Erabiltzailearen balorazioa: 0 / 5

Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
Kronika laburra paper puska batean 

7K1170Ilustrazioa: Kristina Fernandez

Udaberria aurreratu da aurten ere, primulak ageri dira zelai-pendizetan, aranondo japoniarrek purpura kolorez zipriztintzen dituzte etxeen arteko pasealekuak eta zozoen txilioak eta saltoak antzeman daitezke bide bazterretan. Institutuko patioan inor ez da horretaz ohartzen, ostera; begirada laburra da nerabeena: Ibraimek golak nola sartzen dituen, Aritz ligoteoan pailazokeriak egiten atzean kuadrillakoen babesa duela, neska taldeak iji eta aja... Patioko ertz batean eserita zaude zu neskei begira, pentsakor. Oraindik ere ez duzu ulertzen nola izendatu zaituzten gelako arduradun, nesken botoa ezinbestekoa izan dela dudarik ez baituzu. Kontuan hartua sentitzen zara baina, aldi berean, sosegurik ez.

Azkeneko urtean seriotu egin zara. Gurasoak banatu direnez geroztik, amaren negar-zotinak entzuten dituzu gauero; egunez, berriz, curriculuma eskuetan batetik bestera lan erreguka. Abaildua. Ez dakizu zer nahiago duzun aitarekin haserretzen zeneko irain purrustadak edo nahigabe isil hau. Ez daukazu adorerik berarekin hitz egiteko, eta hitz eginez gero ere, zer esan? Etxean lehen beste diru ez dagoela nozitu duzu eta horrek areagotu egin du zure etsipena; isilean gorde, ezin duzu beste ezer egin.

Txirrinak jo du, sartzeko ordua da. Irakasleek, atean paratuta, lurrean barreiaturik dauden plastiko, paper eta zabor guztia jasotzeko agindua eman dute. Zalaparta sortu da. - Zergatik jaso behar dugu guk? - Jaso ditzatela bota dituztenek! - Ezin gaituzue behartu! Gazteenak zaharrenei begira, haien abaroan. Paretaren kontra bermaturik, eskuak poltsikoetan daude gehienak; inork ez du imintziorik egiten ezer jasotzeko. Bost minutu eman dute horrela. Irakasleak gotortu egin dira atean, amorrazioa agerian. Berriro pilatzen hasi dira nerabeak ate aurrean. - Nik ez dut hau zertan aguantatu! -esan dio irakasle batek besteari. Ateak zabaldu dituzte. Arrapaladan sartu dira nerabeak pasilloetan barrena.

-Ez gara garbitzaileak! - Ez badut ezer bota lurrera zergatik makurtu behar naiz beste batek botatzen duena jasotzera! Ez da giro gelan. Irakasleak giroa baretu pdf2nahian esan die bilera bat egin dezatela gelako ordezkariek zuzendaritzarekin erabaki adostu bat emateko.

Zugan sentitu dituzu begirada guztiak. Taxuzko erantzun bat eta totelik gabe eman behar duzu lehenbailehen. Aritz eta kuadrillakoen presioa sumatzen duzu, desafiatzaile, moldeak apurtzeko adorea dutela jakinarazten. Ezetz eta ezetz, garbitzaileen lana dela diote. Desafioa puskatzearren, zurrun agertu nahi duzu. Ahotsa modulatzen duzu segurtasuna adierazteko eta batetik bestera azkar mugitzen zara autoestimua goian duzula bistaratzeko. Gainontzekoen iritzia jaso nahi duzula esan duzu. Barrutik borborka zaude.

Hitza gutxi hartzen duen neska batek proposatzen du gelaz gela txanda eginez garbiketaz arduratzea, denon artean zikintzen badute denon artean garbitzeko ardura ere badagokiela. Gustukoa duzu erantzuna. - Onena bozkatzea da - diozu. Parekatuta emaitza. Bilera orokorrean, berriz, txandaka garbitzea izan da adostutako erabakia.

Hilabete pasa da ordutik eta patioan lehen baino zabor gehiago dago: Askok nahita botatzen dituzte paperak, jasotzen dituzten baboei burla egiteko. Joko berri bat. Patioan ez ezik, pasilloetan ere gero eta paper gehiago agertzen hasi dira lurrean.

Zuzendariak, behin eta berriro irakurri arren, ezin du sinetsi iritsi zaion idazkia: guraso talde batek egotzi dio gertatutakoaren errua, beren seme-alaben eskubideak defendatu behar dituela eta ez dela bidezkoa zaborra jasotzera behartzea, institutura ikastera joaten direla, ez zaborra biltzera, ez dela gazteen eginkizuna eta abar eta abar. Zuzendaritzako kideak bildu ditu arazoari soluziobide bat emateko. Eztabaida sutsua izan dute: batek, irakasleen autoritateak gailendu behar duela gurasoena; beste batek, ezarritako neurriak zaborra gehiago pilatzeko besterik ez duela balio izan, jokabide maltzur bilakatu dela ikasleen artean. Zuzendariak, arazoa bere neurritik ateratzen ikusirik, berehala ebatzi du: Udalarekin hitz egingo du garbitzaile bat kontrata dezan propio paperak jasotzeko.

Tutoreak eman dizu abisua: eten egin da garbitzeko kontua. Ez dago azalpen gehiagorik. Nola esango diezu gelakideei ezer, ezer ez badakizu? Hala ere, bilera-gelara deitu duzu. Aritzen zehar-begiratuari eusteko gai sentitu zara lehen aldiz eta pozik zaude. Zapuztuta gelditu dira bera eta bere kuadrilla, ezen ederki asko ari baitziren patioan txantxa baino gehiago zen joko zikinean.

Bi asteren buruan, giroa baretu egin da; inork gutxik erreparatzen dio orain zaborrari; norbaitek garbitzen baitu eta desagertu egiten baita bistatik. Zure burutik ez, ordea. Gero eta presenteago daukazu zoazen lekura zoazela. Nahiko zenuke magoek gauzak desagerrarazten dituzten moduan zu handik desagerraraztea, hauts bihurraraztea: amaren begiekin egin duzu topo pasilloan mantal urdina soinean eta zakar-poltsa eskuetan. Burua makurtu duzu eta ahalik eta lasterren eskaileretatik behera jo duzu, nola uxatu ez dakizula, sentitzen duzun lotsa gorria.

 

Idazleari buruz...

Lucia Otero

Eguneroko zereginei eta betebeharrei
aurre egitea izan da orain arteko nire bizitza:
beti azkar, beti denbora faltan.
Erretiroa hartu eta gero, plazera da kontakizunak sortu eta orri zuri batean islatzeko denbora izatea.