Narrazioak

Irudiak: Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Luma berrien eleak 10.zenb.
Luma berrien eleak 10Zenb.
Irudiak:Kristina Fernandez
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
urbieta_12.gif
 
BOST MINUTU

Metroa berandu zetorren. Xan Martingo geltoki heze eta ilunean bakarrik. Eskumuturreko ordularian hamarrak eta hamar. Carlak, noizbehinka, eskubikoari ere erreparatzen zion. Ez zuen argi gorririk erakusten. Isilik zegoen; lasaitasunaren seinale. Puntako teknologia eskumuturrean lotua. Beste pultsera Andresek zeukan, bere senarrak, atzo goizean, aterpetxetik atera aurretik, kentzen saiatu zena. Hilabete da jarri ziotela eta oraindik ez du trikimailurik asmatu. Azken egunetako intentoak gehiago izan dira. Ala--baina, lo egiteko ere ken ez daitekeen metalezko lokarria bere horretan utzi du, argi gorriaren beldur. «Eugeniok lagunduko dit» eta txikitako lagunarengana jo du. «Tailer bat dauka eta zerbait makinatuko du».

Carla, aldiz, goizean etxean zen.

Ganbaran orduak ematen ditu, etxean ipini behar zituzten altzairu zaharrei hautsa kenduz, edo eta kutxa zaharkituan dituen pitxi, oroigarri nahiz aspaldiko lagunen postal eta eskutitzak irakurriz.

«Zure eskutitzik ez, Markos. Ezta zure postalen arrastorik ere. Ez dakit non dauden, edo baziren ere. Gure maitasun istorioaren hasiera postal batean harrapaturik geratu zen. Kilometro batzuk zapuztutako maitasuna adierazteko modu labur, sinple eta mimatua nuen hura, Salamancatik bidalia, ikasle garai haietan».

«Hasieratik erori zinen hitz goxo haien artean, ohearen bakardadean behin eta berriro irakurtzen zenituenak; horrela imajinatu nahi zintudan, behintzat. Ni, aldiz, uneoro zure erantzunaren zain ninduzun, kilometro madarikatu haiek gaindituko zituen postalaren esperoan, maitasun keinu baten itxaropenez».

«Ez zen inoiz iritsi».

«Nire postontzia bankuko agiriez eta propagandez aisa bete ohi zen ‘propaganda no, gracias’ ohartxoa jarri arren. Aitzitik, desiratutako eskutitzez inoiz ez».

«Eta, halako batean, urte batzuen buruan, Madrilen elkarrekin bizi ginen hartan, urrutiko parajeetan zenbiltzan postaltxoa ailegatu zen: aurreko aurpegian hondartzako palmondoak zeru urdinari begira; atzealdea hitz bakar batzuez zizelatua, urruntasuna are gaindiezinago bilakatuz. Zure udako oporraldia zen, ondorengoetan ere errepikatuko zenuen Cariberako bidaiaren lekuko».

«Etxera itzultzean, zerorrek bidalitako postaltxo hauek ere jasotzen zenituen, nik eztiki idatzi eta eskainitakoekin batera, sekretupean gordeak agure ginenerako, bilobei erakusteko-edo ».


«Ganbara ezkutu honetan idatzitako hau ere kolekzio horri gehituko diozulakoan nago, bildumaren bukaera aldean; izan ere, gaurko hau nire azken postala duzu, gure maitasun istorioari amaiera ematen diona».


Ez zion inoiz bidali. Bere bizipenak gorde ohi zituen kutxa zahar hartan jaso zuen azken postal hura, bere lagunen postal eta eskutitzen alboan, diarioaren orrietan ezkutatua, beldurraren beldurrez.

Pausoak eman nahi eta ezin. Esaterako, gizarte laguntzaileak hustu eta beste auzo batera aldatzeko esanagatik ere, ez du etxea utzi. Lantegi zaharreko zikoinek tximiniko habia bezala maite du Carlak bere etxea. Udazkenarekin Afrikarako bidea hartu dute gehienek, bikote batek izan ezik. Azken egun hauetan, hauei begira igaro ditu Carlak goizeko lehen orduak.

