Poesia

Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
 
 
 
AIZKORRIKO MARATOIA (Bertsoak) 
 
DOINUA: Nere gorputza dardarka daukat 
 
 
 
 

I 

Negu gorria izan da aurten
hotza, elurra, trumoia,…
ta arratsalde hits batez neure
buruarentzat pregoia:
“kirol munduan eta mendian
oraindik ez duk jo goia,
ezberdina den zerbait egin zak
apurtu ezak gidoia,
hik aise daukak horretarako
beharrezko den sasoia,
nahiz eta jaso jipoia,
edo musukatu lohia.”
Gogoak hankei ipini die
betebehar erraldoia:
udaberrian korrituko dut
Aizkorriko maratoia.


 

 II

Erabakia hartu orduko
gorputza hasi zait dantzan,
ta prestaketa bilakatu da
lehentasuna bizitzan.
Lana amaitu, bidegorrira
egunero otzan-otzan,
zenbat itzuli burutu dudan
ezin dut zehazki esan,
baina sinistu garai honetan
ez direla gutxi izan…
Zaku bat jausten den gisan,
erreta, ohean etzan,
egun askotan errutina hau
nahiz ta ezin dudan jasan,
aurrez sufritu behar da gero
denborak irents ez nazan.


 

 

III 

Hainbat astetan itxaron dudan
une handia heldu da,
tropel honetan egote hutsak
badauka bere lilura.
Igarotako neke ta penak
etortzen zaizkit burura…
Aurkari askok nahiz eta beha
zorrotzez nauten ingura,
nik gaur neronen buruarekin
soilik izango dut guda.
Tiro ozena zerura,
hartu dut abiadura,
dena iragan bihurtuko da
sei, zazpi, zortzi ordura,
bilakatuko al dut oraingo
irteera hau helmuga?


 IV

Neure burua ondo kokatu
behar dut ahalik lasterren,
indartsu noa, jarraituko dut
aurreko tropeltxo baten…
“jendea uste nuena baino
bizkorrago doa hemen!”
maldak esango digu ordea
bakoitzak zein maila duen…
hiru Aquarius, laranja erdia,
eta txaloak Otzaurten…
Ordu t´erdian Aratzen,
baina hasi naiz beldurtzen,
hasierako malda hauetan
nahiz ta dotore nabilen,
ez ote naiz ba guztiz erreko
berotzen hasi baino lehen...


 

Dagoeneko lehia honetan
badaramatzat ordu bi,
oharkabean heldu naiz Sancti
Spiritura urduri.
Ametsetako aldapa bortitz
zerura bideko zubi,
bihotz-taupadak bizkortu dira
bidea ezker-eskubi,
burutik nekez joango diren
lagunen mila irudi,
“Aizkorri eta Aitxuri,
bertan zeudek, eta! Mugi!”
izerdi tantek irentsi duten
malko lodi bat isuri,
hegorik ez dut soinean baina
hegan noala dirudi!



VI 

Harriartea lehenaldi da
gailendu da belardia,
ta zapaldu dut amesten nuen
alfonbra berde garbia.
Mendi erraien negar bailitzan
errekasto jostaria,
garai batean neretzat zena
zapaburu biltegia, (hiltegia?)
orain korrika zeharkatu dut
paradisu orlegia.
Haurtzaroko irudia,
ederra, ederregia,
berbera zara, garai batean
jaso ninduen kabia,
baina nik begi ezberdinekin
behatzen zaitut Urbia.


 

VII 

Lasterketako zati handi bat
utzi dut jada atzean,
argi printza bat ikus daiteke
Andraitz gaina igotzean,
Zegama hurbil sumatzen baita
haranaren bihotzean…
Ziztadak belaun aldean eta
ziztadak izter ertzean,
gogortasuna ez da samurtu
beherako aldatsean.
Orkatila okertzean,
guztiz ito naiz trantzean,
“eutsi goiari, gutxi falta duk,
berehala haiz etxean!”
Poza ta mina nahasten dira
pauso txiki bakoitzean.


 

 

VIII 

Hortzak estutu eta helmuga
lortu arte ez dut etsi,
sailkapeneko nere postua:
ehun eta hogeita zortzi,
hiru ehun pasa irten garenez,
“ondo zegok, ez duk gutxi!”
Sano heldu naiz, hori lortu dut,
erronkak ez nau irentsi,
ta kirol orri pertsonalean
lerro ederrak idatzi.
Aterik ez dut nahi itxi,
eta bide honi eutsi,
gogoz erronka berrien bila
hasiko naiz bihar, etzi,
hurrengo urtean apustu, baietz
aurtengo denbora hautsi!


 

 

 
 
 

BABESLEAK

Laguntzaileak:

  orkli