Eta den guztia gobernatzeko afanean
Eta den guztia gobernatzeko afanean,
eta denbora bera ere gobernatu gura honetan,
|
zatitu egin dugu
zartatu, urratu, eten,
zauritu arte
bizitza.
-Atzo eta gaur eta bihar
eta lehen eta orain eta gero-
Dikeak eta dikeak
erreketako uretan
pilatu nahiz bizia;
zementuak eta zementuak
mendietako lurretan
zeharkatu nahiz espazio guztia;
orduak, minutuak,
segundoak, segundo milarenak
geratu nahiz denbora;
baina urak joan nahi zuen
eta mendiak geratu
eta denborak izan, une guztietan.
-Atzo eta gaur eta bihar
eta lehen eta orain eta gero-
eta gerorako bizi bagara
atzotik gatozenak,
garenean dago, noiz gabean, izatean
denbora bakarra,
atzokoa eta biharkoa:
denbora guzti-guztia.
Eta dike gabeko ur emarietan
eta hesi gabeko lur sailetan
eta mugarik gabeko denboretan,
eta zerua zeharkatzen duen
enara beltzaren hegaletan.