Gaur ere, kalera irten aurretik, prismatikoak hartu ditu. Ondo bereizten ditu: arrak moko okerra du, emea bereganatzeko borroka sutsuaren ondorio; emeak, aldiz, aurtengo umaldian bat bakarra izan du, lehenengo hegaldi saiakeran, kumea habiatik erori eta lantegiko txatarra edukinontzian lurperatu zena. Harrezkero triste gelditu da zikoina ama, eta bere lagunak maitasun dantza bitxiak eskaini arren, tristeziak jota, ahuldadeak hartu du. Ezin dute Afrikarako bidaia burutu. «Asteak dira ez dela mugitu ere egin». Prismatikoak tximinira zuzendu... «oraindik lepoan dauka lokarria». Coca-Cola latak lotzeko plastikozko eraztuna da, habia konpontzeko erabili zuena; eta, orain, airea lapurtzen diona.

Zikoina arrak utzi dio dantzatzeari eta bere moko okerrarekin, hor dabil, urka-soka eten nahian. «Nik nire ezkon-eraztuna komuneko zulotik bota nuen». «Eskumuturreko metalezko lokarriaren truke, Carla».

Hiru hilabete Madrilgo epaile gorenak tratu txarrak jasaten dituzten pertsonentzat babes-sistema berri eta moderno hau onartu zuela. Esperientzia piloto programaren barruan sartu zituzten, Carla eta Andres. Senarra ez gerturatzeko neurria zen. Ospitaleko larrialdi plantan sartu zutenean, Carlak ez zuen oraindio konorterik galdu. Aurreko zauriak sendatu zizkion erizain berberak askatu zion korapiloa, arnasa estutzen ari zitzaion senarraren gorbata gorria. Epailearen neurriak zioenez, bostehun metro errespetatu behar zituen senarrak, gainerantzean txibato gorriak saltatu eta polizia alertaraziko zukeen.

Bost minutuko atzerapena nahikoa izan zen, Carla geltoki zaharkitu hartako bankuan eserita, atzetik itzal batek harrapatu zuenean. Ahoa estali zion, eskuarekin.

Han zegoen. Metalezko eskumuturra ezaguna zuen. Borroka saio amaigabeari ekin zioten. Carlak poltsan zuen espraia gogoratu zuen. Udalak antolatutako autodefentsarako ikastaroko aholkuak jarraitzeko ahaleginak ere egin zituen, geltoki isolatu hartan inor ez zegoelakoan, ordura arte inoiz dantzatu ez zuten amodio-gorroto tango piezarik odoltsuenean arrotz hura agertu zen arte.

Bi aste igaro dira harrezkeroztik. Orain, Madrilgo epaitegiko areto nagusian dago Carla, epailearen galdeketa zain. «Urtetan ganbarako kutxan gorde ditudan diarioko sekretuak kontatuko dizkiot berorri, epaile jauna». Senarrarengatik malkorik ez. Kazetariak kanpoan bilduta daude. Fiskalak, aldiz, egunkaria irakurtzeko tartea hartu du. «Bista ona dut, behintzat urtetan zikoinekin hobetu dudana», gogoratu du Carlak.

Berriak hala dio: «Gizon bat hilik aurkitu du metroko zaindariak, Xan Martingo geltokiko arrailen artean». Aurrerago eskumuturreko sistema berriak huts egitearen zergatiaz ari da, nik neure buruari ere egin diodan galdera bera: «adituek diotenez, lurrazpiko garraiobide sareetan eskumuturrekoaren alarmak ez du funtzionatzen, koberturarik gabe geratzen baita». Aurreneko orrialdera itzuli da fiskala, eta titularreko letra larriek kolpatu diote Carlari aurpegian. «Punta-puntako teknologiari boikot».

Arantza Urbieta Aranzasti

BABESLEAK

Laguntzaileak:

  orkli