Narrazioak

Irudiak: Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Luma berrien eleak 10.zenb.
Luma berrien eleak 10Zenb.
Irudiak:Kristina Fernandez
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
   
pdf    

 

BOGARTEK BAZEKIEN 
Nire begien distiran, zoriontasuna igar zitekeela esan
zidan. Ilea aspaldi urdindua dudan arren, hamabost urteko neskatxa uzkurtua izan nintzen; niretzako lorerik geratzen ez den negutegian.

Eskolara elkarregaz joandakoentzako bazkaria antolatu zuen Udalak. Artxiboetatik datuak atera, eta bakoitzari gonbidapena heldu zitzaigun etxera. Nik ez nuen joateko asmorik.

Rosik deitu zidan, joan behar nuela,  ederto igaroko genuela; beti nenbilela  ernegatuta eta haserre. Ez zitzaidan gustatu lagunak nitaz horrelakorik esaterik;  horregatik joan nintzen batik bat.

Beldur apur bategaz joan nintzen hitzordura: eskolako lagunak, gehienak urte askoan ikusi bakoak, ia ezezagunak. Agerreko Humphrey Bogart etorriko ote zen jakin gura nuen.

Senar eta seme-alabei jai hartuko nuela jakinarazi nien; egun batez sarjento barik egon beharko zuten. Bakean.

Berrogei bat bildu ginen bazkaritara: entremesekaz batera hasi ginen, zertan geunden berdin eta zertan ez. Ai gure
Bogart! Gaztetan esan ez ziona esatera ausartu zen bat baino gehiago. Nik begietara egin nion, besterik ez.

Umetako oroitzapenetan murgildu ginen. Aspaldian sentitu bako bizipoza igarri nuen barruan. Dena hautsia eta hutsa zen garai hartan, ilusioz bizi ginen, barrez. Barrabaskerietarako astirik galdu barik.

Gurago nuen antzinako kontuei buruz hitz egin; izan ere, nire bizitzako egunik zoriontsuenak ordukoak izan baitziren. Ez nuen gura inork nire egungo kontuei buruz galdetzerik. Gezurretan ez dakit, senarra, seme bi eta alaba ditudala baino ez nuen esango.
 
Esan gabe utziko nituen begiak ixten ditudanean gogoak hurbiltzen dizkidan kontuak: Lanari ez diot inoiz beldurrik
izan, hogeita bost urte luzez ibili nintzen bulego batean; ardura handidun karguan, jende asko kudeatu beharra nuen, nire lana  estimatzen zutela uste izan nuen, inoiz esan ez bazidaten ere.

Familiaren beharrizanei erantzuteko utzi nuen lana.  Zortzi orduko lana utzi nuen, nire denbora guztia familiakoei
eskaintzeko. Ni bezala jokatu duen emakume asko dago, besteak dira-eta lehentasuna.

Ez dut esango behartuta utzi nuela bulegoko lana, barnetik sentitu bainuen, laguntza eske zeuden ingurukoen alboan egoteak on egingo zidan. Emakume moderno estresatuaren uniformea erantzi, eta nire etxeko andrea izatea amestu nuen. Senarrari otorduak presioko eltzerik barik atondu; seme-alabakaz solasaldiak izan, koskortuak baitziren ordurako.

Ama zahartua nuen, ez zen bakarrik moldatzen. Seme-alaba bi ginen arren, neuk hartu nuen etxean. Berarentzat logela atondu, eta ezer gutxigaz zen gure ama zoriontsu. Bulegoko lana uzteak amagaz gozatzea ahalbidetu zidan. Erabat asetzen ninduen urteetan lanean gogor ibilitako emakume hark zahartzaroa soseguz bizi ahal izatea.

Bigarren platera amaitu genuenerako, denok ari ginen berbetan. Ezer berezirik kontatu ez arren, gustura sentitzen nintzen, eta besteek ere itxura hori zuten. Agerreko Bogarti ere egin nion berba, azaleko kontuak, baina ausart. Nor eta ni gizon haregaz berbetan!

Amari begiak itzali zitzaizkion egunean, inguruan nuen zabor guztia ikusteko gai izan nintzen. Urte asko igaro dira ordutik, eta ez dut gainditu. Amama egindako ama hark ematen zidan niri bizipoza. Galera honek biderako lagunik barik utzi ninduen.

Ogia erosita etxera sartzeak itolarria ematen dit, ez naiz inor etxean. Seme-alabakaz ezer gutxi daukat, ez didate aditu nahi, senarrak ihes egiten dit. Hala ere, otorduak eguerdiko ordu bietan eta gaueko bederatzietan, ez du inork huts egiten.

Kafeagaz batera etorri ziren gizonezkoentzako kopa eta txokorra. Garai berrien alde egin genuen, emakumeok ere,
likoreren bati leku eginez. Bazkaloste alaia genuen, dantzarako musika jarri zigutenean. Gure garaikoa gainera: kopatxoa edanda nengoenez, Bogart atera nuen dantzara. Ez zituen ahaztuak valsa, pasodoblea eta gainerakoak.

Gustura genbiltzan antza, ez baikenuen bikote aldaketarik eskatu. Dantzak eskaini zigun isolamenduan, esan nion
bai, nire berri. Elkarri esan ez geniona ere gure artean lotu zen.

Gure jaia amaitzera zihoan, proposamena luzatu zuen Arzubiko Felixek: Udalaren ekimena geure egitea, eta urte- ro antolatzea elkarregaz egoteko eguna.Beraz, hurrengo urtean elkar ikusteko ilusioagaz amaitu genuen ospakizuna.

Pozik egoteko gai nintzen, egia izango zen orduan, distira berezia dutela nire begiek: Inork begietara egin ezean, nola erreparatu?

Etxera heldu, eta lehenengo gauza horixe egingo nuen: ispiluan nire poza erakusten zuen itzala igarri, eta bere lagun egiten saiatu.

BABESLEAK

Laguntzaileak:

  orkli