Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 

Erlojua,bihotza eta burua

7k15a
   
Irudia: Kristina Fernandez    
     

Erlojua,bihotza eta buruaBi ordu baino gutxiago geratzen zitzaizkion Martini ipuina bukatu eta aldizkarira bidaltzeko. Goizeko seiak ziren eta gau osoa, ordenagailuaren pantaila aurrean, hari begira lorik egin gabe pasa zuen. Lanarekin hasi gabe zegoen oraindik eta okerrena zen, zeri buruz idatzi behar zuen arrastorik ez zuela. Bere burua ere, zuri baino zuriago zegoen.

Konturatzerako, paretan zintzilikaturik zegoen erlojuaren tik-tak-a barruraino sartu zitzaion eta bihotzarekin batera dantzan ari zen. Hip hop-a. Erritmo nekaezinak, errukirik gabe, barruan egon zitezkeen ideien apurrak desegin nahi zituela pentsatu zuen Martinek.

Ez zuen ordura arte, inoiz, ipuinik idatzi. Enkargua egin ziotenean, aukera ezin hobea izan zitekeela pentsatu zuen aldizkari madarikatu hartan lanpostu finkoa lortzeko. Eta «nola ez ba» erantzun zion eskaera maltzurra egin zion erredakzioko zuzendariorde harroputzari, ordura arte besterik egin izan ez balu bezala. Dagoeneko, damu zen. Baina zer egin zezakeen? Nondik hasi? Nola?

Ekintzetara pasatzeko unea iritsi zitzaiola pentsatu zuen. Baina, zer egin?

Aurreko eguneko egunkaria hartu zuen eta ideiak jaso nahian, komun-ontzian eseri zen, albisteen titularrek zirikatuko zutelakoan. Arazoren bat zuenean hantxe esertzen zen beti eta lehenago edo beranduago, beti aurkitzen zuen irtenbideren bat. Beti bezala, Kiroletako titularrekin hasi zen. «Andrei Amador portugaldarrak irabazi du Alpeetako lehen etapa gogorra» irakurri zuen, baina, une hartan, Martini bost axola portugaldarraren balentria. Une hartan, gainera, bere egoera Alpeetara igotzea baino gogorragoa iruditzen zitzaion. Litekeena zen Amador izerditan egotea baina bera ere hala zegoen. Izerdi patsetan. Eta?

Kirola utzi zuen. «Seme-alabei mezu positiboagoak bidalita erantzun hobeak jasoko genituzke» zioen beste titularra irakurri zuen. Titular hura ere, kiroletakoa zirudiela iruditu zitzaion, baina albistea irakurri ondoren bestelakoa zela jabetu zen. Berari, behintzat, mezu negatiboak bidali zizkiotela pentsatu zuen. Horregatik gertatzen ari zitzaion hura.

Beste titularra, «Afonia dela eta, Benito Lertxundik bertan behera utzi ditu Bilboko eta Donostiako kontzertuak». Kultura edo osasuna. Zalantza.

Martinek, buruan zeukan afonia. Ezingo zuen, hala ere, bertan behera utzi agindutakoa. Nola adierazi behar da buruko afonia? Hauxe litzateke titularra: «Buruko afonia dela eta Martin Epeldek bertan behera utzi du ipuina».

Ipuina eta lanpostu finkoa. Ezinezkoa.

Hamaika titular irakurri zituen baina ez zitzaion ezer bururatu. Bururatu, egia esan, gauza asko bururatu zitzaizkion baina ipuina idazteko moduko ezer ez. Aspaldiko kantu baten hitza izan zen burura etorri zitzaion hurrengoa, «aurrian papera ta atzean papera, periodikua letuz ilustratzen gera...» eta kantan aritu zen. Orduan ere, «Realak cuatro uno galdu zuen atzo». Besterik ez. Ezer ez!

Ez zuen han irakurritakoarekin bere irudimena zirikatu. Alderantziz, gero eta urduriago zegoen.

Kakati hutsa sentitu zen.

Dantzariek barrualdeko pistan jarraitzen zuten eta zirudienez, ez zuten dantzaldia bukatzeko asmorik. Nekaezinak ziren.

Beste zerbait egin beharra zeukan. Eta lehenbailehen gainera. Dagoeneko sei eta erdiak ziren. Ordu eta erdi besterik ez zen falta itundu zuena betetzeko. Blokeoa handitzen zihoan heinean, barneko bikotearen dantza amaiezinak bere desanimua areagotu zuen. Haien erritmoa jasanezina suertatu zitzaion. Beraien abilezia erakutsi nahi zioten. Bazirudien jeloskor jarri nahi zutela. Martini «zuk zergatik ez? Zuk zergatik ez?» kantatzen ari zirela iruditu zitzaion.

Harroputz halakoak!

Carmenekin gogoratu zen.

Telefonoa hartu eta deitu zion. Carmenek gaitasun berezia zuen egoera korapilatsuak askatzeko eta...

-Bai? –erantzun zion Carmenek erdi lo.

-Martin naun. Inoiz izan dudan arazorik larriena zeukanat eta hire laguntza behar dinat –esan zion ahal izan zuen tonu minimalista handienarekin.

-Beno, motel. Hi eta hire arazoak. Zer duk oraingoan?

-Oraingoa larria dun. Entzun iezadan, arren –eta zuzenean harira joan zitzaion–. Ipuin bat bidali beharra zeukanat aldizkarira hemendik ordubete eta gutxira.

-Eta? –erantzun zuen Carmenek.

-Blokeatuta natxion.

-Zer dun ba? –tonuarengatik, nazkatzen hasita zegoela nabaritzen zitzaion.

-Hire anaiaren ipuinen bat bidali behar didan. Badakin... publikatu gabekoren bat –esan zion normaltasun osoz, larritasuna gorde nahian-. Mesedez, Carmen...

-Zerrrrrr? –esan zion haserretzen zen bakoitzean erreak azpimarratzeko eta errepikatzeko zuen ohitura petralarekin.

-Ipuina, horixe nahi dinat, ipuina –erantzun zion ipuina hitza azpimarratuz eta ahots larriz–. Behin baino gehiago- tan esan dun milaka dituela, nonbaiten gordeta. Har ezan bat eta kitto! –bota zion haserre.

-Oraingoan, zeharo erotu haiz! Zer esaten ari haiz? –eta misterioa antzematen zitzaion tonuarekin, Martini barruan egokitu ez zitzaion zerbait esan zion–. Hi haiz eta nire anaia!!!!!

Izaskun Etxebeste Mozo.
Anoetan jaioa, 1962an. Irakasle ikasketak egin ditu.
Gaur egun, eskola txikietan dabil lanean.
Idazle eskolako bigarren mailako ikaslea.

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago