URDINA
Hegoaldea, iparra, ekia zein mendebaldea, ostertzeko punta bat ala bestea berdin, babesten ditudala diotsuet zintzo . Goian edo behean, supituki edozein lekutan, ageri naiz beti, euri-jasen ostean edo lainoen artean. Nondik natorren, ez dakit; nork sortu nauen, ez dakit; baina, Urdina naizen aldetik, zerua denona dela egia da, nahiz askotan esan, hitzekoak direla Beltza eta Gorria, aitzitik, gezurti jaio zela Urdina. Gezurti izatera bultzatzen banau ene senak, ez dakit nolatan, jainkoak ditut jantzi hainbat leku eta lurraldetan: AMONek Egipton, SHIVA eta KRISHNAk Indian, ordezkaritzat hartu naute
Anttoni Lopetegi
|
ZURIA,BELTZA,...ETA BESTEAK
Bizirik ez dago, ernatzen ez bada hazia, eta, hortik datorkit niri ugalkortasuna pizteko abilezia. Arraza garbia, nahasi gabea bada aurreko hirurak bereizten dituen ezaugarria, hemen gatozkizue, azkenik, Zuria, Beltza, Berdea.-.eta ni neu, Laranja, iji eta aja. Zuria izateari utziz gero, iritsi ez nintzenez Beltzaren barrunbeetaraino, hala ere, alaitasuna dut tinko gorde, eta, orduz geroztik gaur arte, Grisa naizela errepikatu didate. Jakituria omen da bizitzaren ardatza, eta, hori aurkitu asmoz igaro ditut negu latzak; ez naiz, oraingoz, datorrenaren beldur, baina, jakin ezazue, Gris jaiota ere, zahartzaroak egingo nauela jakitun. Koloreak ez, loreak baizik, dira Lotoa, Hiazintoa eta Dalia: bizi berriaren leloa bata, gorpuzkera segailekoak besteak, adur doi eta eraman onekoak izan dira hirurak, hartu nahi izan ez badituzte ere, guk eskainitako jantzi preziatuak: Purpura, Bioleta zein itxaropen iturri den Berdea. Iritsiko da abendua/ ondoren Garizuma, eta, Ubelak, Moreak edo Bioletak, atsekabeak baztertuz, hausnarketara eramango gaitu: “Eguzki horiaren eskutik dator ISIS ederra; Egipto osoa zeharkatuz doa: hegoaldeko eremu idorretan zehar, tenplu zein basamortuak arakatuz, etengabe, senarraz galdezka, iparraldera doa. Hondar gorria lagun, maite-sua eta garra berarekin ditu; Feboren horitasunak fedea eta irmotasuna dizkio oparitu; Nilo urdinaren distirak bidean jarriko du, eta azkenean, ibai ertzeko itxaropen berdeak Zuriz jantzaraziko du. Gau ilunarekin batera ANUBIS agertuko da, eta heriotzaren morroi leialak lur ospelaren barrunbe laiotzetara eramango du. Bertan agertuko da Beltza, eta horri esker berreskuratuko ISISek bizi poza: OSIRIS maitea zain dauka.”
|