IRASTORTZA,Tere" Izateko sortu" 1. Jaiotzaz eta amatasunaz 1.1. Jaiotze urtea eta lekua. Lehen oroitzapenak Zaldibin jaio nintzela 1961ean. Neuk ere ez dut gogoan, eta ez dut gogoratzen jaioera, nahiz behin edo, eta ez aspaldi, osteopataren eskutan nire burua lagata neukala, lepo-gainean sentitu nuen, buruaren jiratzen-leun bateko instante batean, noizbait-noizbait, estuera batetik irten eta zerbaitek, argitasun batek nire begiei aurre hartua ziela. Segundu laurden horretan, lipar horretantxe, zerbaiten zantzu bat sentitu nuen eta oso lasaigarria gainera, zeren eta beste batzuetan, begiak zabaldu eta sabairen zuritasunak itsutu eta nigargurea eragin izan baitit.