ZIRRARA
Maitemina: “pertsona batenganako sentitzen dugun
Aparteko maittasun zirrara” (adorez 4)
Berdea mendazko muxu batekin
hasten da,
eta bizi,
euri ondorengo garo artean,
lili zurtoin moztu berrian,
edo udaberri oro ernaltzen den
erreka ondoko sahatsean
bizi da;
arnasa bat da
mintz guztiak ernetzen dituena;
usai bat da
airea eroale duena;
zentzumenak esnatzen dituen
ukimena da,
bustia, goxoa, lotsagabea,
lizuna izaten dakiena;
xuxurlak maite ditu berdeak
eta erpintzen diren laztanak
eta ferekak ezpain barruetan.
Eta telefono hariak maite ditu
eta telefono hariek maite dituzte
berdean datozen hasperen eta muxuak.
Absolutua da amodio berdea,
eman ahala, den dena jasotzen dakiena.