Solas eta jolas

Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
Nola goian ala behean
luma31  

Zer polita den idaztea, barreneko gogo ezezagun hori azaltzea, argitara ekartzea! Nire baitako sutondoan egon nahi dut, ... nork kontatuko dizkit ipuinak?

Sua amaitzean, gauaren epelean
Ilunaren arnasa hartu isilean

Ez naiz inoiz gauekoa sentitu, egunekoa baizik. Neskatila nintzela, herriko enparantzan jolasean gelditzen ginenean, handia bezain zabala zen gauaren goialdean irekitzen ziren izar mordoxkek liluratuta nindukatena. Goiko haien dantzak eta dirdirak poza eta babesa zekartzaten, neurtu ezineko oskol ikaragarri handia osatzen zuten, enparantzako arkupe, etxe, lorategi eta parean zegoen Aloña mendiarekin batera. Oskol haren barnea zen mundu ezaguna, derrigorrez goi ilun eta urruti hartako ispilu  izan behar zuena, parekoa.

Halaxe sentitzen nuen nik behinik behin, ziur nengoen izarretan gure antzeko mundu bat izan behar zuela, hori bai, hobetua, distiratsua eta oso argia. Hara zuzentzen ziren nire nahi eta desio oro, hara gora begira eraikitzen nituen nire argizko gazteluak, lorategiak, errekak eta herriak, funtsean hemengo jatorrizkoak zirenak, baina arinagoak, askoz ere ederragoak, diferenteak.

Hala goian, nola behean, edo alderantziz, halaxe behar zuen izan, bestela nola imajina nezakeen nik halakorik? Irudi haiek nonbaitetik zetozkidan. Izarrei begiratzeak gogoa bizkortzen zidan, eta gau oskarbietan izarrei begira egotea gustatzen zitzaidan, haien argipean paratzea, halakoetan izarrek erortzen uzten duten hauts finez blai eginda gelditu arte. Orduan nire baitan pizten ziren milaka izartxo, eta goia eta behea horrela loturik berdindu egiten ziren, eta mundua berriro osotua agertzen zitzaidan, batua, ni ere bertakoa nintzelarik, izaki guztiekin batera.

Aizkorripeko txabola batean pasatzen genituen udako egunak familia osoak, eta bertan hartu genuen nork izar-loka edo izar igarokor gehiago ikusteko ohitura. Halakoren bat ikusi ahala, berehala zuzendu behar zitzaion norberaren desioa, hura beti  betetzen zelako. San Lorentzo egun inguruko gau oskarbietan inoiz baino ugariago ohi ziren izarren dantzak eta ihesak. Gorde-gordeka edo ezkutuka jolasean ari zirela ematen zuen. Batzuek zeru zati dezentea zeharkatzen zuten abiada bizian; beste asko, berriz, kirika laburrean geratzen ziren; baziren ortzimugako ertzetan ihesaldiak egiten zutenak ere, eta beste batzuk zeru oskoleko edozein tokitik lasterka abiatzen ziren beste muturreraino.

Geroago hasi nintzen ezagutzen izar multzo ezberdinak eta haietaz kontatu izan diren hainbat ipuin eta historia. Baina horiek ez didate ezertxo ere aldatu, edozein menditan gau oskarbiari beha nagoela, hala nire baitan nola goian ikus dezakedan mundu batua, osotua, izarreztatua.

Izarren arteko mundua ez da iluna, batere ez, alderantziz baizik, oso argitsua, hemen ezagutzen ez dugun argi distiratsuaz egina dago. Ni haien arteko planeta txiki batetik nator, laranja koloreko gazta bezalako batetik hain zuzen ere; noizbait lehertu egin omen zen, nire akordio lausotuan ageri denez. Hala ere, izarrei asko begiratu behar diet oraindik gogoa azkartzeko, memoria sendotzeko, ez bainaiz gauza gehiegiz gogoratzen. Eta horixe ematen dute izarrek, norberaren jatorriaren oroimena, gogora bait dakarkigute gu nor garen benetan. Lan handia egiten dute izarrek goia eta behea lotzen eta biak bat egiten. Jakina, horretarako lotura non egin falta zaie, gutako bakoitzak bihotza ireki eta bertan bat egin dezakete zeru-lurrek, gure baitan. Horrexetarako busti behar ditugu izarren hautsez gure azal eta barrenak, munduarekin bat garela oroitzeko.

Baina oroimena erabat galdua dugu. Txikitan izar lokei egindako eskaerez ere ez gara jabetzen, txito ahaztuta dauzkagu. Izarrek, ordea, eskaera hartu eta bete egiten dute. Eta guk, orduan, ez dugu ezagutu ere egiten hartutako oparia, ez gara oroitzen guk eskatutakoa dela, eta baztertu eta arbuiatu egiten dugu askotan.

Nik nire ametsa bete nahi dut, herriko enparantzan jolasean txikitan ereindako hazia ezagutu baitut eta hartaz jabetu nahi dut. Nahiko jolas eginda gero, gauez etxera bueltatu ondoren, lotan izanik berriro plazara jo eta bertako izkina bateko etxeko balkoi puntan jarri eta sekulako bista nuen plaza osoarena. Han ikusten nuen jaiegun bateko plaza betea, eguerdi inguruan edo arratsaldean, barkilleroaren ondoan soineko zuriz jantzitako neskatila bat piruli gorri bat dastatzen, Korpusti eguna edo jaiak Oñatin, jantzi zuri ugari eta eguzki handia. Orduan balkoian zutik jarri eta hegan egiten nuen, plaza gainean hasi eta gero eta gorago eta mendi  alderago abiatzen nintzen, arranoak bezala gora eta gora. Oso erraz egiten nuen hegan, berezkoa zen, ez nuen besoak zabaldu beharrik  ere. Hegaldi zoragarri hura benetakoa zen, ez  nuen hegan besterik egiten, sentsazioa bizi eta  lurra gainbegiratu.

Herriko plaza oso handia da eta erdigunea oso berezia da niretzat, misteriotsua, eta nolabaiteko zentzu sakratua dario hain hutsik zabaltzen den gune horri. Erreka batek zeharkatzen du plazaren azpia. Gainean ospatzen dira herriko ekintzarik garrantzitsuenak, jaiak eta dantzak, eta Gabonetako zuhaitza ere bertan jartzen da, baita San Juan bezperako sua ere.  Plaza horren erdi-erdian egon izan naiz ni halako ikuskari horietakoetan, borobilean eserita beste herriko zenbaitekin izartxoak bertan landatzen, argizko haziak balira bezala; eta gero, behetik gorako sekulako argi iturri indartsua jaio da, gero eta handiagoa, zabalagoa eta sakonagoa egiten zelarik. Argi zuri horixka distiratsu haren indarra lurraren zuztarretatik zetorren eta izarretaraino jasotzen zen. Inguru osoan zuriz jantzitako jende asko zegoen argitasun zoragarri hartan bainatzen, oso lasai eta zoriontsu. Ni pozaren pozez nengoen argi iturri hura zaintzen, goiko eta beheko indarrak lotu nahian.

Nik maitagarri izan nahi izan dut beti, Peter Pan-en lagun Txintxarrik bezala urrezko hautsez ukitu eta gauzak aldatu eta bihotzetan sortutako desioei bidea eman, lora daitezen.

Gure lurra argi-iturriz erein nahi dut, sare bat osatu arte, hortik gora izarretaraino igotzeko, jatorrizko etxera bueltatzeko. Niri, besteei bezala, desioak barnetik datozkit, goitik betetzen zaizkit, eta zeruan bezala lurrean ere landatu nahi dut eguzki pilo bat, izarretako argia lurrera jaitsi nahi dut, horrela eraikitako zubitik Sortzaile Handiaren etxera iritsi arte.

Begira izarrei eta oroi zaitez ... Guztiok argi berberaz eginak gara, hala zeruan nola lurrean. Oroi zaitez zer zaren, nondik zatozen. Begira izarrei, egin eskaera eta gero jaso. Ni orain banoa, Txintxarri zain daukat, argi iturrietan teknikari izateko oraindik klase asko falta zait.

BABESLEAK

Laguntzaileak:

  orkli