. Bere urrats bizien doinuan pentsatu du, eskailerak igotzeko moduan, sinfonia samur hartan; argi printza lau hormen leize-zuloan harrapatuta sentitzen zenean. “Zaude, jasoko dizut neuk poltsa bat”. “Jaka berria?”. “Badut ba Marques de Caceres botila bat, beti irekitzeko nagoena...”. “Mesanotxeko kaxoian gorde nuenetik, ez dut behin ere berriro eskuan hartu ezkon-eraztuna”. Kaxoi abandonatuetan ezkutatutako apaingarri ahantziak. “Ez, ez daukat larunbaterako planik”. Itsaso zabala bihurtu zen laugarren solairuko maila-arte estu hura; aingurak etenda, ur lasaietan nabigatzen zuten itsasontzi errarien solasgunea. “Nahi al duzu pasa gaua hemen?”.

Langilea garabiaren ondoan dago honezkero, eguneko lehen zigarroari hurrupaka. Zoriontsu traza hartu dio bidearen bestaldeko bikoteari. Anek eta Santik euren burua imajinatu dute aginte kabina hutsean, bolantea eta palankak gobernatuz. Supituan ohartu dira maneiatzen dituztela dagoeneko. “Urrundu zertxobait, mesedez”, aholkatu die ezezagunak, bokilla ahitua haizatuz. Tramankulura igo eta burdinazko besoa mugitzen hasi da, mantso-mantso, eraiste bola atoian. Esfera erraldoiak abiada hartu eta Azpiko Errotako bloke agortuaren fatxadaren kontra oldartu da, mila puskatan leherraraziz. Adio errota zaharra, adio engranajeak, adio errotarria, adio leihoak, adio karrankak, adio iragana. Atzean, ibaiaren emaria emaro, aurrerabide etengabean.

 

Idazleari buruz...

Iraitz Segarra Basterre 35 urteko markinarra naiz. Ingenieria ikasketaz eta hitzen korapiloetan kateatu zalea. Irakurtzea eta idaztea gustuko, bide berriak deskubritzeko asmoz eman nuen izena Bergarako Idazle Eskolan, eta banoa, poliki- poliki, errepide bizkor, estrata trakets eta galtzada harritsuetan barrena.

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago